Urtzi Urrutikoetxeagaz berbetan
Santutxuko idazleak "Auzoak" liburua plazaratu dau Susa argitaletxeagaz, eta beragaz egin genduan berba maiatzaren 25ean, Santutxuko Irakurlearen Tartean.
Poesiatik etorrita, prosara egin dozu salto. Eroso sentidu zara jauzi hori emoterakoan?
Poesian ibilita, prosa inoz ez dot bazterrean euki, eta, izatekotan, denpora faltagaitik baztertu dot. Gogoa baneukan, eta iruditzen jatan zer kontatua be baneukala. Eroso sentidu nazen... poesiak beste askatasun bat dauka, gura dozun lurraldean ibiltearena. Ez neukan lar argi nondik nenbilen, eta, batzuetan, ez nekian asmatzen ete nenbilen. Hasibarriaren sensazinoa euki dot.
Hasibarria, poesian idazkera asko landu dozun arren. Halanda be?
Halanda be, bai: hasibarriaren sensazino totala. Eta kontuan eukinda, gainera, aspaldion idazteko ohitura handia euki dodala: kazetaritzatik batez be, errutina hartuta neukan, baina hau beste gauza bat izan da. Mina-zelai baten egotearen sensazinoa zan.
Kazetaria zara, izan. Liburu hau sartuko zeunke kazetaritza motaren baten?
Kazetaritza lez hartzekotan, kazetaritzaren eremu libreren baten sartuko neuke: kronika personalean edo. Izan be, kazetaritzan ondo definiduta eukiten da zer idatzi behar dan, baina liburu honetan neuk asmatu behar nebazan personaiak, egoerak, giroak... Baegoan errealidade bat eta errealidade horretan kokatu gura neban, baina hortik aurrera dana zan librea. Gauzak diran moduan idatzi behar dituzunean, halan dala onartzen dozu eta kito; baina zeuk asmatu behar dozunean, saiatzen zara buruari beste buelta bat emoten eta idatzi dozunari zergaiti bat emoten.
Joseba Jaka beka nobelea idazteko lortu zendun, baina honeek ipuinak dira.
Oinarrietan, aukerea dago nobelea edo ipuin bilduma idazteko, eta ni bigarrenari lotu nintxakon. Ipuin bilduma lez aurkeztu neban proiektua, eta azken emoitza ez da erreza sailkatzeko: ipuin bilduma da, baina ipuin solteen bildumatik aparte, beste zeozer be bada: espazioan eta denporan lotutako ipuinak dira. Badagoz beste adibide batzuk, Gasteizko hondartzak, Dubliners eta beste asko, ipuin bilduma argiak diranak.
Liburuaren prozesuan sartuta, hasieratik jakin zenduan emoitza honen bila zengozala?
Ez, ez. Bilboren gaineko zeozer idatziko nebala, hori banekian. Gero, konturatzen zara idazten dituzun gauzek badaukiela loturaren bat; edo ikusten dozu uriaren gainean idazten zagozanean gaztetako kontuek urtetan dabela, baina ez dakizu ez ete dan uri imajinario bat. Errealidadetik jasoten dozu, baina gero saiatzen zara errealidade hori tapetan, ez daiten igarri non dagoan kokatuta. Gero, "Berlin, hiriaren sinfonia" pelikulea ikusi, eta hortik egiturea hartu neban: denporagaz batera joanda, egun oso baten, uriaren jarraipena egitea zan nire asmoa. Horrek mobimentu sensazinoa emoten dau, eta horri eutsi gura neutsan. Personaien galeria be sortu behar neban, neure joeretako personaiakaz eta neureak ez diran esparruetakoakaz be bai.
Txatalok lotzeko lanean, ze zailtasun eta ze gozamen topau dozu bidean?
Zailtasunak, esate baterako, buruan ideia bat argi euki eta hori dana idatzi beharra. Edo puntu batera heldu eta zelan segidu ez jakitea, edo orri zuriaren bertigoa. Bestetik, gauza polita da personaiakaz jokatu ahal izatea, loturak egitea, edo gauza bat idatzi eta gero aldatzea... idazten dozuna kontroletako ahalmen hori gozamena da.
Alde horretatik, sorpresak hartu dituzu, espero ez zenduzan gauzakaz topo egiterakoan?
Ez da izan etengabe gozau dodan liburua. Batzuetan asko kostau jat. Baina badago alde ona be, eta beharbada gero horregaz gogoratzen zara gehien. Esate baterako, afrikar baten biografia egitean: interneten begiratzen dozu senegaldar baten bizitza eta lotzen dozu beste baten bizitzagaz; gero zuk emongo deutsazu ezaugarri bat, amets bat... eta horren guztiaren zatitxo bat baino ez da agertuko liburuan, baina askatasun horregaz jokatzea sano gauza polita da.
Dana dala, bizitza horreek ez jatzuzan hurbilak egingo. Senegaldar baten eguneroko arazoak, edo Labe Garaietako langile batenak...
Kazetaritzan, telebistan adibidez, minutu baten dana esan behar dozu, eta gehiena kanpoan geratzen da. Liburuan, alde batetik, personaia horreen larruan kokatzeko eta sinesgarri egiteko zailtasuna neukan, baina, bestetik, idazlearen askatasuna egoan, personaia horregaz gura neban moduan jokatzeko. Hor arriskua dago: lar gauza naifa egitea edo exotismoan galtzea, esate baterako. Sinesgarritasuna be jokoan dago...
Sinesgarritasuna berba klabea da liburu honetan. Idazten zengozala, zure kezketako bat zan etorkinak eta, batez be, hemengoak, zelan ipini euskeraz berbetan.
Etorkinak euskeraz ipintea ez da inongo arazoa. Gatxagoa da euskaldunon erregistroak jasotea. Hori da arazoa, hain zuzen be hurbilen daukaguzan ereduak: sinesgarri egitea, hau da, egiatik hur egotea, baina era berean liburu baterako mailagaz... hori gatxagoa da.
Baina iruditzen jat sinesgarritasunaren kezkagaz segitzen dozula, liburua amaituta be...
Bai... Norberak askatasuna dauka gura dauena egiteko: istorioak, fikzinoa diranez, sinesgarriak izan behar dabe? Edo kontrajarria da? Fikzinoa guzurra bada, zertan ibili hori sinestarazi guran? Liburu batek ez dau zertan sinesgarria izan, ez dau premisa horren menpe egon behar. Baina gauza bat bai: kontautakoa guzurra edo fikzinoa izan arren, istorioa irakurlearengan sartu behar da. Denpora eta espazio baten kokatu ezkero, jazo ahal izan dan zeozer kontetan dozu, jazo dan edo ez alde batera itxita. Eta nik baneukan morrontza moduko bat, istorioak sinesgarri egiteko.
Hikaren erregistroa aukeratu dozu alkarrizketetarako.
Hemen apenas existiduten dan errealidadea da, baina kezka neukan, zelan jaso liburuan hizkuntza bizia. Askotan erderakadaz jositako hizkuntza, baina hizkuntza bizia, hori dalako erabilten dana. Horra hurbiltzeko modu zuzenik ez egoanez eta sortu egin behar nebanez erregistro hori, pentsau neban hika izan ahal zala ikutu informala emoteko modua.
Kanpokoei saltzen gabilzen Bilbo-postalaren gainean be egin dozu berba ipuinen baten.
Nik uste dot munduko edozein baztarrek daukala interesa, baina foko turistiko batzuk pizten deuskuez, eta danok hara bideratzen gaitue. Dirua dagoan lekuan, uriek Guggenheim efektuak bilatu gura izaten dabe, baina hor uri asko dagoz lehian: uri bakotxak daukana saldu behar dau, horregaz urten behar dau kanpora. Ezin da ibili autokonplexuagaz. Daukagunagaz egin behar da aurrera, eta daukagunagaitik erakarri behar da jentea.
Zu Santutxukoa izanda, Sorgintxulo gaztetxeak be ipuin bat hartu dau liburuan.
Sorgintxulo amets polit bat izan da. Pentsau gura dot oindino ez dala guztiz amatau, baina itsukeria jasan dau agintarien aldetik, kontroletan ez dana beti itxi egin gura izaten da eta. Alkateak behin esan eban Bilbo Zaharrean auzo bohemioa, artisten auzoa sortu gura ebala, baina hori sortzeko oinarri bat behar da, eta espazio libre batzuk behar dira. Hain europarrak garan sasoi honetan, dana ez kontroletearen ikuspuntua falta jaku.