Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Poz handiagoaren inbidiaz

Poz handiagoaren inbidiaz

gabiria 2005/06/09 08:32

Espainian jendea pozik bizi da. Hori diote estatistikek.

Pentsatzen dut antzeratsu izango dela Euskal Herrian ere, hor nonbait han edo hemen, poza neurtzerik badago sikiera.

Esan dute %80 libre sentitzen dela gustatzen zaiona egiteko. %74 pozik edo oso pozik bizi dela. Duela 20 bat urte, inkestatuen %40 bakarrik sentitzen zela, eta orain, berriz, %30 inguruk aitortu duela bakardadearen kontu hori. Gaur egun, %67 ia inoiz ez omen da bakarrik sentitzen, hori diote estatistikek.

Zorionez, ni ere ez naiz normalean bakarrik sentitzen. Patuaren beldur handirik gabe esan dezaket pozik edo oso pozik bizi naizela, eta argi dago ezin naizela guztiz libre sentitu den-dena egin edo esateko, baina, hala ere, ezin naiz kexatu. Zirkulu intelektualetan poza lar ondo ikusia ez badago ere, zer egingo diot, intelektual ilunok, pozik bizi banaiz? Ukatu, behintzat, ez.

Aurrekoan, lagun batek bere asteburua kontatu zidan. Asteburu zoragarria izan zen, eta inbidiaz entzun nion. Lagunez inguratuta, plan ederrean, giro gozoan. Normalean inbidia izaten diot lagun honi, gogoratu barik nire planak ere ez direla txarrak izaten, giro gozoan egoten naizela ni ere. Baina inbidia izaten diot, beharbada, poztasunaren ehuneko horietan, puntu bat edo bi gorago dagoelako ni baino. Puntu batzuk beherago, askoz ere jende gehiago dago, baina beherantz ez dut begiratzen, beti gehiago nahi. Edozelan ere, inbidia izaten diot, eta pentsatzen dut nik ere nahiko nituzkeela horrelako planak.

Aurrekoan esan egin nion: "zelako inbidia".

"Ez pentsa", erantzun zidan, "pozik nagoenean baino ez dizut esaten zelan nagoen".

Soziologoa naiz ikasketaz. Teorian, badakit inkestak interpretatzen. Jakin beharko nuke inkestek egia diotenean, zelan esaten duten egia hori. Teorian, jakin beharko nuke nire lagunaren egun guztiak ez direla onak. Eta, halere, inbidia diot.

etiketak: Hara-honakoak
Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/09 18:33

Zoziologoa? Banengoen ba ni. {;-D

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/09 18:43

Saria irabazita eta gainera "Poz handiagoaren inbidiaz"? Kaguenlatxota! Zorri onak, Julenetto! http://www.berria.info/edizioa_ikusi.php?id=9879

Patxi
Patxi dio:
2005/06/10 08:45

Mezu hau nik idatzitakoa izan zitekeen, hitzez hitz (edukiari dagokionez. forma aldetik ez noski. Ezin konparatuko det nere luma Julenenarekin).

Horrelaxe sentitzen naiz ni, zu bezelaxe, pozik, eta hala ere, sentitzen det kristoren inbidia, zuk bezelaxe, lagun horren gisakoekin.

Gakoa, beharbada, "lagunez inguratuta" horretan egon daiteke?

Aspaldi koxkortutakook, eta egonkortutakook, koadrila atze atzean utzita daukagu, edo erdi abandonatuta, edo guztiz abandonatuta.

Zalapartaren inbidiz egon gaitezke beharbada?

Ez egunerorako noski. Idazteko zaletasuna degunok, beti izan gera bakarti xamarrak edo, bakardadea bereziki estimatzen degun jende xelebrea.

Orokorrean noski.

konformidadea
konformidadea dio:
2005/06/17 17:27

Ni neu, ondo pozik bizi naiz asteburuetako plan martxosoak alde batera utzi nituenetik. Egia ere bada, ondo aprobetxatu dudala gaztaroa. Dena den, Julen, zuk ez daukazu itxurarik juerga gutxi eginikoarena. Juergan irtetzea besterik ez dakiten lagun horietakoak, neuk ere badauzkat eta niri inoiz ez didate aitortu pozik daudenean baino ez dizkidatela gauzak kontatzen. Baina gauza bat argi daukat eta igandeak goiz-goizetik aprobetxatzea zer den deskubritu nuenetik, Euskal Herrian dauden mendi zoragarriak ezagutzen ditudanetik, eta larunbatetan gastatu ohi nuen diruarekin, osagarri gehiago sartzen dizkiot orain neure ogitartekoari, eta pozik bizi naiz benetan, inori nire zoriontasun horren berri emateko beharrik gabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.