Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Sutara

gabiria 2005/06/28 08:29

Joan den astean, Eroskiko poltsa bat hartuta, etxeko liburu batzuk sartu eta erretzera eraman nituen, San Joan suetara. Ez zen lan erraza izan: ez asko kostatu zitzaidalako nire apaletako liburuei agur esatea, baizik eta liburu txar guztiak ez zitzaizkidalako poltsa txiki hartan kabitzen. Zakarretarako poltsa beltz handi horietako bi hartu behar izan nituen, beraz.

Hantxe agertu nintzen, bada, poltsekin. Segituan etorri zitzaidan andre bat, harrituta, kezkatuta, fedea galdu ote nuen galdezka. Ezetz erantzun nion, lehen bezala edo gehiago sinisten nuela. Orduan, nire jokaera are okerragoa zela esan zidan, pertsona kabalak ez dituelako liburuak botatzen. Ea inkisidoreen moduan jokatu gura nuen, ea ez zitzaidan bururatu liburuok liburutegira eramatea. Gazteek gutxi irakurtzen dutela lehendik ere, eta ez emateko eredu txarrik.

Ze gustura ikusi nituen erretzen, ze pozik egiten zuten gazteek salto suaren gainetik! Liburu haien artean, o sakrilegioa, euskal literaturako zenbait ale zeuden. Liburuak sakratutzat baditugu, zer esanik ez gure hizkuntza nano eta jainkotuan idatzitakoak badira. Liburuei modu desberdinean begiratu nien lehenengo eguna ikastolan izan zen, munduko jakituria guztia liburuetan dagoela esan zigutenean. Literaturari dagokionez behintzat, hori gezurra zen, baina sinistu egin nuen. Institutuan esan ziguten liburuak goitik behera irakurri behar zirela, eta sinistu egin nuen. Orain, galdetzen didatenean ea garrantzitsua den liburu-azokak antolatzea, erantzuten diet ez dakidala literatura bera garrantzitsua ote den. Ez: literatura ez da garrantzitsua. Literatura gozamena da, leiho ederra; baina garrantzitsuak, benetan garrantzitsuak, beste gauza batzuk dira, sarritan ahaztu egiten ditugunak. Hori esanez hasi nintzen atal honetan, 2003ko azaroan, eta horrelaxe amaitzen dut.

Plazer bat izan da. Ondo esandakoak zuentzat opari. Txarto esandakoak, badakizue: sutara.

eneko
eneko dio:
2005/06/28 16:06

Irakurzaletasuna sustatzeko edo, Frantzian, hain zaletuak beraiek, gazteei "irakurtzeko-txekea" ematea proposatu dutela irakurri dut. Hau da, politono, garagardo edo porroetan gastatu ezinezko txekea; bakarrik egunkari edo liburuak erosiaz xahutu daitekeen txekea.

Bestalde, ezagutzen dut tipo bat inoiz lagun arteko afarietara etxean soberan dituen liburu kaja batekin joan dena, liburu guztiak bertan banatzeko asmo xelebrearekin :-)

Julen
Julen dio:
2005/06/28 18:36

Bekatua esan daiteke, bekataria ez ;-)

leire
leire dio:
2005/06/28 22:45

Neuri be galdera hori etorri jata. Baiña esatia, igual, fuertetxoegixa. Oin gitxi entzuen neban radixuan zuk zeuk erabilittako argumentuetako bat: liburu bat irakortzia ez da gauza traszendentaka, hautu bat baiña ez da. Oso idea barrixa begittandu jatan. Eta ez jakon errezoirik falta.

Nik, baiña, ezin dittut liburuak bota. Neuk be andre horren moduan esango netsuke: "Nora zoiaz?" eta eskandalizau. Eta badakitt larregi argitaratzen dana, eta gauza asko zakarra baiño ez dirana. Halan da be, gurtu egitten dira liburu formatua dakelako. C'est la vie, mon ami!

Sintxan
Sintxan dio:
2005/06/28 16:10

Faltan bota diat erretako liburuen zerrenda ematea artikulu honetan. Blogetan dabilen abesti gustokoen meme memo hori baino askoz interesgarriagoa litzateke.

iratxe
iratxe dio:
2005/06/28 17:50

Neuri be jakinmina piztu deustazu. Zer bota dozu, gizona?

Julen
Julen dio:
2005/06/29 17:48

Ba ez da ideia txarra, Xabi.

Hurrengo urtean, abisetan badeustazu, Artziniegako azoka horretan egongo naz, Liburuaren Egunean. Benetan, e!

Pernan
Pernan dio:
2005/06/29 02:21

Oso ondo! nik ere liburu asko kendu ditut, baina ez dut erretzen, papera birziklatzeko kontenedoretara botatzen ditut. Askotan zerrendak egin izan ditut, Koldo Mitexelena Kulturguneari eskeini eta erantzunik pez, ba eman edo briziklatu, noski, bestela ez nuke lekurik izango nire habitakuloan!

Xabi
Xabi dio:
2005/06/29 17:22

Nik apirila aldean garbiketa egin nuen gelako apaletan. Kartoizko hiru kutxa handi liburuz bete nituen. Asteak eman zituzten liburuok terrazan hezetasuna hartzen, eurekin zer egin ez nekielako.

Orduan jakin nuen Liburuaren Egunean nire herrian bigarren eskuko liburuen azoka txiki bat egingo zela. Hantxe eman nuen asteburua udaletxe zaharreko arkupetan, eta kutxa eta erdi gutxienez hustu nuen.

Beste kutxa erdia liburu eta aldizkarik betetako apal batzuk dituen herriko taberna batera eraman nuen, badaezpada, han igual baten bati tragu artean irakurtzea otuko zitzaiolakoan.

Bestela ez nuke arazorik izango erretzeko, hori bai, baina pozik nago beste aukera bat izan dudalako.

Beraz, badakizue, Julen eta besteok, datorren urtean apuntatu ahal zaretela garrantzi bako gozamen hura taberna eta plazatan banatzera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.