Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / La amatxu y el aitá

La amatxu y el aitá

gabiria 2006/02/06 11:06

Batzuetan iruditzen zait euskaldunok, euskaldun zintzook, lau guraso ditugula, eta itolarria jasanezina da. Izan ere, gure ohiko bi gurasoez aparte, azken bi gurasoak konturatu gabe sartu dira gure bizitzan, ezarian-ezarian eta isil-isilka.

Denon ama paraleloa, zelan ez, la amatxu da, la amatxu de Begoña. Pijada hori entzuten dudan bakoitzean, gogoa sartzen zait txiza parraztadaka botatzeko Begoñako basilikako atean. "La amatxu de Begoña" hitzak ezin ditut jasan, nazkatu egiten nau derrigorrez Begoñako egur-pusketa horren seme sentitu beharrak, egur-pusketa hori hainbeste maite beharrak. Goragalea ematen didate hitz horiek harro-harro esaten dituzten bilbainoek, bilbotar petoak izateko zer gehiago egin dezaketen ez dakiten horiek, bilbotarrek nahi duten lekuan jaiotzen direla esango dizuten horiek.

Denon aita paraleloa, berriz, el aitá da, Euskal Herriko "el aitá" bakarra, denon "el aitá": entzuten dudan bakoitzean Luis Chillida hitz horiek esaten, gogoa ematen dit "el aitá"-ren eskultura bat grafitiz pintatzeko, hori ere artea izango baita, noski (mendi bat barrutik hustea bezain beste).

Gauza jakina den moduan biktimei izen-abizenak jartzean biktima horiek geure egiten ditugula, hurbileko bihurtzen ditugula eta identifikazioa askoz ere handiagoa dela, Euskal Herriko ama eta aita paraleloek ere izenak dituzte jada, eta apurka-apurka gure bizitzan ari dira sartzen, poroetatik edo batek daki nondik, egur-pusketa bat eta eskultore bat, "la amatxu" eta "el aitá". Kontuz ibili, egunen batean benetako gurasoekin nahastuko ditugu bestela.

etiketak: Hara-honakoak
sare
sare dio:
2006/02/08 01:24

Lasai Julen, oso ondo adierazi dezu esan nahi zenuena...baina nahi gabe zenbaitzuon gogoetak beste bide batetik joan dira.

Baina don't worry, garbi geratu dala amatxu eta el aitá-rekin esan gura izan dozuna. Geuk aldrebestu dou...baina aizu! Iritzi pilaketa ederra lortu dozu dana dala!

asier
asier dio:
2006/02/07 15:35

Eta gutxiago orain, "txotx" esten zen tokian "mojón" entzuten den sasoiotan.

Aritza
Aritza dio:
2006/02/07 15:27

Harritu egiten nau batzuek orokortzeko daukaten joerak; Unamunoren Bilbao hori aldarrikatzen dutenek euskaldunen artean ere zelako arrakasta lortu duten ikusteak harritu egiten nau. Bilbokoa izateko ez dut topiko tipikoz betetako gurtze hori behar, ezta euskaldun izateko sagardotegien eredu globalizatua ere.

matxalde
matxalde dio:
2006/02/07 15:03

Bilbokoa izateko "La amatxu", Aletikoa (?) izateko "kamiseta zuri-gorria", ezkerrekoa izateko "palestinoa", euskaldunagoa izateko "txapela", ez ote da zeozerekin identifikatu beharra, "talde" sentitu / izan beharra? Egia esan niri grazia egiten didate. Eta zer esanik ez, Bilbon nabilela, txapel urdinak ikusten ditudanean. Erredios! (honek ez du jainkoa erretzeko ezer esan nahi, e! - gauzak oso sentibera jarri dira eta, badaezpadaere).

asier
asier dio:
2006/02/07 14:43

Hori, hori El Chorreo español.

Betiko-betikoa ei eta zenbat auzokok erosten duen... enfin.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/02/07 14:35

"El Correo (Español)"-etaz ahaztu zara, Asier, Bilbotartasunaren (maiuskulaz) ezaugarriak osatzeko. "The Spanish Post" eta Botxoa lotuta dagoz erabat eta betiko, bata bestea barik ezin da izan, seguru asko Jaungoikoak (letra larriaz) holan nahi daualako ("el Aitá).

Kurioski, atzo topau nituen tipo bi 7 Kaleetan, kale kantoi batean nondik Begoñako Elexa ikusten dan (leku ezaguna bertoko zein kanpokoentzat). Magrebtarrak ziran, eta ziur aski musulmandarrak be bai, baina kuriositatea-edo baeukien eta bata besteari ari zitzaion esplikazinoak emoten, tartean "Begoña" ulertu neutsan eta. Hots, "la amatxu".

Demagun magrebtar horietako bat Bilboko biztanlea zala eta bestea ez. Demagun beste bilbotartasun bat posiblea dala.

asier
asier dio:
2006/02/07 14:15

Aritza, ez eizu txarrean hartu.Kasuistika oso zabala da bilbotarren artean, esan nahi izan dudana da badagoela hirukotasun horren gurtze berezi bat zenbait jenderengan, nolabait, bere hutsean, euskalduntasunaren txartela ematen duena.

Eta, beste alde batetik, bada sasoia "bilbotar peto", "donostiar peto" eta horrelako petokeriak baztertu eta geure burua euskalduntzat hartu dezagun, nik ere ez dut askotan zerikusirik-eta nire herrikide peto horiekin.

mahen
mahen dio:
2006/02/07 13:53

Aritza, berbarik kendu edo jarri gabe zurekin bat nator. Eta bilbotarra ez naz.

Asier
Asier dio:
2006/02/08 14:49

Mea kulpa (Errua dariola txizaginean).

Onartzen dut Julenen asmoak ulertu arren, gaiaren okertze horretan parte hartu izana.

Julen
Julen dio:
2006/02/08 10:15

Benetan! hau da hau gaia eskuetatik joatea!

Jainko berriei buruz hitz egin nahi nik, eta azkenean amaitu dugu Bilbo, Athletic, PNV, Correo Español, Reala eta magrebdarrei buruz berbetan. Baina barre ederrak egin ditut zuon mezuak irakurtzen, eta uste dut blog honetako erantzun kopuruaren errekorra gainditu dugula.

Baina gaur beste gai bat proposatu dizuet. Ezetz 20 erantzunetik gora jarri gai berri horretan? ;-)

satortzulo
satortzulo dio:
2006/02/06 17:20

eta iluntzeko teleberria hasten deneko "arratsaldeon buenas tardes, esta tarde en Vitoria-Gasteiz dos jovenes..." gorrotagarriaz zer esan

pd niri mendia barnetik hustearena izugarria iruditze zait, ederra benetan, beste gauza bat da hori inguratzen duen guzia, negozioa, ingurua txikitzea... proiektu horren inguruan halako erresistentzia hipokrita somatzen dut euskal herrian (ez diot tartean zaudenik julen), baina nire inguruko askori astakeria iruditzen zaie hori, lotsagarria, baina ezinbesteko ikusten dituzte abiadura handiko trena, pasaiako portu berria...

asier
asier dio:
2006/02/06 13:27

Arrazoia duzu, Julen. Niri "la amatxu de Begoña" entzundakoan Iñaki Azkuna Jaun Txit Goragalegarriena eta Athletic etortzen zaizkit burura. Zenbat ostera egin beharko dute ondino bilbotar petoek Begoñako amatxunera, "gure" Athletic 2. mailako zulo beltzean jausi ez dadin?

Athletic-a, Begoñako Amatxu eta alderdia... Horra bilbotar zintzoaren trinitate santua

Leire
Leire dio:
2006/03/01 21:21

Ez nago ados... bizkaitar zintzook izango dituzue lau áma eta lau áita..... Ez sartu denok saku berean mesedez.

Maria
Maria dio:
2007/09/28 09:02

Hola Julen,

Estoy muy interesada en este blog que es justo el tema de mi tesis que estoy haciendo en USA. Podrias ayudarme? de verdad que necesito tu ayuda.Este es mi blog y necesito que tus amigos o la gente euskaldunzaharra que conozcas responda a esta pregunta.

http://euskaratesis.jottit.com/

Muchas gracias

mahen
mahen dio:
2006/02/07 13:02

Ulertu dot esan gure izan dozune Julen, eta zugaz bat nator. Baina arriskua airean itxi dozu eta pasa behar dana pastan da; beti dau LISTO-ren bat gauzak nahasten dituena, eta ez neukan dudarik hamen be agertuko zala. Zertan sartubiozu Athletic historia honetan, Asier? Mecaguenlaostia.

Aritza
Aritza dio:
2006/02/07 13:16

Ba, nik neuk erdaraz egiten dudanean "aita" eta "ama" esaten dut gehienetan, edota lantzean behin zenbait giro informaletan "viejo /viejillo" edo "vieja/viejilla". Eta zer esatea nahi duzue, bada! Nik, behintzat, nahiago dut erdaldun batek aita edo ama esan, "padre" edo "madre" baino. Atseginagoa egiten zait (bilbotarra naizelako izango da). Zuei irakurrita adibide bi etorri zaizkit burura: D ereduko ume bat ikastolatik atera berria bere amari berbetan "Madre, me has traído el bocadillo", zeren eta "Amatxu, me has traído el bocadillo" bilbotar "txintxoen" kontuak baitira; edota etxeko igogailuan auzokide batekin topo egin, zu baino lehenago jaitsiko dena, eta agurtzerako orduan zuek erdara garbian esango zeniokete "Adios", bilbotar "txintxoek", ordea, "Agur". Gauza bat da Julenek esan duena eta beste bat hizkutz purismoa. Portzierto, Begoñako elizate zaharrean bizi naiz, Begoñako baselizatik 200 metrora, ateoa eta Athleticzalea naiz eta ez diot Azkunaren alderdiari inoiz botorik eman. Bilbotar peto-petotzat daukat neure burua eta ez diot inori barkamena eskatu behar, ezta baimena ere.

maite i.
maite i. dio:
2006/02/07 00:44

Bagara batzuk orduan gaztelera jator hori eraman ezina zaiguna. Eta ohartzen zara: gehienetan euskararik ez dakiten erdaldunak dira, majo ustean beti ere, gugandik hurbilago daudela-edo adierazi nahian, ez ditzagun beste "erdaldun-erdaldunekin" parekatu: "tengo un amigo que es zinegotzi y se ha comprado un baserri...". Eraman ezina egiten zait, benetan. Beste keinu inaguantable bat, Bizkaiko kostaldean eta asko entzun izan dudana: "Egunones", "Gabones" etab... izan ere, buenos dias eta buenas noches plurala da, eta jakina, euskaraz ere behar... graziosoak ez garela gero!

Sare
Sare dio:
2006/02/07 02:27

Nik ez dut jakiten erderaz dihardudanean nola deitu gurasoei: "pues mi ama..." esateak belarrietan min ematen dit, eta "pues mi madre.." esateak aldiz, ez dirudit nire amagatik ari naizenik. "mi amatxu.." esateak bilbotartzen banau...nola ein biot berba!?

Jozulin
Jozulin dio:
2006/02/06 18:30

Erabat ados: -Hola txikitxu, dónde están tus aitas? Dana dala Julen, zer emon dotzue armosetako astelehen goiz honetan? ;-DDD

Sator: nik ere gustura ikusiko nuke Tindayako hutsunea barrutik eta jakina, beste gauza bat da negozioa...

Iigo m.
Iigo m. dio:
2006/02/06 22:39

Eta 'hola, lagun(txu)'-z zer dinozue? Bai, emoten dau astelehen goiz txarra pasa dozula.

asier
asier dio:
2006/02/07 12:22

Nik neuk neure gurasoez erderaz berba egiten dudanean "mi padre" eta "mi madre" esaten dut; egia da, "aita" eta "ama" asko esaten dela Bilbon erderaz aritzen direnean, baina neurri bat onargarria ere bada. Ez dut jasaten, ordea, aita berria izanda, nire inguruan entzuten ditudan erabilera asko (hemen aipatutakoekin batera, bildu, eta neure blogean komentatuko ditut nonoiz). Lehengo egunean, Santa Ageda eguna zela-eta, eta hau ez da "erdara nahastua", "¿Has traido a la niña vestida de vasquita?" ala "los niños tienen que venir disfrazados" entzun nituen eta odola irakiten daukat oraindino... Eta "etorri hona paŽstelau"?

maite toledo
maite toledo dio:
2006/02/07 12:38

Bilbotarren kontuak, Julen. Niri ere ez zaizkit gustatzen aita eta ama esateko modu horiek, betidanik emon izan didate atzerakadea. maite

Julen
Julen dio:
2006/02/07 10:04

Beharbada ez dut asmatu mezua idazteko moduarekin, beste lagun batek ere mezu pribatu bat bidali baitit esanez Gipuzkoan "el aitá" dela erdaraz hitz egitean formula normal eta naturala norberaren aita aipatzeko. Baina hori banekien. Nire asmoa beste bat zen:

Euskal Herrian (Bizkaian bereziki), ama aipatzen denean, Begoñakoa izaten da aipatutako hori normalean, eta badirudi zeure ama balitz bezala sentitu behar duzula, benetako bizkaitar edo euskaldun sentitzeko.

Eta Luis Chillidak bere aita aipatzen duenean ere, inpresioa daukat ez ote duen nahi aita hori euskaldun guztion aita bihurtu, nolabait Eduardo Chillida eskultorea jainkotu.

Hori zen esan nahi nuena: badaudela hor ikono bi (Begoñako egur-puska eta Eduardo Chillida) gure guraso berritzat agertu direnak, eta hori jasanezina zaidala.

satortzulo
satortzulo dio:
2006/02/07 11:09

egon lasai julen, gipuxkoan, bi horiek bost axola, aita deitu ez arren, reala dugu horretarako, denon jainko eta ikur

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.