Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / San Frantzisko (III)

San Frantzisko (III)

gabiria 2006/02/16 09:12

Garai batean hau zer izan ote zen ezin da erraz asmatu. Gaur ikatza baino ez da, ilinti gutxi dago azpian. Alferrik begiratzen diezu San Frantziskotik beherantz, Ibaizabalerantz doazen kaleetako etxeei, hango koloreei. Alferrik, halaber, San Frantzisko kalean, Bilbo Zaharrerantz hurbiltzen zoazela, sozialistek antzina beltzean hartu zuten etxeari, jarri zizkioten apaingarri eta harrizko loreei, atariko beirateko inskripzio zaharrari, jada inork ere begiratzen ez dien horiei. Zelan imajinatu zer ote zen San Frantzisko monasterioa, grabatuen arabera izugarria zena, parean jarri eta begirada-kolpe bakarrarekin osorik ez harrapatzeko modukoa.

Apenas gogoratzen dudan zer izan zen 83ko uriola Bilbon. Nire herrian bai, gogoratzen dut: jaitsi Plazakoetxera eta erreka errepideraino heldu zela akordatzen naiz, lurrazpiko pasagune osoa urak hartuta, eta harantzago txaletetako teilatuak, gainean jendea. Antza, orduantxe etorri ziren ijitoak San Frantzisko ingurura, uholdearekin batera. Herrietako erreka bazterretan jartzen zituzten kanpamenduak urak eramango zituelakoan, hona etortzeko baimena jaso ei zuten. Arturok kontatu dit garai zaila izan zela hura auzoarentzat, ijitoak Gorte kalean instalatu zirenean eta etxe-sail osoak erabiltzen zituztenean droga saldu eta txutatzeko. 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, zenbait urtez, legerik gabeko kale bihurtu zen hura. Drogak ez zeukan inongo presentziarik kalean, ez zen ikusten, dena etxeetan egiten zen eta.

Gero magrebdarrak etorri ziren, gero beltzak. Eta orduan, Urtzi Urrutikoetxeak "Auzoak" liburuan dioen moduan, "afrikarrak heltzen hasi... eta konturatzerako, akabo arazoa". Bai: orain, drogak presentzia handiagoa dauka kalean, baina saltsak gutxiago dira. Afrikako iparraldekoak arduratzen dira haxixaz, eta Afrika beltzekoak kokainaz eta heroinaz. Ijitoak beherago bizi dira, ez dira asko hala ere. Gazteenek, arraza edozein dela ere, pegamentu-potea daramate sudurrean itsatsita, eta etorkizuna beltza da beti. Inesek, beti bezain zorrotz, izen berria eman dio etorkizun beltzeko auzoari: Negruri.

etiketak: Bertan Bilbo
DEIALDIA
DEIALDIA dio:
2006/02/17 13:01

Blogak eta literatura mahaingurua egingo dute otsailaren 17an (ostirala) 18:00etan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bertan izango dira Iban Zaldua, Katixa Agirre, Xabier Mendiguren eta Markos Zapiain. Moderatzaile: Mikel Iturria.

a
a dio:
2006/02/20 11:54

a

Julen
Julen dio:
2006/02/17 11:32

Ba bai, egia da. Burua erabat joanda dute, pegamentuagatik.

asier
asier dio:
2006/02/17 12:23

Negrurirena entzunda daukat, euskaraz eta inguru honetatik sortutakoa den aldetik egokia da txistea. Askotan publizitateari horrelakoak falta zaizkio, euskaraz sortutako hitz jokoak, bestela "Atsedenik ez drogarik gabe" bezalako itzulpen makurrak sortzen dira.

Eta horrelako kanpainak eginda, nola nahi dugu, ba, pegamentuari bada ere ez ekitea. Broma da. Serioa da kontua, ni neu aspaldian hor zehar ibili ez banaiz ere. "Errekaren beste aldera" pasatzea beti izan da abentuari leihoa zabaltzea...

Patxi
Patxi dio:
2006/02/17 11:28

Asko saiatuta ere, ezin aurkitu izen egokiagorik. Negruri.

Peganentuarena ordea... Ez zait buruan sartzen. Benetan umeek pegamentuari ematen diote? Hain bazterrera utzita dago San Frantzisko?

_

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.