Ur Apalategi
Ur Apalategi (Paris, 1972) idazleak Beterriko liburua aldizkarian esandakoak:
Literatura sariak
Niretzat sari bat ez da egia literarioa, argi eta garbi. Saria epaimahai konkretu baten iritzia da, une konkretu batean. Jolas sozial serio baten moduan hartzen dut. (...) Niretzat ez dago egia objektiborik literaturan eta absurdoa iruditzen zait literaturaren inguruan lehiaketa egitea. (...) Sari batek badu garrantzia eta badu oso funtzio sozial garbia: Irabazleari jendearengana iristeko erraztasuna ematea. Alde horretatik, sariek funtzio hori betetzen dutela uste dut.
Euskadi Sarietako epaimahaikide
Paradoxa irudituko zaio, beharbada, jendeari nola onartzen dudan Euskadi Sarien epaimahaian bigarren urtez parte hartzea. Oso sintzeroki esango dut, lehen urtean parte hartzea onartu nuenean, kuriositate hutsez egin nuela. Hain zuzen, kritikatu egiten nituelako sariak eta ikusi egin nahi nuelako nola funtzionatzen zuten barrutik. Ni egon naizen bi urteetan behintzat, oso modu garbian eta demokratikoan, inolako eraginik jaso gabe, epaimahaiak erabaki duela iruditzen zait. Ezin dut ezertan kritikatu sariaren funtzionamendua.