Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Bittor Kapanaga: "Singularra defendatzeari eman nahi diot geratzen zaizkidan urteak"

Bittor Kapanaga: "Singularra defendatzeari eman nahi diot geratzen zaizkidan urteak"

Julen Gabiria 2005/09/23 08:35

Bittor Kapanagarekin Otxandiotik paseatzen ari zarenean, makuluak lagundutako pauso txikiek soilik gogoraraziko dizute ia 80 urteko gizona duzula alboan. Herriko gazte guztiek agurtzen dute eta tabernatik irteten direnek zerbait esaten diote. Gizon maitatua da Otxandion eta euskal kulturaren munduan. Ezezaguna, hala ere, jende gehienarentzat. Bere bizitza euskara izan da, eta horri buruz egin dugu berba, Kapanaga ez baita isilik geratzekoa.

Azken urteotan omenaldiz omenaldi zabiltza, Bittor.

Omenaldiak ez zaizkit asko gustatzen baina...

Sonatuena Mendebalde Kultur Alkarteak 2000. urtean egindakoa izan zen.

Bai, gutxi gorabehera neuk sortu nuen eta!

Ez nekien hori. Zeuk sortu zenuen?

Ni Eibarren nengoela, "bizkaiera" hitza ezin zen erabili ere egin. Batetik, Bizkaia kondenatuta zegoelako, eta, bestetik, euskaraz ezin zelako normaltasunez egin. Orduan, nik proposatu nuen "bizkaiera" hitzaren partez "mendebalde" indartu behar zela. Baina orain Mendebalde Kultur Alkartekoei ere esan diet "mendebalde" alde batera utzi eta "sartalde" erabiltzen hasi behar dela.

A, ulertu dizut elkartea zeuk sortu zenuela!

Ez, ez: ideia eta korrontea Eibarren sortu zen, baina Mendebalde Kultur Alkartean ez nintzen sartu. Esan zidaten baina...

Eibarrera ikastera joan zinen, ezta?

Bai. Hango iraultza geuk sortu genuen: Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri... Zazpi bat lagun ginen, baina Laspiur eta neu ginen ardatza. Ni nintzen kanpoko bakarra. Euskara zela eta, jende guztia zegoen beldurrez, ezin zen ezertxo ere egin, eta gu euskararen alde lanean hasi ginen, euskal eskolak sortuz-eta. Baina ni autodidakta naiz e!

Ez duzu inongo titulurik, egia da. Baina hori harro egoteko motiboa al da?

Ni harro nago neu izateaz. Dena ikasi dut korrontearen kontra. Hamar urte nituenean, dena zen inperiala, eta guk dena ulertu behar genuen geure erara. Euskalduntasunaren inguruan galduta nengoen, ez neukan horri buruz berba egiteko lagunik. Formazio makala geneukan horretan, baina hamahiru urterekin esnatu egin nintzen: hamahiru urterekin gaur beste nekien. Baina norekin hitz egin? Azkenean, neure buruarekin: guztiari ematen nizkion bueltak, eta horrela deskubritu nuen...

Euskal kontzientzia?

Bai.

Eta zelan deskubritzen du hamahiru urteko ume batek euskal kontzientzia?

Hori da, bada! 1939an, udako oporren ostean, irailaren 1ean, erabaki nuen ez nintzela gehiago joango eskolara. Lotsatia nintzen, baina buruan gauza bat sartzen zitzaidanean... Nik ez nuen inperio baten parte izan nahi, eta liburuak hartu eta behiak zaintzera joan nintzen. Horrela ikasi nuen munduko berri: etniak, hizkuntzak... Eta, irailaren 3an, behiak errekara eraman nituenean, zahar bat ikusi nuen han jarrita, La Gaceta del Norte eskuetan, ikusmena galduta: Otxandioko alkatea izandakoa zen. Esan zidan ea irakurriko nion egunkaria, eta halaxe egin eta konturatu nintzen albiste guztiak zirela II. Mundu Gerrari buruzkoak, orduantxe hasi baitzen. Zaharrak, orduan, diskurtsoa bota zidan: "Gerra hau luzea izango da. Denek uste dute alemaniarrek erraz irabaziko dutela, baina gutxienez bost urte iraungo ditu Gerrak, eta azkenean Ingalaterraren bandoak irabaziko du. Eta Jaungoikoak nahi dezala gure aberria askatzeko unea ere hauxe izatea... Badakizu zein den gure aberria?", galdetu zidan, eta ni ahoa zabalik. Esan zidan: "Zazpi probintzia dira: hiru Frantzian eta lau Espainian, baina gure aberria ez da ez Frantzia ez Espainia". Orduan bai konturatu nintzela zer zen hemen gertatzen zena! Nire barruan iraultza izan zen hori. Munduari beste dimentsio bat hartu nion.

Eta gero Eibarrera...

Eibarrera joan nintzen eta jendeak galdetzen zidan ea non estudiatu nuen, eta nik: "Soroan, behiak zaintzen. Liburu bat hartu eta...". Jendeak ez zidan sinisten, eurak señoritoak baitziren, kolejioetan ikasitakoak.

Garai horretan ezagutu zenuen Joxe Migel Barandiaran?

Barandiaranek asko estimatzen ninduen. Juan San Martini esker ezagutu genuen elkar: euskara gainbehera zihoala-eta, Club Deportivon euskara eskolak jarri behar genituela pentsatu genuen, lehendik esperantoa ere irakasten baitzen han. Eta, egun batean, banekienez Barandiaran etortzekoa zela, eskolak lehenago amaitu eta kalera joan nintzen. Hantxe zegoen, Eibarko ilustre guztiekin batera: herriko alkatea, parrokoa... eta bera erdian. Ikusi ninduenean, keinu egin zidan beragana joateko: "Zerbait daukat zuri esateko", bota zidan, eta urrundu egin ginen. Baina ez zeukan ezer esatekorik! Berak nahi zuena zen jende harengandik apartatzea!

Harreman ona izan zenuen berarekin, hortaz?

Oso ona. Harekin badut anekdotatan! Eta gauza guztietan animatzen ninduen: gairen bat planteatzen banion, esate baterako erlijioari buruz, adi entzuten zidan, eta ikertzen jarraitzera bultzatzen ninduen. Baina, batez ere, euskarari buruz aritzen ginen, orduan ere euskarak bazituen-eta bere arriskuak...

Gaur bezala, atzo ere bai.

Gauza batzuk beti egon dira arriskuan, baina batzuk gaur bereziki daude arriskuan: singularra. Ez duzu nabaritzen?

Esate baterako?

Orduan ere gaurko arazo berberak zeuden: nik, sasoi hartan, Zeruko Argian idazten nuen, eta norbaitek mugagabea deskubritu zuen. Bada, jartzen banuen "25 urteko mutil bat", agertuko zen "25 urtetako mutil bat"; hurrengoan "25 urtedun" idazten nuen, eta "25 urtetako" jartzen zuten berriro. Ez zegoen salbaziorik. Eta hori oraindik ere ikusten da. Orain, estropadekin, zer esanik ez: "Donibane 7 segundora heldu da" esan beharrean, Manu Maritxalarrek beti esango du "7 segundoetara". Gaitz hori idazle eta erredakzio askotan dago sartuta, eta horrek asko hondatzen du euskara. Singularra defendatzeari eman nahi diot geratzen zaizkidan urteak, zeren, euskarak singularra galtzen badu, zentzu guztia galtzen du euskarak. Singularra arriskuan dago, eta horren bultzatzailerik gogorrenak ETB eta Euskadi Irratia dira.

Asko erabiltzen da, bai.

Eta euskarak beste arazo larri bat ere izan du: euskaran, a hizkia singularra da beti, eta e hizkia, berriz, plurala. Forma zaharrak "zare", "gare" eta "dire" ziren, baina euskal lurralde bakoitzak bere erara jokatu zuen: Bizkaian "dire" mantendu da, eta Araban ere hor nonbait. Zuberoan denak singularizatu ziren, "zira", "gira" eta "dira" sortuz; Nafarroa Beherean eta Lapurdin, aldiz, "zare", "gare" eta "dire". Baina Gipuzkoakoa negargarria izan zen: "zera" erabili zen, eta metatesi hori katastrofe bat da. Eta "zera" horrek e hizkia behar zuenez plurala egiteko, "zerate" sortu zen, eta batuak hortik hartu zuen "zarete". Eta "zarete" sortu bazuten, zergatik ez "garete"? Baionako batzar batean, "gare" proposatu nuen baturako aditz forma gisa. Gabriel Arestik eta nik baiezko botoa eman genuen, baina beste guztiek ezezkoa. Badakizu: gipuzkera zen Jainkoaren hizkuntza, eta Jainkoaren hizkuntza beti da sakratua.

Jainkoaren hizkuntza?

Jainkoak sortu egiten dira, eta, sortzen ez badira, sortu egiten ditugu. Hemen ere egon dira Jainko faltsuak, eta bat, argi esateko, Mitxelena izan zen. Euskara ez zuen ondo ezagutzen: latina maite eta latina bizi zuen.

Jendeak ez du jakingo Bagare (Araban bagare...) kantua zeuk idatzitakoa dela. Giro horren barruan idatziko zenuen, beraz.

Araban nahiko bizirik geratu zen forma hori, baina euskara azkenetan zegoen. Kantua idatzi nuen arabarrei indar apur bat emateko, zeren, gainera, Otxandion arabarrez egiten dugu. Badakizu zer gertatzen den? Bada, zuk etxean pertsona piloa baduzu eta bat gaixorik badago, batez ere gaixorik dagoen horri egin behar diozula kasu. Eta Araba gaixorik zegoen. Gorka Knörrek Araba, zazpigarren alaba kantatzen zuen, baina behin esan nion: "Araba, zazpigarren alaba ez: Araba, euskararen semerik zaharrena da, baina elbarria".

Bistan da oso hurbiletik jarraitzen dituzula euskalkiak. Zelan elikatu behar dute elkar euskalkiek eta batuak?

Oso zaila da. Batuaren sorreran astakeria asko egin zen, eta orain kitatu nahian dabiltza. Euskarak baditu zenbait zutabe; bada, horietako dozena bat batuz gero, on itzela egin diezaiokegu euskara batuari... baina nork batu zutabeok? Hortxe dago koska. Telebista eta irratia garrantzitsuak izan daitezke prozesu horretan, gauzak ondo eginez gero: esate baterako, medio horietan bizkaiera darabilten pertsonak asko dira, baina ez da kontuan hartu Eibar, Elgoibar, Markina edo Mondragoe inguruko jendea. Horiek euskaldun onak dira, euskararen jenioa barrutik bizi dutenak.

1978an liburu bat ere argitaratu zenuen, "Euskera erro eta gara".

Dudan egon nintzen euskaraz ala gaztelaniaz idatzi, eta erratu egin nintzen: euskaraz idatzi nuen.

Euskarazko hitz piloaren etimologia aztertu zenuen hor...

Liburu hori misterio bat da: ez du inork ere ulertzen. Badaukat beste liburutxo bat ere idatzita, Initza, baina argitaratu barik. Orain, Otxandioko gazte batzuek web orri bat egingo didate, eta bertan jarriko dugu testu hori. Baina bestea, Erro eta gara, hil baino lehen gaztelaniaz idatzi beharko nuke, esplikatzeko zer esan nahi nuen. Gaztelaniak eragin handia dauka gure "jakitunen" artean.

Errebeldea zara, gero!

Rebelde por rebelde ez: nik nire ideiak ditut eta ez naiz makurtzen. Beste batzuk zutitu ere ez dira egiten, baina ni ez naiz makurtzen.

Ez zaude nekatuta beti besteek onartzen ez dutena defendatzen, beti korrontearen kontra?

Ni ez noa kontra, eurak doaz! Kausa galduen aldeko sinpatia beti izan dut: baina, lehenengo eta behin, arrazoia non dagoen bilatu behar da, eta arrazoia baduzu, aurrera. Laguntza barik nabil arriskuei aurre egiten, bakar-bakarrik. Baina arriskuak harrizko arrisku bihurtu dira. Jendeak beldurra dio arriskuei aurre egiteari, eta, beldurraren beldurraz, Euskal Herriak ez du zirkinik egiten.

Zure beste borroketako bat Olentzaro hitza defendatzea izan da, Olentzeroren aurrean.

Gipuzkoan, -ero atzizkiak indar handia dauka, gaztelaniaren eraginez. "Albaitari" hitza ontzat ematen dut, nahiz eta, izatez, euskaraz "albaitera" izan; baina Gipuzkoan "albaitero" esaten dute! Hortik datoz, gero, "gezurtero" eta horrelakoak... Ez dira konturatzen gaztelania dena. Eta Olentzero hitza ere hortik sortu zen, baina Barandiaranek berak ere Olentzaro erabiltzen zuen. Hala ere, ez zekien hitz horrek festa-aro bat islatzen duela, eta orduan neuk aurkitu nuen "oles" hitza bertsoa dela, eta hortik datorrela "oleskari" ere. Oles egiteko aroa zen, beraz. Barandiarani horren berri eman nionean, orduan konturatu zen: baietz esan zidan, horixe zela.

Autodidakta zara, ez duzu titulurik, lehen ere esan dugu. Baina zer jarri beharko nuke zure izenaren alboan, zer zaren definitzeko?

Zer naizen? Euskaldun bat, orpotik bururaino, eta kontsekuentea. Lehen, askok eta askok agurrik ere ez zidaten egiten, euskararen defendatzailea nintzelako. Orain, eurak ilobekin ibiltzen dira, eta, jakina, ni albotik pasatzen naizenean, euskaraz di-da hasten dira umeekin, entzun diezaiedan.

Zelan nahiko zenuke jendeak gogora zaitzan?

Eskerrik asko galdetzeagatik baina... Ondo ezagutzen nautenek gogoratuko dute lar mantsoa, lar apala izan naizela. Dena dela, askok gogoratu ezta ere, ardurarik ez. Bien bitartean, ni saiatuko naiz euskararen arriskuen kontra egiten, jendeak beldur apur bat izan diezadan, kar-kar...

Eta zu, inoiz izan zara beldur?

Oso beldurtia izan naiz, izatez.

Euskarari buruzko batzarretan ere bai, Mitxelena aurrean zeneukanean?

Ez, orduan ez. Horrelakoetan, beldurra baino, adore falta izan dut. Orain, denboran atzera egingo banu, gogorrago egingo nuke. Baina orain beste batzuk sartu dira, eta erretiratzen ere jakin behar da.

-----------------------------------------

Oteiza

Oteiza bluff bat izan zen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina, egun batean Otxandiora etorri zen Itziar emaztearekin. Bat-batean agertu zen, inongo azalpenik eman gabe, eta hiru egunez egon ginen hirurok etxean sartuta. Konturatu nintzen Oteiza nire deskubrimenduez jabetzera etorri zela, gero berak erabiltzeko. Baina ez nizkion eman: hiru arlori buruzko teoriak nituen, eta arlo bakarra azaldu nion. Horregatik, "El euskera preindoeuropeo" idatzi zuenean, lan hura herren irten zitzaion.

Akelarrea

Txitxiburduntzia akelarrea adierazteko eufemismo bat da, besterik ez. Txitxia okela da, eta burduntzia, berriz, okela sutara hurbiltzeko makila. Beraz, akelarre izan beharrean, okelarre da jatorrizko hitza. Izan ere, akerra ez zen hemengo elementua, Europatik sartutakoa baino. Europan deabrua akerra zen, baina hemengo txitxiburduntzian ez zegoen akerrik: bildots errea jaten zen.

Euskaltzaindia

Ez naiz euskaltzaina, ez urgazlea ez ezer. Nahi ere ez. Gaur ezin da planteatu ere egin, 80 urterekin; baina lehenago bai proposatu zidaten, eta ez nuen nahi izan. Behin artikulu bat idatzi nuen Euskaltzaindiako izendapenak-eta zelan egiten diren azalduz, hango barruak ezagutzen nituen-eta. Horrek efektu txarra egin zuen eta puntu piloa galdu nuen hor, kar-kar... Baina euskaltzainekin-eta ondo konpontzen naiz. Andolin Eguzkitzaren heriotza kolpe handia izan zen niretzat.

---------------------------------------

Nortasun agiria

Bittor Kapanaga Otxandion jaio zen 1925eko urriaren 15ean. Euskal kontzientzia hamahiru urterekin eskuratuta, Eibarrera joan zen industria-maisu ikasketak egitera, eta, bertan zela, 1952 inguruan, Eibarko gerraosteko euskal mugimendua sortu zuen beste zenbait euskaltzalerekin batera. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian idazten hasi zen, eta, gero, Zeruko Argian eta beste hainbat argitalpenetan. 1978an "Euskera erro eta gara" liburua argitaratu zuen, gure hizkuntzaren erroen bila joanda.

etiketak:
xalbador
xalbador dio:
2005/11/14 19:47

Edarra benetan. Etxakixat ze demontre irakasten douen ikastoletan...Hemen jak gure ondarie, hemen itturri agorteziñe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.