Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Mendia gurera

gabiria 2005/12/20 19:00

Beharbada hauxe behar nuen erabakia hartzeko, mendiak jausten hastea. Aurrerantzean, ez dut A8ko peajeetan ordainduko, ahal dela behintzat.

Ez da kapritxoa, ez umekeria, espero dut ahoberokeria ere ez izatea: potroak puztuz joan ostean, hauxe behar nuen erabakia hartzeko.

Autopista txarra, zuloz beterikoa, kurbaz josirikoa, beti obretan eta beti narras, zer eta, gainera, garestia.

Galdakao eta Zornotza artean, bidea estututa dago, arriskutsu.

Eibar inguruan, kontrako noranzkoa duten karrilak plastikozko konoekin daude banatuta, segurtasunaren alarde batean.

Errenteria bueltan, autopista larritasuneraino estutzen da, kamioi bat eta kotxe bat ozta-ozta kabitzeraino.

Tunelen segurtasuna ez da zulatutako kondoi batena baino handiagoa.

Aritzetako restopean OTA jarri dute, eta langileek orain ezin dituzte euren kotxeak han utzi, denak kotxe bakarrean joateko lanera.

Eta hori guztia ordaintzea nahi dute? Bada, mendiak autopistaren gainera jausten hasi diren honetan, nahikoa dela uste dut.

Ez dakit horrelakoetan zer egin behar den: peajera joan eta ez dudala ordainduko esan, eta horren ostean zer gertatzen den ez dakit. Matrikula apuntatuko dute seguruenik, eta gero salaketa-edo jarriko dute, ez dakit. Eta ez dakit "A8 doan" plataformak laguntzarik ematen ote duen holakoetan, jakin nahi nuke.

Beharbada mendiak mugitzen hastea behar nuen: Mahoma ez badoa mendira, mendia etorri da gugana, gure kotxeen kontra. Eta nahikoa da, A8; nahikoa da lapurretarekin.

etiketak: Hara-honakoak
mahen
mahen dio:
2005/12/21 20:05

Geur berton istripua ia izan dot Erletxeseko bihurgunean. Hamen ondino norbaiti zeozer larrie gertau ein behar jako jentia mugituten hasteko, beti bezala. Eskerrak atzo ez zala inork zaiuriturik suertau. Badakizue errepide puntu baten konponketa lanak erabakitzeko istripu kopuruaren arabera egiten dela? Bai, istripu kopuru tope bat dau eta ha betetzen danean erabakia hartzen da.

“A8 doan” plataforman lagunen bat dekot eta badakit ez ordaintzeak arazoak dakarrela, epaiketak barne. Asike Patxi, igual sortea dekozu eta ez jatsu ezebez gertatzen, baina posibilitatea hor dago.

leire
leire dio:
2005/12/22 15:45

Aupa, Julen

Igaz automobillian ibiltzen nitzanian autopistia hartzen neban. Askotan bildurrez, batez be Erletxen.

Oin, ixa beti trenian ibiltzen naiz (zorionez) baiña batzuetan ez dakat beste erremedixorik autuan juatia baiño. Holakuetan nahixago izaten dot lehenago jaiki. Eta hori neretako itzelezko sakrifiziua da! Baiña sufrimiento gitxiago. Uff!!

Urregorrizkua egin balebe, honezkero amortizauta egongo litzake.

Gora porlana!!

Xabito
Xabito dio:
2005/12/21 10:35

Lotsagarria da gure zorioneko autopista horrekin gertatzen dena. Urrutik dioen bezala Erletxetako zati horrek niri beldurra ematen dit, pasatze hutsa abentura itzela da -itzela baina ez ordea gustukoa. Txorierritik zatozela ere autopistan sartzeko tartea estu-estua da, eta konturatru barik karrilean sartzen zara atzetik datozenak kontrolatzeko astirik hartu ezinik. Eta jada hilabete mordoa da horrela dagoenetik.

Guk ordaindu beharrean, eurek -autopistaren jabe diren instituzio publikoek- ordaindu egin beharko ligukete holango tranpa batean gidatzen segitzearren. Beste inon gertatzen ote da hau, errepide publikorik garrantzitsuena ordaindu behar izatea (eta hain garesti, gainera)?

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/12/21 11:44

Neuk lehengo egunean egin neban, Bilbo-Arrasate kalbaridxo bihurtu zen egun batean:

  • Idxurretako ordaintokidxan kotxe ilara ikaragarria egoan, 2 km-koa-edo. Eibar eta Bergaratik juteko erabaki genduan.
  • Eibarko rallya izan zan hurrengoa.
  • Eta, azkenik, Mondragoeko biribilgunean goxeroko tapoia (Eibar-Arrasate zatidxa zabaldu dabe biribilgunetik aurrerako bidearen bikoizketa amaitu barik, biba!). "Ez dot ordainduko" esan, garitako andrak ez eustan zergatirik galdetu, atara zan matrikula apuntetako eta berak barrera igo. Gaur arte (hilabetea-edo pasau da).
matx
matx dio:
2005/12/20 22:56

Nestor Arana da BIdegiren zuzendaria. Albistegietako aurkezleak edarki estutu du galdeketan eta adarjotzea dela esan dio. Nik behitzat ez dut ordainduko. Ez dute lotsarik izango gero isuna ipintzeko.

Urtzi
Urtzi dio:
2005/12/21 02:56

Nik ez dut beti egiten, tarteka bai, eta biolento samarra da batzutan, ez A-8 Doan plataformakoek esan ohi duten bezain erraza. Gelditu, "ez dut ordainduko esan", batzutan zergatia galdetu, motiboak ematen hasi, itxaroten jarraitu zelan irteten den kabinatik matrikula apuntatzera, gero hesia jaso eta segi aurrera, txirrinak zelan jotzen duen entzunez. Borderen batek erantzun izan du agindua jaso dutela ez uzteko pasatzen, baina aurrera astiro eginda hesia berez zabaltzen dela uste dut, eta bestela laster sortuko dira ilarak. Niri lehengoan pilotu gorria piztu zitzaidan autoan, eta Zornotza-Galdakao alde horretan zementutzar horiek daudenez, ezin bide bazterrera jo. Eskerrak Erletxeko irteera bertan zegoela, baina "juntakulata" erre balitzait bide-bazterrik ez dagoelako autopistan, nork ordaindu? Beste horrenbeste lehengoan izan genuen istripu batekin, badakit atzetik jotzen duzunean beti zure errua omen baina hara kasua: Arrasateko bertso-saiotik bueltan, presaz-eta, autobidea hartu, halako batean autobidea erreil bakarreko bihurtu, eta beste aldera bideratzen gaituzte. Tunelean hala goaz, beste aldetik, konoak jarrita, batzuk etorrian besteak joanean, denak tunel berean, zoruan ere badaude abiadura moteltzeko marka horiek. Tunelaren irteeran beste horrenbeste, ezin oso bizkor joan, beraz. Hantxe bertan, Zaldibarren, bihurgunea dauka autobideak, eta hantxe bertan zegoen zeure bidera (hau da, eskumara), jotzeko bidea, argirik gabe seinale zuri-gorriekin. Gauez, norbait beldurtuta non egin behar duen eskumatara, geroz eta astiroago, gelditu egin da, bihurgunean, beste hiruk frenatzea lortu dute, guk beranduegi egin dugu, ezin oso bizkor etorri esan bezala tunelean marka horiek baitzeuden. Frenatu ere egin dugu, baina azkenean kolpea eman. Laster datoz autopistakoak, hori bai, eta dena ondo seinalatuta dagoela eta kitto, aurrean gelditu denaren matrikularik ez daukagunez, errua gurea eta segi aurrera. Okerrena da inpresioa dudala horrelakoek desarrollismo basati hori zalantzan jarri ordez laster esango digutela frankismoko autopista zatia zela eta zer egingo zaio, gaur dena oso ondo egiten da, 30 metro zabal den autopistarako ehun metro mendi jan eta kitto, fuera arriskuak eta denak ziztu bizian batera eta bestera, aldamenean beste ehun metro kendu trenarentzat eta EH laster Holanda bezain laua izango, mendi guztiak paretik kenduta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.