Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Non sartzen da jendea?

Non sartzen da jendea?

gabiria 2005/09/14 10:14

Hori da jaietan eta asteburuetan jendeak sarri-sarri egiten duen galderetako bat, eta hori da, egunotan, gure artean egin dugun galdera, herria jaietan baitugu.

Badirudi denboran atzera begiratzen dugunean, guztiak izan behar duela derrigorrez hobea. Jai kontuetan ere, atzera begiratu eta gogoratzen ditugu taberna eta plazak topera beteta. Orain ez. Pentsatzen dut gazteak euren lokaletan sartuko direla eta bertan emango dutela gaua, ondo baino hobeto ulertzen ditudan arrazoiengatik: tragoak dezente merkeagoak irteten zaizkie, epeletan daude, masifikaziorik gabe, eurek nahi duten musikarekin, nahi duten lagunekin, nahi duten moduan. Seguru nago, gainera, lokalak osasunerako sanoagoak direla herritik bueltaka ibiltzea baino: tabernako beroan sartu, kanpora irten eta euria, hurrengo tabernan aire girotua...

Aldatu egin dira ohiturak, baina ez da hori kontua: jendea egon, badago; ez dakiguna da non. Hori galdetzen duzunean, esaten dizute jendea beste nonbaitera joan dela, baina bigarren herri horretara bazoaz ez duzu lehenengoan baino askoz ere giro handiagoa topatuko, eta, edozelan ere, batean zein bestean, jende eta giro gutxiago topatuko duzu aurreko urteetan baino.

Kontua da, aurreko ostiralean, hiru kontzertu egon zirela herrian: Arean, Gari eta Kokein, zein baino zein interesgarriagoa. Arean ikustera heldu ez banintzen ere, 40-50 bat pertsona geunden Gari eta Kokein ikusten. Non eta 30.000 biztanleko herri batean.

Hori ikusita, lagunen artean kezka sortu zen, eta kezka ez zen jakitea jendea non sartzen den. Gure kezka zen jakitea zer gertatuko litzatekeen Euskal Herritik kanpoko beste edozein lekutan dohainik jartzen badituzu, esan dezagun, Arean, Gari eta Kokein taldeen kalitateko beste hiru talde, edo horiek hirurak.

Ez dakit den erraztasunera ohitu garela eta uste dugula kontzertuek derrigorrez izan behar dutela dohakoak, edo, alderantziz, uste dugula kontzertuak dohakoak direnez ez direla hain onak. Edo, aurreko batean esan nuen moduan, munduko talderik entzutetsuena ekarri behar dela bostehun pertsona biltzeko eszenatokiaren aurrean (asko ari al naiz eskatzen?).

Berez, aisialdia okupatzeko moduei buruzko kezka bat izan zitekeen hau, edo gazteen ohitura berriei buruzko galdera, baina, atze-atzean, kulturaren definizio baten bila nabilela uste dut, izan ere, kalitatezko kultura jendearen eskuetan jarri eta jendeak hartzen ez duenean, definizio guztiak zulora doaz.

etiketak: Musika
Patxi
Patxi dio:
2005/09/15 00:48

Neri gauzatxo hauek etortzen zaizkit burura, boteprontoan:

Alde batetik, duela oso urte gutxi, pentsaezina zan gazteak lokaletan biltzea. Ez zieten lagatzen. Orain gurasoek oso gogoz kontra lagatzen diete; gizartearen inertziak horretara eramanda, sufrimentu ordu askoren ordaina pagatuz (zertan ote dabiltza hor barruan? drogatu egiten ote dira? sexu-grupala praktikatzen ote dute??)... Baina lagatzen diete. Lokalena guztiz zabalduta dago.

Lokalak, kalearen ordezko merkea bihurtu dira askorentzat. Alkoholaren prezioaz zer esan? Tabernaz taberna ibiltzea luxuzko ohitura bihurtu da. Eta ez da alkoholaren prezioa bakarrik. Erropa (lehengo aldean, gazteek askoz diru gehiago gastatzen dute erropa erosten, modak, tendentziak), teknologia (mp3 reproduzitzaileak, mobilak, ordenagailuak...)... dirua nun gastatu ugari, eta gurasoen iturriak ez du denerako ematen... Tabernaz taberna ibiltzea zerrendan ...x garren dago. Ez lehenengo tokian lehen bezela.

Bestalde, tabernak, harremanetarako zubia ziren. Orain gazte gehienek 120 kontaktu dituzte messengerrean eta hogeirekin esemeseatzen dira. Tabernak, festak, ez dira ezinbesteko zubia ligatzeko, edo harremanak izateko.

Gazte askoren isolamendua ere ekarri du teknologiak, horrekin ere akorda gaitezen, eta erantsi diezaiogun zerrendari. Etxean geratzen dira asko.

Kontzertuetan jende gutxi? Josuk eta Ibanek diotena tajuzkoa iruditzen zait. Eta bai, ikusleak ordaintzen duenean, artista behartuta sentitzen da esmeratzera. Doakoa danean... Ez dakit ba.

Eta aupa Julen!

axier
axier dio:
2005/09/15 12:57

Guzi honen arrazoi nagusia hemen goian aipatutakoaren bilduma dala argi dagoela ustot. Gazte gutxiago, diru gutxiago, eskaintza gutxiago, berritasun are eta gutxiago, harremanak sortzeko bitarteko berriak....

Baina ulertu ezin dezakedana da orokorrean(ez da musikan soilik gertatzen) dagoen kultura eskeintza urriari aurre egiteko, nahiz ta zenbait herrietan ikusten den panorama ene herrirako nahiko nuke, betiko bitartekoari heltzea: dirua, dirua eta dirua. Hau da kalitatea eta dirua batera joango bailiran kultur sorkuntzan. Udal teknikariek papeleta betetzeko moduko programak egiten badituzte eta txozna ta jai batzordekoek ahalik ta jende gehien erakartzeko montatzen baituzte kontzertuak... honek ez du zerikusirik diru kopurua kobratzearekin nire ustez. Hortan nabari agertzen dena, eta hortaz aaaaasko dago esateko, da EHko jai ereduen gainbehera.

Baina neuk behintzat doakotasuna eta kalitatea bateraezinak direla ez nuke inondik inora esango.

Aritza
Aritza dio:
2005/09/14 18:41

Ba nik bai, nik nahiago dut zuritu bi hartu eta lagunekaz egon talde batzuk entzun baino (ez nabil Kokein taldeaz), zeren eta talde guzti-guztiak ez baititut gogoko. Kontua zein da? zuritoak ala Kokein, edo zuritoak ala musika taldeak, edo zuritoak ala Musika, edo Musika ala txosnak, edo txosnak ala Kokein... Ohiturak aldatu dira eta gu txarto ohituta gaude. Gazte kopurua jaitsi da, gazteen zaletasunak aldatu dira, eskaintza zabalagoa daukagu.... Ohitu gara kriston kontzertuak doan ikustera eta tamalez gehienek oradaintzen ez dena ez dute baloratzen. Bilboko jaietan Garik jo eban Uribitarten eta jendetza bazegoen ere (Ken 7 zetorren geroago), kontzertu horrek ez zuen lortu Kafe Antzokian lortu zuen giroa. Musika talde bakoitzak bere giroa behar du. Inork imaginatzen du Mikel Laboaren kontzertu bat edozein herritako txosna batean?? edo Su Ta Gar Arriaga Antzokian?? Kontzertuak ezin dira bitarteko izan, helburu izan behar dira. Beste kontu bat da jakitea nork egiten duen kontzertu helburu, kontzertua antolatzen duenak ala kontzertua ikusten duenak. Barricadak jotzen du barikuan Galdakaon, hor egongo gara nostalgiko batzuk Drogas eta enparauak ikusten,... eta katxiak eskuan bada askoz hobeto.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/09/14 20:53

Josurekin bat nator, guztiz.

  • Jaietan kontzertuak txarrak izaten dira, normalean. Baita taldeek gogoz jardun arren.
  • Kontzertuak ordaindu egin behar dira. Bestela kontzertua interesatzen ez zaion jende asko egoten da eta horrela behera etor daiteke giroa.
  • Udalek kulturaren kudeaketa eskasa egiten dute "dena doan, dena doan" leloarekin. Kultura kontsumitzea ordaindu egin behar da, ahalik eta gutxien, baina ordaindu.
  • Kultura teknikariei, normalean, ez zaie larregi inporta kontzertuak irauten duen artean ia kalitaterik badagoen edo ez. Ausatzen naiz esaten gehienak ez dutela ikusi ere egiten antolatzen dutena.
  • Ez dute zaintzen ez taula gaina, ez soinua, ez leku egokia den, ez fondo beltzak, ez plazetako argiak, ez fokoak, ez...
  • Badaude manager onak hori dena txukun lotzen saiatzen direnak. Ez dira asko.
  • Kokntzertua txukun eta duin ateratzeko hortik bizi behar dutenak + zaletuek antolatutako lekuetan jotzea modukorik ez dago.

Ahalik eta ondoen antolatuta ere ez da erraza jendea batzea, dena den. Hori bai, ikusten diren kutrekeriekin joango da jendea berriz ere Macarena entzutera tabernetara.

Xabi
Xabi dio:
2005/09/14 15:38

Erabat ados zure hausnarketarekin Julen, nik ere sarritan egiten diot galdera hori berbera nire buruari. Beste kontu bat da tajuzko erantzuna topatzea...

Ondo pasau Galdakaon gertazen jatzuena!

Dromedario Makarrovski
Dromedario Makarrovski dio:
2005/09/14 15:57

ba, barkatuko didazue, baina niri ikaragarri gustatzen zaizkit tabernak, poteatzea eta txosnak. Ni hor topatuko nau, gura duenak.

Ordea, ados nago Josu tokaioak kontzertuei buruz dioenarekin...parte baten. Jaietako kontzertuek, ezpadira gora eta behera saltoka ibiltzeko, musika de fondo legez azken finean, ez dute funtzionatzen.

Horrek ez du esan gura, halan be, "jaiak" barik "kontzertu bat" antolatzen denean, jendeak erantzuten ez duenik. Alderantziz.

Eta kontzertuak doan ez jartzearena ni por el forro. Kultura ordaindu behar da ala?

newton
newton dio:
2005/09/15 18:33

Bai egia da giroa jeitsi dela, eta hori argi eta garbi ikusi dut esate baterako Irungo Mosku plazan. Zergatik? Ez dakit ba, litekeena da lokalen kontu hori, baina geuk ez dugu lokalik nahiago dugu lagun artean kalean egotea edo Polikiroldegian kirola egitea. Egia da, jendeak lehen tragoak lokalean edo ta norbaiten etxean hartzen dituela, eta zorte pixka batekin afaritxoa edo antolatuko dute bertan. Hondarribian jaiak pasa berri dira, eta txosna gunea -txikia benetan- nahiko beteta zegoen, kontzertuak nahiko hurbil egoten dira eta jendetza ere egon ohi da. Bestalde, tabernak ez daude oso urrun handik eta posiblea da poteoan egotea eta beranduxeago zenbait abesti entzutea kontzertuetan. Mugimendua oraindik hor dago, baina diozuen moduan jeitsi egin da. Bestalde, kurtsoan zehar Bilbo ingurutik ibiltzeko aukera daukat, eta kaleak nahiko animatuta egoten dira, Kaskagorrik antolatutako kontzertuak lepoz jende egon ohi dira, eta Kafe Antzokiko kontzertuetan ere jende dexente ikusi izan dut; Kokien Bilbon ikusi izan nituen eta oso talde ona da. Pena da, oraingo gaztedia Lokaletan eta zenbait diskoteketan egotea. Handia, pena. Baina gaztediak horrelaxe doa. Irtenbiderik? Horrela jarraitu beharko luke?

josu
josu dio:
2005/09/14 15:37

Ohiturak aldatzea izan liteke arrazoi bat. Baina, kontzertuena diferente ikusten dut nik...

Kontzertuen sobredosia dago Euskal Herrian. Eta, gainera, doan.

Kontzertuak ez dira antolatzen musika entzun nahi delako. Antolatzen dira festak direlako, eta festetan derrigor kontzertuak egon behar direlako. Tabernetan jendea ibili dadin, grupoa ekartzen da herriko plazara. Gure herrian tabernariek ere antolatzen dituzte kontzertuak. Kontzertuak bitarteko soil dira, ez helburu. Eta, klaro, bitarteko soil bezalaxe tratatzen dituzte denek.

Eta musika taldeak joko hortan sartzen dira, klaro, money is money.

Eta, klaro, azkenean, kontzertuek balioa galtzen dute. Errepikapenaren errepikapenez niri nazka pixkat ere ematen didate ja plazetako kontzertuek. Ez naiz geratzen. Gari debalde herriko plazan! Iupi! Baina, gero, kontzertu hori txarrikeri bat da, inor joaten ez delako edo inor ez da joaten txarrikeri bat delako eta hurrengo hilabetean alboko herrian egongo delako eta... Zirkulu biziosoa. Puff.

Nire tesia: kontzerturik ez doan!

Gari
Gari dio:
2005/09/14 14:34

Behin entzun nion Unai Elorriagari gorroto duela jendeak "Kafe bat hartuko dugu?" esaten dionean hitzegitera joateko. Zergatik ez diren hobeak parkeak edo plaza arruntak hizketan egiteko.

Nik ere berdin pentsatzen dut. Taberna zikin horiek eta poteatu behar hori... Jendeak nahiago zurito pare bat hartzea Kokein entzutea baino.

Bestalde, nire andrearen aitak kontatzen du Bartzelonako lagun batek aurpegiratzen ziola euskaldunak beti taberna zuloetan sartuta geundela. Egun batean kalean zeudela euria hasi zuen eta Bartzelonakoak esan zionean "nonbaiten sartu beharko dugu ez?", aitaginarrebak "Goazen eliza horretara" esan zion. Orduan ulertu zuen katalanak gurean euri asko egiten duela.

Enfin, serafin...

Jozulin
Jozulin dio:
2005/09/15 15:43

Ba bariku gabean, jaiak hasi ziren egun horretan bertan jada hainbestetan irteten ez garen lagun batzuk batu ginen tragu batzuk hartzeko. Zamakoako giroa okagarria zen Vanessaz eta Sergioz beteta. Somerara joateko zaharregiak garenez txoznetara joan ginen eta jende gutxi zegoela iruditu zitzaigun, gazte gutxi, bereziki. Pentsatu genuen kontzertuan egongo zirela baina han ere ez bazeuden... Non sartzen da jende hau? Bide batez, tabernazuloena ondo dago baina gertatzen da musikaren bolumenarekin ezin dela elkarrizketa normal bat euki; horregatik ere nahiago izan genuen txoznen ingurua.

Koldo
Koldo dio:
2006/04/03 13:53

Nire ustez, gaur egungo musikaren eta musikarien egoera kaxkarraren erantzuleak, musikariak eta komunikabideak dira. Hertzainak-ek esan zuen garai baten "euskadin rock-ak ez zuela dirurik emanen" baina "inun baino alaiagoa izanen da" ere aldarrikatu zuen. Julen Gabiriak planteatzen duen arazoa ez da gaur egungoa bakarrik. Gaur egun kontzertu askotan estilo zaratatsuak antzematen dira, jendeak nahiago du zerbait dantzagarriagoaz gozatu edo telebistan eta irratian entzuten diren abestiak kantatu. Eitb-ek eta bereziki Euskadi Gazteak, euskal musikarengandik zer jaso duen eta zer jaso nahi duen erreflexionatu beharko luke. Euskal musika 10 urtean itzaltzeak jendea deskolokatua utzi du.Itzaltzea diodanean galdera hau bota nahi dut:Gogoratzen al zara azkenaldian euskal musikak emandako arrakastaren batekin?Etxe-ren hori da dena asko jota.Ondo sonatzen duten taldeak badirela esaten da baina non daude garai bateko kantu onak?

Txiki-Maite
Txiki-Maite dio:
2005/09/16 20:57

1-Rosendo, 2-Baron Rojo, 3-Reincidentes 4- Barricada hilebeko tartean laurak, hiru kilimetroko perimetroan, lau kontzertu eta lau jai-egitarau ezberdinetan. Ez da kasu "berbera" baina Gari eta Kokein aipatu direnez, galdera pare bat; zenbat urteko gazteak dira lokaletatik ateratzen ez diren horiek? irudikatzen dituzue adin-tarte horietakoak lehen aipatu ditudan bezalakoen kontzertuetan? Nork antolatzen ditu kontzertuak? Zer adin tartekoak dira antolatzaile gehienak? Zeintzuk dira hauen erreferente musikalak, eta kulturalak orokorrean? Zertarako antolatzen dira kontzertuak, edo hobe esanda, norentzako? Zer iritzi dute horietako gehienek, eta bide batez blog honetan idazten ari garenok, lokaletan "usteltzen" ari diren gazte horien gustu musikalez, eta ohiturez? Zer dakigu haietaz? Zer jakin nahi genuke? Zertarako? Zenbat aurreiritzi? Zenbateko kontsiderazio falta eta mespretxua. Zertxobait entzun dugu denok "trikitixa"k edo "infreñuko hauspoak" sufritutako kalbarioaz, hurbilago dauzkagu rockarekiko askoren mesfidantzak eta are berriagoak dira heavyaren onarpena eta berehalako glorifikazioa. Bestelako estilo eta ohiturak oso apurka, imitazio hutsez eta ia ia kontranatura somatzen ditut askoren gustuen artean eta zenbait jai-egitarautan. Zertan ari gara orain gure "gazte denbora" markatu ez dituzten musika eta bizimodua epaitzen? Zer pentsatzen zuten ba, gure gurasoek edo hamar urte zaharrago eta Benito Lertxundi edota Camilo Sextoren zaleak ziren gure neba-arrebek, "drogak behar ditut AEK-n" , "come mierda y pagala" "hil ezazu aita, hil ezazu bertan" " somos ratas de Bizkaia.." edo " me gusta ser una zorra" bazkalorduan bolumen altuan ipintzen genuenean? Zer iritzi dute gure droga ohiturez? Gurekiko onartzen ez genituen moduko juzku moralak ari gara erabiltzen gazteen ohiturak baloratzerakoan. Horrek indartu egingo ditu euren "berezitasunetan" eta horixe ez da berez txarra, baina bide batez eta ezinbestean, mespretxatzen dituztenen ezaugarri nagusien kontra jarriko ditu, zaletasunak, musika, ohitura, aldarrikapenak,...... hizkuntza? Despotismoari STOP. Gora antzinako, gaurko eta etziko gazteria.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/10/27 21:17

Zorrotzako jaiak (neure auzo ohiarenak), 2005eko irailean:

("Zorrotz-Morrotz" aldizkaritik hartua, Igor Gutiérrez-ek idatzia)

Egoera bat:

  • Aizue, jaitsiko gara parkera? - Zer dago gaur ba? - Berbena dagoela entzun dut. - Bai, zera! Karrozak baino ez ditugu bertan aurkituko! Hobe dugu hemen lonjan edaten jarraitzea eta gero txosnetara jaistea kriston atxurrarekin.

Beste egoera bat:

  • Aizu, Mari, jaietara aterako gara? - Zertarako? Neska-mutikoak hortik botata nola mozkortzen diren ikusteko? Gainera ez dute gure adinekoentzako musikarik jartzen eta ez dago ia girorik.

Igorren hausnarketa:

Norberaren herriko jaiek badute beste jai guztiek ez duten zerbait: aspaldi ikusten ez zenituen txikitako lagunekin elkartu eta hitz egiteko parada, zure auzokideekin bestelako harremanak hasteko beta,... (...) Astebururo mozkortzea errutina bihurtu den garai honetan, gizarte indibidualista eta tristea azaltzen zaigu begien aurrean. (...) Batzuetan, harri soil bat gu baino biziago sentitu behar dela pentsatzen dut."

zozoa
zozoa dio:
2005/09/16 15:09

Julenek planteatzen dauan galderea nik krisi baten markoan kokatzen dot, Euskal Herrian soilik gertatzen ez den krisi bat. Arrazoi on asko emon izan dira aurreko iritzietan. Horietako bat "gero eta gazte jende gutxiago dagoela". Egia da, jaiotza tasa eskasa nabaritzen hasita gagoz jada. Gazteak zaharrez inguraturik hazi eta hezi gara, eta holan joaku. Bestalde, Euskal Herrian, zorionez, kudeaketa kulturala izugarri hobetu da: orain herri guztietan badira pertsona asko itzelezko ekitaldi kulturalak (kontzertuak barne) antolatzeko kapaz diranak. Gazte-jendearen kultura-egarria, ostera, ez da garatu abiadura bardinean. 20 urte edo beharko dira eskaintzen jakuna asimiletako kapaz izateko, nire ustez: literatura, musikea, arte plastikoak... Orokorrean ari naiz, jakina, salbuespenak egon badagoz eta. Hirugarrenez, ideologiaren belaunaldian ez gara bizi gaur egun. Desengainuaren kulturan bizi gara, hedonismoa eta guzti. Hori lagungarria da ete da jendeak bere zulotik urten dagian? Ez al dago erosoago, goxo-goxo bere "txarrikerietan" plisti-plasta eginez?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.