Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Pilota

gabiria 2005/06/15 08:33

Pilota kalea, Erronda bezala, ertzean dago, ez dauka zenbakirik Zazpi Kaleen zerrendan. Kalea hitz batez definitzeko beharra sartu zait, ez galdetu zergatik. Baina zaila da ezaugarri bakarra ematea, hori eta ez besterik balitz bezala. Somera gaztetik, Artekale komertzialetik edo Barrenkale gautxoritik pasatu ostean, adjektiboak bilatu nahi itsu horretan, konturatu naiz, historiari begiratuta, jatorrizko Bilbo hartako harresitik kanpo geratutako kalea dela Pilota, eta bururatu zait "bazterrekoa" izan daitekeela hitz hori. Garai hartako hiribilduan, harresiaren kontra jarrita, hantxe zegoen Bilboko lehenengo frontoia, eta hortik datorkio izena kaleari, pilotarekin jokatzen zen garaitik. Orain, hurbileneko frontoia Esperantza kalekoa da, San Nikolasen atzeko aldean, eguerdietan partidu ikusgarriak izaten dituena auzoko zaharren artean.

"Bazterrekoa" hitzari heldu diot, beraz, Erriberatik hasita Andra Mari kalerantz noala. Baietz iruditu zait, hori izan daitekeela ezaugarria: zaharrak kasta itzeleko Basaras tabernan biltzen dira, emakumeek Mamikiren lokala dute ihesbide, ekologisten oasia Eguzkiren denda da. Parez pare, Lamiak tabernan, ontzat emandako sexualitatearen bazterrean, lamiak eta gilenak biltzen dira, eta elizarentzako ofizialagoak diren maiteminduak ere bai, edo, beste barik, hango txokolatezko bizkotxoa maite dutenak. Eta pozik geratuko nintzateke adjektibo hori ezarrita kaleari, baina apurtxo bat harago bazterrekoak ez diren elementu bi daude: Athleticen peña eta Arrupe aitaren jaiotetxea. Bilboren laburpena ematen digu Pilota kaleak, hamar metro eskasean: Athletic eta jesuitak, horixe gure Bilbo. Eta pauso batzuk harago, Yohn Jauregiaren aurrean eta abuztuaren 15ero, txikitero guztiak (athleticzale, josulagun, bebekero eta euskaltelzaleak, alegia) hantxe biltzen dira, Chomin del Regato eta Peru Arloteagabeitiaren Bilbo hau gogoraraztera.

Kaleak badu izar formako sekretu bat ere, lurrean, baina esan didate ez esateko inori. Oso gauza bilbotarra, eta, zelan ez, elizarekin zerikusia duena: futbola eta eliza, beraz, kale berean. Ez da, ez, batere bazterrekoa Pilota. Ibaia alboan dugu. Ibaiaren beste bazterrean, han bai, bazterrak.

etiketak: Bertan Bilbo
Aritza
Aritza dio:
2005/06/15 13:18

Bazterrekoa naz neu batzuetan zeure blogean (ondo da, beti ez dot etxean jokatuko), baita pilotazaleok be itxurazko Bilbo honetan. Nozko ganorazko frontoi bat Bilbon???, pilota kalean edo katedralean bertan baina frontoi bat behar dogu.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/15 14:58

Irala aldean, Autonomiaren atzeko partean, badago oso leku aproposa bilbotarrok behar dogun pilotalekua egiteko, orain dagoen eraikin borobilaren barruan edo ganean. Hori bai, ziur nago bilbotar askok neurri hori begi onez ez ebela ikusiko, Aste Nagusian inguru hartan dagoen animazinoa kontuan hartuta.

Ametsetan ipinita, zer deritzozue balizko izenari: "Ikuspegi Alaia pilotalekua"?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.