Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Mozorrorik gabeko festa (VI)

Mozorrorik gabeko festa (VI)

gabiria 2005/12/03 11:03

Asmo hori betetzea zeinen zaila den laster jakingo du blogean egunero (eta ondo) idazten saiatzen denak. Izan ere, blogak eta literatura uztartzean, nik uste bereizketa egin behar dela. Batetik, blogak, literatura plazaratzeko bide gisa. Bestetik, blogak, literatura idazteko bide gisa. Oraintxe azalduko dut diferentzia txiki baina garrantzitsu hori.

Literatura patxadaz gozatzekoa bada, zer esanik ez idazterako orduan. Literatura patxadaz irakurri eta, batez ere, patxadaz idazten da. Patxadaz eta isilpean.

Blogak, literatura plazaratzeko bide gisa. Blogak tresna ezin hobea dira literatura, albisteak, burutazioak, argazkiak edo beste edozer plazaratzeko. Edozeren hedapenerako baliabide bikaina da. Etxeko estudioan, patxadaz eta isilpean literatura egin ostean, blogean argitaratzea bide ezin hobea da idazlearen lana hedatzeko, paperean argitaratuta baino leku gehiagotara helduko baita horrela. Beraz, lehenengo idatzi egin behar da, eta, idazleak uste duenean lanok argitaratzeko unea heldu dela, blogean argitaratu. Kasu honetan, blogak ez du apurtzen sorkuntzaren prozesu logikoa: lehenengo helburua sortzea da, eta geroagoko helburua, lana guztiz onduta dagoenean, argitaratzea. Egunero idaztea ona izan daiteke idazlearentzat; egunero argitaratzea, berriz, zoramena.

Blogak, literatura egiteko bide gisa. Hau da, literatura plazaratzeko ez ezik, blogak literatura egiteko aitzakia ere izatea. Mendigurenen eredua hartuta, urtebetez testu bat argitaratzen badugu egunero, literatura egiteko helburua zaildu egiten da. Eguneroko erritmo horretan, bloga oso bat-bateko tresna da: zerbaitekin konparatu behar badugu, poesia eta bertsolaritza izan daiteke konparazio hori. Etxeko estudioko patxadan egindakoa poesia izango litzateke, eta blogean egindakoa, berriz, bertsolaritza. Konparazioak maite ez baditut ere, horra konparazioa. Zuzenketa gutxiko lana da eguneroko blogintza, eta patxadaz egindako literaturarekin duen desberdintasun nagusienetakoa, hain zuzen, hori da: hitz perfektuaren bilaketa asko murrizten dela. Gogoratu lehen esaten genuena: zirriborroa ez dela idazleak eskaini nahi duen azken emaitza. Bada, eguneroko erritmoko blogean goitik behera jausten da jokaera hori.

Eta, berriro ere, mozorroaren kontua agertzen zaigu hemen: gakoa ez da egunero idaztea, ezpada egunero argitaratzea. Lehenengo kasuan (blogak, literatura plazaratzeko), idazleak egunero idatz dezake, eta aldian-aldian baino ez argitaratu (soilik testurik onenak, adibidez). Bigarren kasuan, idazleak egunero idazten eta argitaratzen du. Kasu horretan, apurtu egiten da sorkuntzaren prozesu logikoa: lehenengo helburua sortzea bada ere, idazleak beti dauka buruan testu hori argitaratzeko erabiliko duen bitartekoa, eta, kasu askotan, argitaratzearen helburua ia-ia sortzearenaren parean egon daiteke, ez bada aurretik. Kontuan hartu "idatzi" edo "sortu" esaten dugunean, literaturari buruz ari garela, ez kazetaritzako artikuluei, kronikei, eguneroko pertsonalei edo dibulgazio-artikuluei buruz. Beste maila estilistiko bateko idazketari buruz ari gara, beraz. Maila estilistiko gorena, eguneroko erritmoan.

Julen
Julen dio:
2005/12/06 18:48

Zuri, gainera, gratis egingo nizuke, Patxi!

Aiba, oraintxe konturatu naiz Xabierri ere gratis egin diodala...

Patxi
Patxi dio:
2005/12/06 17:46

Julen, izugarri gustatu zait Xabierren liburuaren hitzaurrea.

Inoiz libururik idatziko banu, haren hitzaurrea enkargatuko nizuke zalantzarik gabe.

Julen
Julen dio:
2005/12/05 13:55

Beharbada idazle blogarien kontua beste patxada batez esplikatu beharko nuke hurrengoan. Saiatuko naiz horrelakoren batean.

Sindromearena bai, guztiz ados: nik ere, egunero idazten nuenean, barru-barrutik bizi izan nuen hori. Azken batean, Berriako eguneroko zutabeetan bizi duten sindrome bera, baina kobratu barik. Hori, baina, egunero idazten baduzu. Kontua da kanpoko jendeak ez duela hori ulertzen: blogean ez dela zertan egunero idatzi. Ezetz. Ez dela horrela. Zuk nahi duzunean idatzi dezakezula, kopon! Eta, beraz, sindrome hori geuk hala izan dugulako dela. Baina horri buruz, luzeago, beste batean.

Testua "Materixala" atalean jartzeari buruz... hau ohorea! orain bai, orain sentitzen dut benetako eibartarra naizela. Pellak jatea falta zait!

(Oraintxe bidaliko dizut testu osoa)

Luistxo
Luistxo dio:
2005/12/05 12:55

Idazle blogarien burutazioetan apur bat galtzen naiz, baina bada kontu blogari askori gertatzen zaiona, eta behin Jose Luis Orihuelari mintegi batean Donostian entzun niona: hurrengo post edo artikuluaren sindromeak jota bizi dela blogaria.

Egia da. Zinera doa, eta pentsatzen du: hau ote nire hurrengo artikuluaren gaia? IKTeroen blogean ere irakurri nuen (baina ez dut aurkitu orain erreferentzia) beren ikasle gazteak ere horrela ari zirela bloga daukatenetik, zirrara horrekin ea zer argitaratu behar duten hurrengo...

Aizu, Gabiria: zure kapitulu hauek batu eta artikulu batean elkartuko bagenitu Eibar.org-eko Materixala atalean?

Julen
Julen dio:
2005/12/05 20:28

Lehen txarto esan dut: "Eta, beraz, sindrome hori geuk hala izan dugulako dela"... dioen lekuan, "Eta, beraz, sindrome hori geuk hala nahi izan dugulako dela".

Esan nahi dudana da egunero edo hamabostean behin idazteko erabakia hartzen dutenek sindrome hori izango dutela fijo, baina horren arrazoia ez da egunero idaztea, baizik eta derrigorrez idatzi behar izatea epe jakin horren barruan. Hau da: derrigorrezkotzat hartutako maiztasunak sortzen du sindromea.

Izan ere, blogetan ezer ez da derrigorrezkoa, are gutxiago maiztasun jakin batekin idazteak. Ez gara zutabegileak eta bloga ez da papera. Larregitan ahazten dugu hori. Eta askotan uste dugu idazteari uzten badiogu, irakurleak galduko ditugula. Horrek ere sor dezake sindromea, baina, kasu horretan, argi dago ez duzula bloglines ezagutzen. Enfin, gauza asko daudela nahastuta sindrome horren atzean.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/12/05 14:05

Bueno, egunero idaztearekin ere ez dago lotuta sindromea. Zer idatziko kezka horrekin, egon daiteke bat, harik eta topatzen duen arte kakoa. Hamabostero idazten duenak ere badu sindromea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.