Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Barrenkale (eta III)

Barrenkale (eta III)

Julen Gabiria 2005/06/08 09:08

Asma dezaket istorio bat Barrenkale Barrenan kokatuta, esate baterako ezagutzen dudala tipo bat eguna gimnasioan pasatzen zuena, bere ametsa ertzain izatea zelako. Institutuan genbiltzala, gaztetxea lortzeko protestetan ertzainekin liskartzen ginen garaian, derrepente, lagunak esan zigun ertzain izan nahi zuela. Geroztik, ez zen gehiago etorri 634 nazionalera, trafikoa oztopatzera. Ordurako bazebilen gimnasioan, nerabeak baginen ere. Adiskidetasuna, baina, ez genuen galdu. Gero bai, gero bakoitzak bere aldetik egin zuen. Atzo arte.

Atzo Barrenkale Barrenan ikusi nuen. Esan zidan hauxe izan dela bere betiko ametsa, eta nik ez nion gogorarazi ezetz, bere ametsa ertzain izatea zela, ez hau. Arkautera aurkeztu eta atzera bota zuten. Joan zen Protecsara eta ezetz. Astondoa Pirotekniak Segurcan enpresa kontratatu zuela jakitean, hara jo zuen, baina Segurcan enpresaren espezialitatea txakur zaindariak dira, izenak ondo adierazten duenez. Beraz, hor ere ez zuten onartu. Azkenean Consorcion kontratatu zuten, gorila.

Gau batean neska bat ezagutu zuen. Maitemintzea eta ondorengo abarrak ohiko abiaduran etorri ziren, gutxi gorabehera. Asteburu gauetan elkartzen ziren, mutilak belarrian pinganilloa sartuta zuela. Harreman bitxia zen, neskak gau osoa pasatzen zuen-eta mutilarekin, trago guztiak doan lortuta eta Consorcioko komuneko hormak ondo probatuta, lagunaren gerri-kolpeei esker.

Horrela izan zen, neska unibertsitatera joan zen arte. Gehiago estudiatzen hasi zen, gutxiago irteten. Edo, hobeto esanda, irten irteten zen, baina Mazarredotik, eta hango tabernetako komunetako hormak probatzen zituen beste gorila batekin. Vanessa deitzen zen. Neska, ez gorila.

Laguna hurbildu, eta, sekretuz, esan zidan berak, benetan, postari izan nahi duela. Vanessaren etxera joan eta gutun zertifikatuak eskura emateko. "Gauza bat egingo dugu", bota zidan: "oposizioak irten direla enteratzen bazara, abisatu. Aterako dizut trago bat". Baietz egin nion buruarekin, eta pentsatu nuen istorio bat asma nezakeela kontu horrekin, dena egia ez balitz.

etiketak:
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/14 23:10

Zeure lagun hura ertzaina izatetik segurata eta gero gorila izatera pasau da, eta orain postaria izan gura dau.

Vanessari jagokonez, errubixua imajinatzen dot (sasi-errubixua, noski). Atzetik begiratuta Elsa Pataky horietakoa. Baina aurretik ikusita neska arrunta, egunero topa dezakezun auzokidea izan daitekeena. Esate baterako erdaldun barri horietakoa. Vanessa Leanizbarrutia, berriztar bilbotartua. Euskaldun zahar izandakoa eta bidean erdaldundua.

Zeure lagun maiteminduak bidaia bat egin dau bizitzan. Vanessak beste bat. Noruntz doia bakoitza?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.