Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Masak dopatzeko modu bat

Masak dopatzeko modu bat

gabiria 2005/06/16 09:46

Bigarren Mundu Gerran ez zen Tourrik ez Girorik egin. Hain zuzen ere, 40, 41, 42, 43, 44 eta 45eko Giroak ez ziren egin. Tourrean, berriz, horiek guztiez gain, 1946koa ere ez zen jokatu.

1947ko Tourrean Bartalik ez zuen parte hartu, baina bai 1948koan. Hamar urte joan ziren 1938ko Tourra irabazi zuenetik, eta hamar urte asko bada edozein pertsonarentzat, zer esanik ez punta-puntan egon nahi duen kirolari batentzat. Urteak ez ziren alferrik igaro, Bartali handiarentzat ere ez. Gainera, ordurako bazeuden izar berriak, Toskanako zaharrari lekua hartu nahian: Fausto Coppi batez ere, baina beste asko ere bai.

San Remo-Cannes etaparen ostean, Bartali zazpigarren zegoen sailkapen nagusian, lider zen Louison Bobet frantziarrarengandik 21:28ra. Mundu bat. Ea nork emango zion buelta 21 minutuko aldeari. Itzel zebilen Bobet.

Hurrengo hiru etapak mendikoak ziren, oso gogorrak: Cannes-Briançon (274 km), Briançon-Aix les Bains (263 km) eta Aix les Bains-Lausanne (256 km). Mendiko 793 kilometro, hiru egunean!

Baina hiru horietako lehenengoa hasi baino lehen, 1948ko uztailaren 14an, Bartalik dei bat jaso zuen: Alcide De Gasperi zen, Italiako lehen ministroa. Esan zion Palmiro Togliatti lider komunistak atentatua izan zuela, ultraeskuindar batek lau tiro botata. Italia altxamenduaren zorian zegoen eta gobernuak ez zuen horrelakorik nahi. Ordurako zenbait hildako ere izan ziren atentatuak sortutako liskarretan, eta giroa pil-pilean jartzen ari zen. De Gasperik arren eskatu zion Bartaliri zerbait egiteko. "Zer, baina?", erantzun omen zion txirrindulariak. "Tourra irabazi", eskatu zion politikariak. Lan zaila zen, baina Italia Bartaliri begira zegoen.

Egun horretan Bartalik irabazi zuen etapa. 18:07ko aldea kendu zion Bobeti. Ez zen nahikoa, baina: oraindik Bartali bigarren zen sailkapen nagusian, Bobetengandik 1:06ra.

Hurrengo etapan, berdin: Bartali garaile. 7:09 sartu zion Bobeti. Bartali lider zen, eta Bobet 8:03ra zegoen.

Hirugarren mendiko etapan ere, Bartali nagusi. 4:14ko aldea jan zion Bobeti, eta orain 13:47ra zuen sailkapen nagusian.

Hiru etapatan, 793 kilometrotan, 35 minutu kendu zizkion frantziarrari! Italia pozez zoratzen zegoen: Togliatti onik atera zen atentatutik eta Bartali zaharrak bere bigarren Tourra irabazi zuen hamar urteko aldearekin. Altxamendua izan behar zuena festa bihurtu zen, baina bidean atentatu bat, hildako mordoa eta ehunka zauritu geratu ziren.

Batzuentzat poztekoa izango da, beste batzuentzat penagarria, kirola erabiltzea politika kontuak estaltzeko eta populua baretzeko . Beste hainbeste aldiz ere gertatu da: 1978ko Argentinako Mundialean, diktaduraren oinazeak apaltzeko, esate baterako. Horrelakoak gara: gutxirekin konformatzen gara ardiok.

Kirolak, izan ere, masak dopatzen ditu. Lehen eta orain.

etiketak: Ziklismoa
asier
asier dio:
2005/06/16 12:29

Istorio polita. Baina galdera bat daukat: kirolak dopatzen gaitu? ala nazionalismoak? Bartaliren kirol erakustaldiek baretu zuten Italiako giro politikoa? edo italiar batek frantziar bat menpean hartzeak? Azken batean, bada kirola baino ekitaldi politiko nazionalistagorik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.