Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Bloomsday hilzorian

Bloomsday hilzorian

gabiria 2005/06/17 09:10

Atzo izan zen Bloomsday, ekainaren 16an.

Atzo lako egun batean kokatu zuen James Joycek bere Ulysses liburua, zeinetan Leopold Bloom izeneko pertsonaiak 24 orduko odisea bizitzen baitu Dublinen. Hori ospatzeko, urtero Bloomsday izeneko ibilaldi literarioa egiten da. Grafiko interaktibo honetan ederto dago azalduta zeintzuk diren bisitatzen diren lekuak.

Iaz 100 urte bete ziren Leopold Bloomek Dublin zeharkatu zuenetik, liburua 1922an argitaratu zen arren. Baina kontua da, iaz, 100 urte biribil eta dontsuak zirela eta, medio guztiek hartu zutela Bloomsday-aren albistea.

Gaur, berriz, eta atzokoari begira, apenas ezer gutxi, 101. urtea ez baita hain gauza handia, handiagoa izan arren. Googlen Bloomsday hitza sartuta iazko albisteak irteten dira batez ere, eta atzokoari buruz, berriz, Arizonako albiste bat.

Zer gertatzen den jakin nahian, BBCra jo dut. Eta hara, atzoko albistea irakurrita, konturatzen gara ez dagoela antolakuntza edo egitarau ofizialik, eta, beraz, badirudiela ekitaldi hori bere azkenetan dagoela. Iazko bonbo eta platilloen ostean...

Gurean ere, badago aukera honelakoak egiteko. Iaz edo duela urte bi, Larrabetzuko Literatura Eskolak antolatu zuen bat, Arestiren ibilbidearekin. Hain zuzen ere Bihotz Bakartien Klubekoek orrialde bikain hau paratu zuten Arestiri buruz, eta, bertan, hainbeste perlaren artean, ibilbide arestiarrerako Karmelo Landak idatzitako testua dago. Sustatuko "orrialde batean" gauzatxo gehiago aurkitu dut, besteak beste, ibilbide horren mapa eta maparen gaineko argibideak. Ibilbidea gaur bertan egiteko gogoa ematen du, e? Horrelakoak dira BBK-koak, jende txukuna eta argia. Barkatuko dizkidate hitz goxoegiak, badakit-eta Patxi behintzat ez dela horrelako hitzen zale amorratua.

Esan nahi dudana da badagoela aukera herri honetan ere, gure bloomsday partikularrak antolatzeko, ez urterokoak, baina bai maiztasun jakin batekin edo behin bakarrik egitekoak, eta gai ugariri buruzkoak. Literaturak berak mila gai eta mila ibilbide eskaintzen ditu. Niri, une honetan eta boteprontoan, Humboldten bidea bururatzen zait, edo Victor Hugorena, bertsolaritzaren ibilbidea, Atxagaren Bilbo edo beste zenbait. Larregi pentsatu barik bururatu zaizkidanak. Zuei, zeintzuk bururatzen zaizkizue?

etiketak: Hara-honakoak
Julen
Julen dio:
2005/06/17 15:59

Barkatu, lehen lotura okerra sartu dut grafikoa ikusteko.

Orain bai, orain ondo dago.

gotzon
gotzon dio:
2005/06/17 15:32

Ekainaren 25ean ekitaldia egingo da Gasteizen, Lauaxeta fusilatu zuten horman. Mungiako eta Laukizko udalek antolatu dute eta bertan Lauaxetaren testuak leiduko dira, besteak beste. Berriak ere egun horretan, Lauaxetari buruzko gehigarria-edo atarako dau. Mungian be badabiz ekinean, EAko poesia jardunaldietan mahai-ingurua izango da, bihotz bakartien klubekook ikuskizuna eskainiko dugu abenduan...baina hau guztiau bere urteurrenean eta fusilatu zutelako ala poeta izan zelako?

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/17 14:47

Aurreko batean irakurri nion Kirmen Uriberi, ez dakit Berrian edo Garan izan zen, Lauaxeta afusilatu zuten Gasteizko kanposantuko horman ez dagoela ez plakarik ez ezer. Ez dut proposatuko "ibilaldia" kanposantutik, baina "injustizia poetikoa"lako zerbait begitantzen zait horrelakoak gertatzea. Antton Valverderen kontzertu bat bertan...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.