Cantalojas (eta II)
Auzoak haserre daude. Nork babestuko dituen galdetzen dute. Duela aste batzuk, gizon batek bere burua Cantalojas zubitik botatzeko ahalegina egin zuen. Ez zen lar berandu: goizeko ordu biak edo, zapatuz. Barandillara igo eta behera begiratuta, han urrunean, Abandoko geltokira doazen trenbideen korapiloak ikusi zituen, luze-luze jarritako koka-marrak balira bezala. Barandillaren alde arriskutsura pasatu zen gero, amildegira, eta esku biekin oratuta, zain geratu zen, norbaitek salbatuko, norbaitek babestuko ote zuen.
Batzuek mozkortzat hartu zuten, arrazoiz. Gizonak, 43 urte, Iralabarriko zuloetan pasatu zuen gaua, izan daitezkeen barrarik tristeenetan, inguruan zituela Gobernu Militarreko txanda amaitu berri zuten ezgizonak eta DaddyŽs tabernako txanda hasi berri zuten ezandreak.
Eta auzoak haserre daude. 2004ko azaroan eskultura bat inauguratu zuten Cantalojas zubiaren gaineko plaza berrian; izenburua, La exorcista. Kale hauetan deabrua bizi dela esateko modu lausoa. Manolo Valdés eskultore valentziarrak egin zuen, eta Mario Vargas Llosaren poema bat du zizelkatuta: Gracias a mí, en esta ciudad todavía es posible la felicidad dio poemak. Eskultoreak esan zuen obra hori ukitu egin behar dela, brontzezko azala gastatu egin behar zaiola, baina bertakoek, laztandu beharrean, txu egiten diote oraindik posible omen den zoriontasun horri, biriken sakonenetik. Vargas Llosak esan zuen: "hiri guztiek dute santuren baten babesa, eta estatua honek funtzio hori beteko du: babestu eta inspiratu egingo ditu bertakoak". Agintariak pozik geratu ziren hori entzunda: geroztik, are gutxiago babesten dute auzoa, badute-eta lan hori euren ordez egingo duen exorzista bat. Auzo paranormal honek erremedio paranormalak behar dituela esateko modu lausoa.
Hiru ordu laurden eman zituen gizonak zubiaren alde arriskutsuan, nork salbatuko, nork babestuko. Azkenean, etsita, jendeak begiratu ere egiten ez ziola ikusita, etxera erretiratu zen, maldizioka, eskulturari deabruaren txu berdea bota ostean.
Eguenak egun goxo-goxoak izan dira beti. Neuretzako, Alberto berbalagunagaz biltzeko egunak dira. Eta, lantzean behin, Parrokianogaz Iturribiden ibiltekoak be bai.
Orain, blog honen egueneroko dosiaren zain geldituko gara parrokiano guztiak.
Zorion atzeratuak, Julen!