Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Hankak preso, gogoa dantzan

Hankak preso, gogoa dantzan

gabiria 2005/12/06 06:30

Eta itzuli egin da. Jarri zuen pianoa eszenatokiaren bazter batean, kokatu zen bera ilunetan, eta argitan utzi zituen taldeko beste kide guztiak. Gonzalo Tejada kontrabaxuan eta Fernan Irazoki baterian, lehendik ere ezagutzen genuen hiruko formazioan. Fondoan, haizeen sekzioa: Andrej Olejniczack saxoan, Ruben Salvador tronpetan eta Alberto Urretxo tronboian.

Eta gozatu egin genuen, lehenengo doinuetatik bertatik, hankak Arriagako butaketan preso dantzan.

Patxik euskararen aldeko 12 orduak goitik behera kontatu ditu, eta aitortu behar dut ni kontzertura baino ez nintzela joan, beste askoren antzera, pentsatzen dut. Baina gozagarria izan zen, gau berezi horretan, lagunak aurkitzea han eta hemen, musika ederraren jiran: Mikel Irizar eta Fatima baserritik hirira jaitsita; Maite Rementeria eta Maialen Araolaza, kontzertuaren saltsa non, perrexil biak han; Patxi Gaztelumendi eta Jabi Zabala aurre-aurreko butaketan, eta Gotzon Barandiaran, Txuma Murugarren, Erramun Landa eta despistez ahaztu zaidan besteren bat, seguruenik. Kontzertuaren aurretik, kontzertuan zehar eta ondoren, gau polita bizi izan genuen lagunekin.

23:00etan hasi zen ikuskizuna: lehenengo, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak agertu ziren oholtzan, eta ez zuten askorik behar izan jendea barreka jartzeko "Lau teilatu" abestiaren inguruan egindako parodia batekin. Abestien hitzak ze puntutaraino izan daitezkeen absurduak ondotxo genekien lehendik ere, baina Bilboko aktore bi hauek ederto zorroztu zuten punta larunbatean.

Gero Amaren Alabak taldeko hiru kide agertu ziren, melodia ezagunak a capella abesteko, Zuberoako tradiziorik onenean baina, gainera, estetika apurtzailearekin. Aginte makila eskuan, koreografia sinple baina erakargarriarekin, oin batean Marteens bota jantzita eta bestea galtzerdi hutsean zeramatela, arrakadak ere bakoitzak bere boten kolore berekoak... eta sekulako ahotsekin. Gogoz geratu ginen taldea bere osotasunean entzuteko, kide guztiekin eta ahotsen doinu guztiekin.

Ondoren, Harkaitz Cano irten zen, pauso lasaiz, txaloak dastatuz. Manifestu bat egin nahi zuela, baina ordenadoreak ez ziola utzi. Horren ordez, Manifesté bat zekarrela. Eta irakurri egin zuen. Eta, beste behin ere, flipatu egin genuen lasartearrarekin. Geniala. Idazteari uzteko tentazioa sartzen zaizu Harkaitzen hitz bakoitzeko: hori du txarra Harkaitzek, eta hori du ona. Erraz egiten du, samur. Genialidadea erraza balitz bezala. Manifestu dadaista biribil hura irakurri zuen, barre egin genuen, eta, hori gutxi balitz, zer pentsa eman zigun euskararen normalizazioaz. Gero joan egin zen, astiro, txaloak gozatuz.

Agertu ziren gero bost musikari, denak JC Perez izan ezik. Eta jotzen hasi eta segituan konturatu ginen larunbat gauekoa desberdina izango zela, oso desberdina entzutera ohituta gaudenetik. Haizeek zuten erruaren zati handi bat: lehenengo pieza hartatik bertatik, tronpetaren sordinarekin eta jazz talde baten espirituarekin, jakin genuen handia izango zela larunbatekoa. Arriaga ez zegoen beteta, San Mames bai. Batzuei damutuko zitzaien katedrala aukeratu izana, antzokia aukeratu beharrean.

Doinu berri batekin itzuli da JC Perez, baina espiritu berberarekin. Ala doinu berberarekin eta espiritu diferentearekin? Ezin izango nuke esan. JC Perezen musikarekin, gozatzen nuen lehen eta gozatzen dut (gehiago, akaso) orain.

Lau urte pasatu dira azkenekoz oholtzetan jo zuenetik, eta nik jazzaren eragina nabarmenduko nuke bereziki. Baina, esango nuke, era berean, ezinbestekoa zela horrela gertatzea: JCren abestietan sarri aipatzen da giro jazzistiko hori, haize-orkestra handien giroa: Benny Moré, Xavier Cugat bere begitxo pekindarrekin... Esango nuke, ez soilik hitz horietan, baizik eta bere musikaren zenbait zertzelada txikitan ere, lehendik ere sumatzen zitzaiola JC Perezi jazz latinoarekiko joera ezkutua, eta orain azaleratu egin duela erabat. Eta azaleratu, jazz ona eginez gainera. Kontzertuaren momentu batean pentsatu nuen ez lukeela inongo arazorik izango udako jazz jaialdiren batean jotzeko, benetan.

"Hiriko istorioak" izeneko emanaldi honetan bere bakarkako hiru diskoetako ("Atlantic River" –1994-, "Hau berua" –1996-, eta "Ikaro" –2000-) piezak jo zituen, eta, sorpresa handi bat: Itoizen lehenengo diskoko ("Itoiz", 1976) "Astelehen urdin batean", Mario Clavell Larrinaga bilbotarraren flautarekin, ordurako Juan Carlos pianotik altxatuta eta gitarra zintzilik zuela.

Gutxitan izaten da aukera holako kontzertu bat ikusteko, Euskal Herrian, behintzat. Itzuleragatik, estiloagatik, espirituagatik, elegantziagatik eta, zergatik ez, euskal musikaririk handienetako baten apustu berriaren lekuko izateko ohoreagatik. Hankak Arriagako butaketan preso, baina gogoa dantzan.

etiketak: Musika
asier
asier dio:
2005/12/06 12:29

Egunon, Julen.

Neu be izan nintzen Arriagan eta sentsaziño horixe izan neban: hankak preso neukazalakoa.

Ikusi zindudazan bertan eta imajinetan neban blogerako gai erabiliko zenduala.

Eta hementxe izan nozu zapatukoaren kronikaren zain.

JC Perez, jenio; ederra jaialdia; jenioa jenioaren atzetik, parebakoak Mikel, Patxo, Amaren Alabak, HARKAITZ CANO...

"Holango asko emon deiskule gure herri honek..."

asier
asier dio:
2005/12/06 16:09

Ba, han izango gara Ondarrun be aspaldiko partez.

iturri
iturri dio:
2005/12/06 15:08

Jode Gabiria, blog-ean ere enkarguzko lanak egiten! Badaezpadaere ez dizut esango Atano III.a bertsotokiko kronika egiteko...

Gustura irakurri dut. Apuntatuta neukan abenduaren 30ean Ondarruko Kafe Antzokian ikusteko aukera izango dela.

Hantxe egongo gara. Hankak behintzat libre.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/12/07 11:59

Arriagan lehengo egunean ez nituen ikusi (ezta JC Perez, pena!), baina pare bat aldiz ikusi ditut "Amaren alabak", Otsagabian eta Ariben.

Ai, Amaren alabak!

jonas
jonas dio:
2005/12/10 03:05

Hirea Julen blog librea dok, ez auzoko Patxirena lakoa. Pasaiok idatzitxo hau , mesedez, bere azken postari erantzunez.

Gabon, Aita Patxi:

Irakaslea nauzu eta, besteak beste zeure ereduari jarraiki, blogari amateur txorierritarra (blogintzan baino blogak leitzen sendoago oraindik) . Auzoko ere bagozak, ba.

Ikusten dudanez ez gara zure gustuko generoa, umeei ume izaten zein gazteei gazte bizitzen ez baitiegu uzten. Konforme nago zurekin Durangoko Azoka ez dela, beharbada, gazteak zeregin horretan jartzeko aukerarik egokiena ezta orijinalena ere; gazteak bururik bako oilaskoen pare ibiltzen dira lasterketa zoroan...

Baina, tamalez, gazte jendea literatur mundura saldoka hurreratzen den egun bakarretakoa izanik, ez deritzot hain alferreko lana ere eta modu honetan gazteok merkatu bazterren baten txirri erretzen jartzea edo alboko jolas aretoetara joatea ebitatu nahi izaten da, esaterako (erre ditzaatela nahi den beste euren kontura dabiltzala edo euren etxeetan, gurasoen onespena badute, baina ez nire ardurapeko orduetan).

Irakurtzeari dagokionez, ez ei dugu guk gazteek beste irakurtzen. Nik neuk, Patxi kulturjale agroteknologiko hori, gazteei agintzen dizkiedan liburuak neuk gustura irakurri ondoren agintzen dizkiet, aurretik kalitate eskaxagokoak ere irakurri eta baztertu ondoren.

Barkatu lartxo zakartu banaiz, baina irakasleriaren prestijiogabetzean zorrotzegi ikusi zaitut eta neuk ere zeresana izan dut-eta.

Agur tŽerdi.

matx
matx dio:
2005/12/06 20:52

Egixa esan, butaketan jarri eta oso gustora sentitxu nintzen horrelako ekitaldi batian. Eta honez gero lagunak bihurtzen ari diran kontzertukidiak han topatzia be goxotasuna emoten detza ekitaldixari.

Baina gero... mutrikutarraren nere irudia guztiz ez zen bete. Perez asko da, pila bat, eta kontzertua hotza eiñ jatan... Uste dot moldaketak oso landuak direla, baina motorrak berotzia lortzen dabenian, hankak askatuko dizkigulakuan nago.

Soinu arazuak be uste dot nabarmenak izan zirala... eta pena bat da holako pianua alokatzia eta gero akats hain nabarmenak izatia... Gauza onak eta txarrak esan leikez ez?

asier
asier dio:
2005/12/07 00:23

jakina, matxalen, txarrak be esan leikez: soinu arazotxoak izan ziren, J C ez da sekula komunikazioan fenomeno bat izan, euskaldunok be hotz samarrak gara ikus-entzule moduan... Ikusiko dogu hankak aske ditugula zertarako kapaz garen.

iturri
iturri dio:
2005/12/06 20:28

Aupa Asier:

Bertsolari txapelketako kanporaketa bat ikusi gabea nintzen pasa den igandera arte. Zortea lagun izan nuen eta sartzea lortu, beraz.

Txoritokitik frentian nuen Gabiria hankak eroso luzatuta ikusi nuen.

Hori ere bai.

asier
asier dio:
2005/12/06 16:11

Atano IIIan kanpoan geratutakoa haiz ala Iturri? Patxikulok dakar haren berri.

Julen
Julen dio:
2005/12/13 12:35

Maite, sartzeko baimena eskatzea ere... hurrengoan atea jo barik sartu, e!

Bai, horretan arrazoi duzu. Nik ere eutsi nien eskuei. Segundo batez puntuan egon nintzen Arriagako txalo-zaparrada pizteko, eta eskuak ere zabaldu nituen txaloka hasteko, baina bai: hotz egon ginen, oso hotz, hori egia da.

Gertatzen dena da nik kontzertu osoa pasatu nuela dantzan (aurreko butakakoak igarriko zituen nire hankak), eta barrutik kantu guztiak abesten, eta igual ez nintzen hainbeste konturatu akats horiekin. Baina publikoaren hoztasunarena bai, hori horrela da.

Eta soinu akatsak... ni ez nintzen konturatu, benetan diotsuet. Flagrantea izan zen, hori bai, kablea enrollatu zitzaionean eta ez zenean inor agertu laguntzera. Zelako apuroa pasatu zuen JCk! Minutu pare bat jendearen aurrean korapiloa deslotzen, txorrada pare bat esanda mikrofonotik... eta dena erdi-konponduta zegoenean, hortxe agertu zen teknikaria, kantuaren erdian.

Eta zure mondegreen horiei buruz, zer esan? Genialak!! Itoizen "Bizar betaurrekodunak", Carlinhos Brownen "Zapata paria"... eta deskubritu dugun azkena, Travoltaren "akatxius de montuplaien"!! Oso ona!

Etiam
Etiam dio:
2005/12/13 11:53

Jo! Berandu nator baina hala ere ez nuke isilik geratu nahi.

Bertan egon nitzan baina, Julen, zure berbak irakurri ostian, egon nitzana baina gustorago egon nitzanan sentzasioa geratu jata.

Nik, hasierako soinu akatsengatik ernegatuta, eta mugitu ezinak sortzen zidan egonezinagatik edo, ez naban zuk adina disfrutatu baina, dios!, gustora egon nitzan eta "bizar betaurrekodunak" jotzen hasi zanian?. Oraindik ere akordatu eta orrazia pasatu biot besoetan.

Bai, badakit kantu horretan "izar" esaten dabala eta ez "bizar". Itotzen letra haiek, Jhon Traboltaren "akatxius de montuplaien" abestia bezala izan dira neretzat. Radiokaset eskas batetik entzuten nituen letra zail haiek buruz ikasi nituen belarriak esaten zidatenaren arabera. Eta urtietan egon naiz "izar betaurrekodunak" barik "bizar betaurrekodunak" abesten.

Hala ere, oso hotz egon ginan publikoa. Ni ere kontzertura baino ez nitzan azaldu baina egun osoko ospakizuna izanik jendea beroago egongo zala espero naban. Tokatzen zan "izar betaurrekodunak" edo zelan da izenburua Julen?, "astelehen urdin batean" jotzen hasi zanian txalo egiten hastea ezta? Nik eutsi egin nien eskuei, lotsatu egin nintzalako txalo egiten lehena izaten, eta orain damu naiz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.