Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Gure blog literario bakarra

Gure blog literario bakarra

gabiria 2006/02/20 09:10

Ostiralean Blogak eta literatura hitzaldia egin zen Donostian, eta zain nago interneten ere ager daitezen han esandakoak. Ez nintzen joan, ez ordea interes faltagatik. Niri ere deitu zidaten hitzaldi horretan parte hartzeko, baina ezetz esan nien, hori ere ari bainaiz ikasten.

Beraz, ez neukan asmorik gai honi buruz idazteko ere, baina joandako astean zerbait harrigarria gertatu zen euskal blogosferan, eta horrek eraman nau testu hau idaztera. Kontua da pasa den astean sortu zela euskal blog literario bakarra, eta hori zen esan nahi nuena: blog literario bakarra dugula, eta gainontzeko guztiak, nahi dugun izen eta abizenekin, izan daitezkeela literaturari buruzko blogak, idazleek idatzitako blogak edo nahi dugun guztia, baina bakarra ere ez dela blog literarioa: hain izen ponpoxoa duen zerarik ez dago euskal blogosferan. Edo bai, orain bai: ostiralean, Luistxo Fernandezek Estilo ariketak bloga sortu zuen, gogo biziz irakurri nituen lehenengo hiru "post"-ak, eta egiaztatu nuen susmatzen nuena: blog literarioa dela, petoa eta bakarra.

Aurretik eman zen beste saiakera bat, nahiz eta hura ez zen bloga izan, Koldo Izagirre nobela bat idazten saiatu zenean denen bistara, internet bitartez eta jendearen iritziak jasoz. Ez zen bloga, baina antzeko zerbait bai. Baina gero, blogak sortu, eta horrelako zerbait egiteko bidea inoiz baino errazagoa izan denean, inor ez da ausartu. Ulertzen dut, beste alde batetik: nik neuk ez nuke zoratuta ere idatziko nobela bat jendearen aurrean.

Hain zuzen ere, eta blog literarioaren definizio arin eta birritan pentsatu gabeko bat egin beharko banu, horixe dela esango nuke:

  1. Sortu ahala, jendearen aurrean publikatzea.
  2. Osotasun bat daukan obra bat publikatzea, dela nobela, poesia, itzulpena edo dena delakoa.
  3. Testuaren tripak erakustea.
  4. Ez derrigorrez, baina interesgarria da autoreak berak testu horri buruzko argibideak ematea; zergatik jarri duen hau edo bestea.

Beste adibide bat Markos Zapiain filosofoaren Etakideen ametsak izeneko sail harrigarri eta flipantea da. Bere horretan hartuta, hori blog literarioen barruan sartuko nuke.

Luistxok oso argi esan du zein izango den bere blog sortu berriaren helburua: "Pixkanaka testu horiek pikatzea erabaki dut, eta blog probisional honetan itsatsiko ditut. Hemen geratuko dira nire itzulpen saio horiek, kontestuan jarrita beste bertsio batzuekin. Amaitzen dudanean transkribatze lana, ez da beste post-ik izango". Nire ustez, planteatu duen helburuarekin soilik, blog literario baten definiziora (nire definiziora, hori ere eztabaidagarria baita) asko hurbildu da Luistxo: testuak dauden bezala transkribatzea, testuak kontestuan jartzea eta blog hori soilik testu horietarako erabiltzea.

Merezi du Luistxok Estilo ariketak blogean argitaratzen dituen testuen irakurketa patxadatsua egitea, ez soilik itzulpengintzan saiatu nahi duen edozeinentzat duten interesagatik, ezpada literaturan saiakerak egin nahi dituenak ere bertan klabe asko topatuko dituelako, testuen sorreraz.

etiketak: Hara-honakoak
balaklaba
balaklaba dio:
2006/02/21 15:22

Ez daukat putaidearik ze kristotaz ari zareten baina badirudi Zinea bigarren gerrateko filmetara murrizten ari zaretela. Eta bigarren gerrateko filmak, amerikano eta alemanetara, eta hauek on eta gaiztoetara; irabazi eta galtzera.

Literario hitzaren anbiguetatea ez da zirraragarria, beraz zergatik ez ditugu gauzak argitzen? Urtean gizaki batek endakitzenbat tona zerrikeria pilatzen du bere auzoko kontenedorean, baina oraindik ere gai da, interneti esker, beste hainbeste zabor pilatzeko bere blogean. Honi kiratsa dario, Andereak, hau kaka da. Kaka zahar haundi bat, oraindik kea dariola.

Batzuek konpresak gordetzen dituzte, eta beste batzuek ortzadarrak eta maitearen begirada. Linuxaren ikaragarrizko abantailak hemen, eta pedante onanistak zodiakean han. Hau zorakeria bat da, eta gu, tratamentu profesionalei uko egiten diegun eskizofrenikoak. Horrela ez gara sendatuko, baina bitartean, hemen jarraituko dugu Diogenesenak eta bi pilatzen.

Esan bezala:

kaka zahar haundi bat da hau , Jaunak. Eta dena guretzako da. Dena-dena guretzako.

Blogak. Zaborraren literatura.

Julen
Julen dio:
2006/02/20 13:16

Bale, baina Bertan Bilbo nire blogaren atal bat baino ez da: atal horretan ahalegin literarioa dago, baina nire blogak, osotasunean, ez du aparteko ahalegin edo asmo literariorik, eta hori da diferentzia, nire ustez: "Estilo ariketak" blogak hasieratik amaierara daukala ahalegin literarioa.

Osotasunean asmo literarioa duen beste blogik ez dago, literaturari buruzko blogak beste kontu bat direlako eta idazleek idatzitako blogak beste bat.

Jozulin
Jozulin dio:
2006/02/20 19:25

Niri esaldi honek ditu dit arreta:

"...lan hura ez dut berriro galdu nahi paperetan. Googlek aurkituko ahal du nire lana eta bere zerbitzarietan gordeko betiko!"

Eternitateaz ari dela, alegia...

Magabila
Magabila dio:
2006/02/21 01:32

Beste maila batean, baino...

literaturaren pariak gaituk, okerrenak, txarrak, guetto-tan elkartzen gaituk...

Magabila
Magabila dio:
2006/02/21 01:32

Gu ere bizi gaituk!

patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/02/20 20:35

"Blogak eta literatura", Iturrirenean.

gorka autobonboan
gorka autobonboan dio:
2006/02/20 20:26

Nireak zure kondizio horiek agian beteko ditu, zeuk esan... Agian literatura izen handiegia da baina... ez dakit...

(...baina bisitak zenbat igoko diren, hori bai badakit, zeren Queneau bada blog literario bakarra, zure hau da euskarazko irakurrienetarikoa!)

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/02/20 12:10

milesker, julen, amets bakarra gelditzen da nik dakidala, antton ihartzegarairen bigarrena

laster, beraz, etakideen 21 ametsak izango dira sarean

Luistxo
Luistxo dio:
2006/02/20 13:05

Eskerrik asko aipuagatik. Baina euskaltzainerako proposatu ostean, lartxo ez ote da esparru honetan bakarra neu izatea. San Frantziskoko zure mezuek ere mereziko dute, bada, izenlagunen bat, ezta?

Zapiainek esan zigunaren parte bat jaso du gaur bere blogean (baina askoz dibertigarriago egon zen zuzenean). Iban Zalduaren eszeptizismoa ere jasoa dago Volgako batelarienean: testu hori irakurri zuen, dialogo eran, moderatzailearen laguntzaz.

Baina egia da, bost blogista egonda mahaian, mahainguruan emandakoaren berri espero zitekeela blogosferan.

Queneaurekin sosiuz egingo dut aurrera, baina egingo dut.

Asier
Asier dio:
2006/02/21 14:29

Dana dala, literatura zer dan, beronen zein jenero den autentikoena (poesiari eta ipuinei ekitea ei da orain benetako literatur zale garen seinale)eta beste batzuk argitu beharko lirateke, argitzerik badago. Orain inguruan ditudan ikasleak ere, poeta hutsak dira, metafora metaforaren gainean erabiltzen baitute (erdaraz gehienetan): Kaka/Kakazaku/kakajale hutsa zara zu...

mahen
mahen dio:
2006/02/21 12:29

Julen "bakarra" esateak kriston arriskua deko, bakarrak diren gauza gitxi ezetan dodaz eta beraz, uste dot, zihurrenik norbait egongo dala zure hitzak bere lanantzako harrikadalez hartuten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.