Mozorrorik gabeko festa (eta VII)
Hori jakinda, irakurleak ulertu behar du liburu hau ez dela etxeko lasaitasunean eta urtebeteko isilaldiaren ostean ondutako artikulu-bilduma, baizik eta guztiz alderantziz: lanorduen tarteak aprobetxatuz eta urtebetez isildu barik egonda idatzi du Mendigurenek. Hortaz, liburu hau blogaren erritmoan irakurri beharko litzateke: aleka-aleka dastatu beharko genituzke artikulu hauek, egunean bat, dosi txikitan, konturatu gaitezen zeinen lan ikaragarria dagoen hemen.
Kontua ez da soilik egunero idatzi eta argitaratzea, kontua ez da soilik burua egunero aktibo izatea, kontua da, batez ere, egunero literatura egiteko pretentsioa izatea. Eta Xabierrek erronka jarri zion bere buruari, eta urtebetea amaitu eta gainditu egin du erronka, zelan gainera. Literaturatik hurbil egoteko pretentsioa izan zuen 2004ko uztailean, eta, 2005eko uztailera helduta, dudarik ez dago ondo baino hobeto bete duela asmo hori, zailtasunak zailtasun.
Nahi baduzu, artikulu-bilduma deituko diogu esku artean duzun liburu honi. Nik urtekaria dela esaten jarraituko dut, ze, orriotako artikuluak irakurrita, gogoratuko ditut ikusitako pelikula eta antzerki-obrak, irakurritako liburuak, bizitako gertakari politikoak, lagun artean egindako hausnarketak. Eta, hori gogoratuta, nire bizitzaren beste pusketatxo bat ere gogoratuko dut, eta memoria txar honi erremedioa jartzeko balioko duen beste liburu bat izango dut apalean, eta osatuz joango naiz iragandako denboraren puzzle amaigabe hau.