Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / San Frantzisko (I)

San Frantzisko (I)

gabiria 2006/02/02 08:25

Zeri barre, Meirelle? Zer aurkitu duzu egunkari horretan, hain barregarria? Ez zara konturatu tabernara sartu naizenik ere, zure atzean jarrita nagoenik ere ez. Mutil guapoei baino ez diezu begiratzen, eta musulmanei, guapoak izan ez arren. Desiratzen nago nigana jiratu eta galde diezadazun nire mahaian jar ote zaitezkeen. Erantzuna baiezkoa izango litzateke. Galdetuko nizuke zeri egiten diozun barre, zer den politikako orrialdeetan hain barregarria, hain zaratatsu algara egiteko, tabernako jende guztia zuri begira dagoen honetan. Desiratzen nago edaten ari zaren tea niri eskaintzeko edo zigarro bat opatzeko, ez dudala erretzen erantzun ahal izateko sikiera. Keinu minimo bat, Meirelle.

Aurreko mahaiko zaharrek partidaren erdian abandonatu dute tutea, zuri begira jartzeko. Tabernariak ere begiratu dizu, musulmanek begiratu dizute. Ni hasieratik nago begira, zure perfilari eta bakeroen azpitik igartzen zaizkizun kulero zuriei. Inork ez dizu esan polita zarela, Kim Dealen antza duzula. Mozkortuta zaude, edo kolokatuta edo burutik jota; edozer dela ere, maitemindu egin nauzu seko, konbinazio gehiegi direlako ni bezalako batentzat: neska polita, kolokatuta edo zoratuta, eta kulero zuriekin. Bat-batean bakarrik berbetan hasi zara, zure sudurra ere asko gustatu zait, eta gailegoa zara, azentuagatik jakin dut.

Zergatik ez didazu begiratzen? Jiratu burua, neska, hemen atzean nago. Bizitza aldatu egingo litzateke begiratuko baninduzu: ez zinateke kabalduko agian, ni zoratuko nintzateke agian. Me callo si me sale de la bola, erantzun diozu musulman bati ozen, eta ni ere ozen hasi naiz barreka zure atentzioa pizteko, baina ez: irribarre egin diozu musulmanari, eta badakit berarekin joango zarela gero. Musulman bat eta zoro bat txortan. Non egingo duzue, Meirelle? Bere etxean ala zurean?

Beharbada kolokatuta zaude, beharbada zoroa zara: ez dakit zer den hobea, baina soineko biak geratzen zaizkizu ondo. Zeri barre, Meirelle?

etiketak: Bertan Bilbo
patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/02/06 21:12

Sekula ez naz egon S.F. kaleko "Bar Barakaldo"ren barruan, bildurragaitik ziur aski, baina beharbada Meirelle bai egon dala. Edo akaso ez. Kontua da behin ordu txikietan taberna horren ondotik pasau ginala, atea erdi zabalik egoan, eta barruan giro izugarria. Gizon bat erdi biluzik egoan, mozkorkeriak oihukatuz. Harrituta, tabernaren izena jakiteko errotuluari begiratu geuntsan: "Bar Barakaldo". Geure arteko lagun barakaldar baten kontura gogoz egin genduan barre. Dana dan, egunen batean barrura sartuko ginala esan genduan.

balaklaba
balaklaba dio:
2006/02/03 12:26

-Zeri barre, Meirelle?- atzetik. -Zeri barre, Meirelle?- etorkizunak astinduta. -Zeri barre, Meirelle?- sega eskuan, ezker-eskuin, ez, ez, ez...

ala zu zinen?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.