Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Aspertuta nengoen

Aspertuta nengoen

gabiria 2005/06/21 08:45

Aspertuta nengoen, aitortu behar dut. Telefono mugikorra alboan neukan. Besterik ez zitzaidan okurritu, neure buruari deitxo bat egitea baino.

Markatu nuen, telefonoa belarrira hurreratu eta zain geratu nintzen, ea erantzuten nuen.

Baina linea ere ez zidan eman: soinu arraro bat egin eta "usuario ocupado" mezua agertu zitzaidan. Broma bat ote zen? Ni, ocupado? Aspertuta nengoen eta!

Saiatu nintzen berriro, ze, okupatuta banengoen, jakin nahi nuen zertan ari nintzen. Zertan edo norekin, hori okerragoa izango zen eta. Harrapatuko banu nire burua beste norbaitekin, jata akabatu egingo nuke.

Baina saiatu nintzen, eta telefonoak berriro esan zidan "usuario ocupado". Kabroia, pentsatu nuen, ez telefonoagatik, baizik eta nigatik, inork ez zidalako abisatu okupatuta nengoenik, uste nuenean aspertuta nengoela.

Amorratuta, telefonoa albo batera bota nuen. Ez nuen ezertxo ere jakin nahi nitaz. Adarrak jartzen ari nintzaion nire buruari, eta gainera deitu egingo nion? Ja! Egon dadila zain kabroia, pentsatu nuen.

Ordubete-edo pasatuko nuen horrela, hutsari begira, telefonoa alboan baina telefonoari begiratu gabe. Igual denbora gehiago ere pasatu zen.

Telefonoak jo zuen orduan. Pantailari begiratu nion, nor zen jakiteko. Eta ni nintzen. "Julen" jartzen zuen pantailan. Ez nekien nire telefonoa agendan gordeta neukanik ere. Kabroia deitzen ari zitzaidan; jakina, "aviso de llamadas" helduko zitzaion, eta orain damutu. Jo eta jo aritu zen, baina ez nuen hartu. Hogeita hamar segundo, berrogeita hamar. Minutu bat ere bai, jo eta jo, damututa kabroia. Ez nion hartu, eta, halako batean, eskegi egin zuen, zalapartaren ostean burua makurtzen denean bezain isil, eta ez zuen jotzen jarraitu. Imajinatu nuen hariaren beste aldean, triste, eta poztu egin nintzen.

Bien bitartean, nik aspertuta jarraitu nuen, telefonoak okupatuta nengoela zioen arren.

etiketak: Hara-honakoak
Oleg
Oleg dio:
2005/06/21 14:54

kuriositatez ruperzian adiskidea;

noiz gertatu zen? astearte goizez, Indautxuko despatxo baten? hehehe

Gustatu zait.

Xabito
Xabito dio:
2005/06/23 18:50

Parkatu, erantzun hau ez doa post honetan. Ahal baduzu aldatu edo ezabatu, Julen.

Xabito
Xabito dio:
2005/06/23 18:49

Nik, aukeran, nahiago "niño rojo, maricón y cojo" hura Arrupe baino. "Abade proiektu" harek ez ei zion "gitano" esaten, baina niri, plaka ikusita, beti etortzen zitzaidan burura ijito baten irudia. Camarón de la Islaren bertsino euskalduna edo.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/22 13:32

Eta deia bietako zeinek ordainduko du, ein?

Xabito
Xabito dio:
2005/06/21 16:08

Niri ere gustatu zait testuaren korapilotasun ulerterraza. Eta haserre kontundentea ere bai, noski.

Indautxukoa fijo da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.