Erribera
Erribera da alde zaharreko kalerik luzeena. Politena ere bai, seguruenik, turistaren begietan jartzen bagara. Baina, ondo dakigunez, turistek dena ikusten dute urrunegitik (paisaia, adibidez) edo hurbilegitik (menuko karta, adibidez). Tarteko erdibide horretan bizi gara bertokoak, eta apustu egingo nuke, bertokoentzat, kalea egunero zapaltzen dugunentzat, alde zaharreko kalerik politena ez dela, inondik ere, turistentzat politena dena. Gustuko paisaiak arrazoi sentimentaletan oinarritzen direlako, postaletako irudietan baino. Gure paisaiak, beraz, kalearte zikin horretan daude seguruenik, turismo bulegoek ulertzen ez dituzten arrazoiengatik.
Arriagaren ondoan hasten da Erribera, eta ibaian gora doa, mundu baten atzetik bestea deskubrituz, kontrako erriberan dagoena iradokiz, zubietatik honantz datozen beltzen eta harantz doazen ijitoen errealitatea aurpegiratuz. Zazpi Kaleetako txokorik miresgarrienetako bat, esate baterako, Erribera kaleko 2an dago: Bidebarrietako liburutegiaren atzealdera ematen duen patio lasai bat, inguruko kalerik ezezagunena den Kale Barria izenekora ere irteten dena. Bertan, Bilbo honen zentroan, aita-semeak tenisean olgetan, kotxerik ere entzuten ez den patioan, Bidebarrietako beirateak lekuko. Isiltasuna.
Gero, ibaiaren albotik beti, billarra, lonja abandonatuak, puta usaineko pentsioren bat, Mujika eskolak, Diego Mª Gardoqui y Arriquibarren aldeko plaka (Espainiak AEBetan izandako lehenengo enbaxadorea, 1784an, nongoa eta bilbotarra), lehen gasolindegia zegoen lekuan orain lau burdin, Najako arkupeak drogazalerik gabe (beste nonbait egongo dira, baina horrek ez digu askorik ardura, orain, eurengandik libre gauden honetan); ondo gogoratzen ditugu drogazaleak, zelan biluzten ziren Najan, injekziorako azal apur baten bila; Mesedeetako zubia, tranbia, Erriberako zubia, etxe ederrak ibaiaren bestaldean, Erriberako merkatu beilegi berde ugerra, sabaian fresko luzeak dituzten arkupeak, San Anton eliza, lau musulman elkarren artean berbetan.
Harago, Atxurin, tren estazioa. Segituan daukat hurrengoa. Ni banoa. Badaezpadan, joan-etorrikoa hartu dut.
Neure adiskide batek Mesedeetako zubiaz bestaldean, Bilborock-en ondo-ondoan deuko etxea. Bisitan jun ginan lehenengoetako batean, etxearen argitasuna, kokapen ezin hobea eta abar aitatu genituen. Eta baita beste kontu bat be: Haren etxea kanpotik ikusita ez dala oso polita, horiz margoztuta dago, itxura nahiko funtzionala, osasun-zentroa azpiko partean. Baina, bertotik ikusten dan uri-paisaia bai dala eder-ederra, Erribera kalea hain zuzen be, eta hor bai begiratoki zahar politak, etxe zahar dotoreak, goiko kupula ikusgarriak,...
Kontua da zeure etxea polita izatea baino askoz hobea izan daitekeela etxetik ikusten dozuna ederra izatea. Erribera kalean begiratoki ederra deukonak aurreko etxe funtzionala hori kolorekoa eta Conjunto Vacío-ren eraikin itsusia ikusten dauala, alegia.