Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Idazle profesionalei buruz

Idazle profesionalei buruz

gabiria 2006/02/08 08:14

Patxi Zubizarretaren hitzak dira hemen behean datozenak:

Gogoan dut idazle elkarteko hainbat kidek, ez oso aspaldi, hango ika-mika konpondugabeen inguruan, esan zutela euskal idazleak beldurra diola profesionalizatzeari, bere lanari diru kopuru bat jarri beharrari, eta idazle profesional gehiago behar ditugula. Ez nago ados. Eta arazoa ez da toki falta. Ez: euskal kultura normalizatzearekin batera etorriko litzateke idazleen profesionalizatzea -normalizatzea- eta, berriro diot, hemen honetan idazle profesionala izatea txantxa bat da, gustu txarrekoa kasik.

etiketak: Berbak
I.O.
I.O. dio:
2006/02/08 23:36

Idazle ezagun batek esaten du profesionalizatzeak morrontza dakarrela (enkarguak direla, saldu beharra dela...) eta beste bizibide bat izateak askatasuna ematen duela barrutik ateratzen dena idazteko eta gustuko ez diren enkarguei edo ondo beteko ez direla uste direnei uko egiteko. Baina idazle jendea ezagututa, ni beldur naiz sariak,errekonozimendua, argitaratzea bera, arrakasta...ez ote dauden idazle baten balore zerrendan goregi (hemen eta hemendik kanpo).

Julen
Julen dio:
2006/02/08 11:55

Kontuz: hor jarri dudan guztia Patxi Zubizarretak esana da, ez nik.

asier
asier dio:
2006/02/08 13:14

OK, Julen. Eta zure iritzia zein da?

asier
asier dio:
2006/02/08 11:53

Ea ba, ea ba... Neuk ekingo diot suari.

Zer ulertzen da, baina, idazle profesionaltzat? Euskal kulturaren barruan Pako Aristi izan daiteke idazle profesionala? Hau da, idaztea beste zeregin profesionalik ez duena?

Egia da zuk diozuna ere, Julen, hizkuntzaren normalkuntzarekin batera etorriko dela kulturarena eta idazleak profesionaltzearena ere.

Gaur egun, idazlearen egonkortasunaren aldetik, arrisku handia deritzot hautu hori egiteari, dudarik gabe.

Hala ere, eta galdera hau aidean geratuko da, zer dela-eta diote euskal idazleek horrelako beldurra euren burua idazletzat hartzeko?

Anjel
Anjel dio:
2006/02/08 17:32

Idazke nahi duenak, hortik bizi balitz bezala idatzi, ogibidea okin gisa ateratzen badu ere

mahen
mahen dio:
2006/02/08 18:16

Anjelegaz ados. Profesionaltasuna diruan eztau eginean baizik. Diru-profesional asko ezetan dotaz behar-profesinalak ez direnak inundik inora, edozein arlotan.

Julen
Julen dio:
2006/02/08 13:40

Patxik dioen horretatik, niri gehien interesatzen zaidana da, bere hitzak erabilita, hemen idazle profesionala izatea txantxa bat dela.

Geure burua idazletzat hartzea geure burua profesionaltzat hartzea da, baina ez nago seguru kanpotik profesional moduan hartzen diren lan horretan buru-belarri ari diren idazleak. Gehiago ikusten dituzte, nik uste, euskal munduari zerbitzu bat eman behar dioten agente gisa, sorkuntzan ari diren artista gisa baino. Ez dago idazle = artista kontzepzioa, beharbada idazleetatik hasita ere ez dago kontzepzio hori.

Deitzen dizute handik eta hemendik, eta enkarguak eskatzen dizkizute: "gauza laburtxoa da, ederto egingo duzu zuk!", eta hori eskatzen dutenean hutsaren truke da, noski. Sekula ez litzaioke holakorik eskatuko iturgin bati edo elektrizista bati, edo (artearen kasuan) eskultore bati, adibidez. Zergatik idazleari bai?

Nik ez dut probatu idazle profesionalaren bizitza, baina imajinatzen dut hilero-hilero autonomoen kuota ordaintzen eta heltzen zaizkion enkargu guztiak onartzen, beti inoren esanetara lanean (idazleari berari barrutik eta benetan irteten zaizkion asmoei kasurik egin gabe, asmo horiek ez direlako enkarguak eta, beraz, dirurik ematen ez dutelako).

Azken batean, gaur egun Euskal Herrian idazle profesionala izatea frankotiradorea izatea da, mugitzen den guztiari tiroka. Patxi Zubizarretak ondo esan du, nire ustez: gustu txarreko txantxa bat.

Asier
Asier dio:
2006/02/08 14:37

Eta, ez dakit harira datorren, baina Felipe Juaristiren hitzoi zer deritzezue? Esandakoen aurkakoa izango litzateke ideia hau?

"Euskal literaturan azpiegitura sendoa lortu da. Baina horretan gelditu garela susmoa dut askotan. Ez gara irakurle berriak lortzeko gauza izan. Gizarteak onartzen ez badu bere literatura, ez dago literaturik. Arazo nagusia irakurlerik ez izatea da. Gizarteari axola al zaio literatura? Ez ote gara gezur handi bat bizitzen ari? Idatzi gabe ezin dut bizi. Niretzat bizitzea idaztea da. Baina hemen idazle klase konformista bat sortu da, funtzionario rol estraofiziala onartu duena. Euskal literaturaren funtzionarioak dira. Bestalde, kritikarik ez dago. Argitaratzen den guztia ona dela dirudi."

Maixu, barkatu, Julen (jajaja), blogen kontu honetan zeurea dut nik iparrorratz..., blog bat sortu berri dut, utzidazu zeuk ere komentariotxoren bat. Eskerrik asko.

http://jonas.blogsome.com

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.