Kritikariei buruz
Andrés Nagel eskultore donostiarrari elkarrizketa egin zioten duela aste batzuk Diario Vascon, eta orduko ideia bat ekarriko dut blogera, kritikariei buruz esan zituen hitzekin. Uste dut ideia horrek nola edo hala osatu egiten duela atzo Gotzon Barandiaranek Berrian idatzitako artikulua.
Ikusleak zure lanaren irakurketa bat egiten duenean, gustatzen zaizu, interesatzen zaizu?
Ez, eta kritikariarena gutxiago. Kritikariaren irakurketa sekulako kakao mentala izaten da, eta gehien-gehienetan sinplekeriarik handienean geratzen dira. Kritikariak ia beti aplikatzen ditu buruan dituen aldez aurreko ideiak, eta berdin aplikatzen dizkio arrozesneari zein paellari. Kanpoko irakurketa horri ez diozu kasurik egin behar, bestela erotu egiten zara eta.
Nagel jeniala izan da beti artisten inguruko mistifikazio eta mitifikazio hori guztia zakarretara botatzen. Galdetzen diote: "Zer esan nahi du zure figura horrek?". Erantzuna, beti: "Ez du ezer esan nahi, polita iruditzen zitzaidalako egin nuen horrela". "Eta zergatik dago eskultura hori ez-dakit-nora begira, zeren sinboloa da?". "Ez da ezeren sinbolo: batera eta bestera mugitu, eta dagoen bezalaxe ondo geratzen zela ohartu nintzen".
Denek horrela jokatuz gero, pare bat artista ipurdi-bistan geratuko lirateke, baina batez ere kritikari asko geratuko lirateke diskurtsorik eta prebendarik gabe