Urtebeteko balantzea
Iraultza zapatistarik egiteko asmorik gabe, baina erraz gogoratzeko fetxa bat zelako, iazko urtarrilaren 1ean jarri nuen martxan blog hau. Urtebete bete zuen atzo, eta gaur pizten dizkiot kandelak, egun bateko atzerapenaz, azken aldi honetan hartu dudan erritmo lasaiarekin jarraituz.
Iruditzen zait urtebete baino gehiago daramadala bazter honetan, egia-usteak eta gezurrak kontatzen. Urrun ikusten dut lehenengo testu hura. Denbora, blogosfera gero eta zabalago honetan, astiro pasatu zait.
Hasiera ia-ia profesionala izan zen: Berbak atalari hasieratik garrantzia eman nionez, eta atal horren ezaugarria zenez Euskal Herriko egunkarietako kultura orriak egunero errepasatzea eta, elkarrizketa interesgarriren bat aurkituz gero, elkarrizketa horren pasarte esanguratsuren bat hemen jartzea, bada, nik ere serio hartu nuen kontu hori, eta (sinestuko ote didazue) goizeko bostetan altxatzen nintzen interneten sartzeko eta egun horretako prentsa errepasatzeko. Hasierako ilusioa zer den! Bi-hiru hilabetez ibili nintzen horrela, baina paliza bat zen. Edozelan ere, "Berbak" atala oraindik ere asko interesatzen zait, eta, azken aldiko isiltasun luzea nolabait haustearren, urte berri honen hasieran ere garrantzia emango diot atal horri, ez iazko profesionaltasunarekin baina. Batzuetan nire komentarioak jarriko dizkiet berba horiei, beste askotan ez. Joxe Aranzabalek basurdearen egun gogoangarrian esan zidan moduan, komentariorik ez jartzea ere iritzia emateko modua izan baitaiteke.
Azken aldian, gero eta adiago nago hango eta hemengo sortzaileek esaten dituzten hitzei, nire hitzak buruz dakizkit eta. Denbora luzea daramat horretan, baina azken hilabeteotan areagotu egin zait interes hori, eta hemen jarri nahi ditut, uste dudalako, gainera, eztabaida interesgarriak izan ditzakegula horien kontura.
Horrela hasi zen urtea, eta intentsitatez jarraitu du aurrera. Hasieran ilusioz, gero bertigoz, hurrena ikaragarri gozatuz. Gero, udatik bueltan, idazteko gogo biziz nengoen, baina ez nuen blogera begira bizi nahi. Gogoz nengoen koadernoan (blok-ean) idazteko, eta horretan nabil orain ere. Antza, literaturaren eta literatoen bistara, laudagarriagoa da egunero blok batean idaztea, egunero blog batean idaztea baino. "Idazle izateko, idazle ona izateko alegia (nahiz ez dakidan azaltzen zer den idazle ona, jakin badakit ere zer ez den), egunero idatzi behar, sukaldari txukuna izateko egunero aritu behar den bezala sukaldean, eta maratoilari ona izateko egunero errepidean ibili beharra dagoen bezala", idatzi zuen Felipe Juaristik duela gutxi, Pako Aristiren azken liburua dela eta. Egunero idazten duten blogariak, baina, beste zerbait kondenagarriagoa egiten ari direla ematen du, idazteaz haratago dagoen gauza satanikoagoa. Nahiz eta, finean, egunero idazten ari diren, idazle ona izateko nahian beharbada.
Ni ere, orain, egunero ari naiz idazten, anilladun blok Papyrus batean, horia datu gehiagorako, punta fineko Pilot beltz batekin, ezin baldintza literarioagoetan. Baina, noizean behin, hemendik agertuko naiz kukuren bat egitera, eta, bien bitartean (momentuz behintzat), beste sortzaile batzuen hitzak topatuko dituzue hemen, beharrezkoak baititut ingurukoen hitzak, sorkuntzan ari naizenean zertan ari naizen jakiteko. Eta ezin aipatu gabe utzi: aste honetan bertan hasiko dut Bertan Bilbo sailaren bigarren denboraldia, Zazpi Kaleak utzi eta beste auzo batera salto eginez. Aurten ostegunetan jarriko ditut kronika horiek.
Eta hau luze geratzen ari da honezkero. Gogoratzen zarete? Hau bezain luzeak eta luzeagoak ziren hasiera-hasierako haiek, antzinako blog laranja hartan edo, Traperoak esaten zuen moduan, "blog loritoan". Aldaketa onerako izan zen, ezta? Nor gogoratzen da orain laranja euskalteliar harekin? Denborarekin, laburrago idazten ere ikasi dut, denon onerako eta nire atsedenerako.
Amaitzeko, zuri, pantailaren atzean zaudenari, eskerrik asko. Beste inork ez du nigatik egingo, eta neuk eman beharko ditut balantzearen datuak, horrelako gauzen zalea ez banaiz ere: urtebeteko tarte honetan, 200 testu irakurri ahal izan dituzu blogean; 550 erantzun baino gehiago jarri dituzue, alde zein kontra; 56 harpidedun juntatu zarete Bloglinesen, koadrila ederra. Eta, Eibarnauten afarian jakinarazi zutenez, Eibar.org gunean euskara hutsez argitaratzen diren blogen artean, hauxe da bisitatuena. Aurretik daude Mikel Larreategi, Luistxo Fernandez eta Eneko Astigarragaren blogak, zeintzuetan gaztelaniaz eta ingelesez ere argitaratzen baitira testuak.
Horregatik eta etorriko den guztiagatik, irakurle, biba zu!
Blog loritoduna aipatu, eta nostalgiko jarri ez naiz ba!
Hau Jozulinek uste det asmatu zuela: blogmina
Ez dakit nik idazle batek zer behar duen, nun trebatu behar duen, fakir-ohe batean etzanda, ahozpez; ur-koltxoi baten gainean, emaztearen ipurdiaren gainean... Blog batean, goizeko bostetan...Horretan ere, pentsatzen det idazlearen arabera izango dala.
Nolanahi ere, idazlearen lanek izango duten oihartzunak erantzungo dio galdera horri, ezta?
Nik dakidana da, hemen irakurlearen parean suertatzen dala idazlea, eta nahitaez agertzen dala, lehenago edo beranduago, pertsona. Baita idazle hotzenak ere, erakusten du bere animatxoa, azkenean.
Zeuk gertuko berotasun hori jaso, eta eman dezu, erruz eman ere, gure aldamenean eserita...
Eta ze jatorra zeran?
Zenbat idatzi? Noiz idatzi? Indar haundirik gabeko galderak, nere ustez. Zertarako mugak ipini? Gogoa dagoenean.
Nere ilusioa, eta beste askorena seguro, sarritan izan zaitezela leiho honetan, perilla erakusten.
Ez zaizu ondo geratzen baina ;-)
_