Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Katilukada bete esne

Katilukada bete esne

gabiria 2005/06/02 11:20

Mussolinik aginduta 1937ko Tourretik erretiratu ostean, 1938ko Tourrean Bartalik buruan zeukan helburu bakarra irabaztea zen. Urte horretan ez zuen Giroan parte hartu, Tourrerako fresko egoteko. Gaur egun egiten den moduan, beraz.

Irabazi zuen, bai, Tour hura. Mendian irabazi zuen. Izan ere, ordekan arerio gogorra agertu zitzaion, mendian ere ez zebilena batere txarto: Félicien Vervaecke belgikarra.

Vervaecke 8. etapan jarri zen lider, Pau-Luchon mendiko etapa gogorrean. 14. etapara arte ezin izan zuen Bartalik maillot horia jantzi, gogor saiatu zen arren. Hori bai: egun hartatik aurrera, inork ez zion elastiko hura kendu. Izan ere, sarraskia egin zuen Digne-Briançon etapa hartan.

Ordura arte lider zen Vervaeckeri 17 minutu kendu zizkion Briançoneko helmugan. Vicini, etapako bigarren sailkatua, 5:18ra sartu zen, eta Clemens, hirugarrena, 6:48ra. Laugarren postuan sartu zenak 11 minututik gora galdu zituen, eta hortik aurrera, sailkapenari begiratzea Bartalik eragindako triskantza ikustea da.

Gino Bartali lider jarri zen egun horretan, bigarren postuan Mathias Clemens luxenburgarra zegoela... 17:45era!! Tourra ere antzera irabazi zuen: bigarren sailkatutako Vervaeckeri 18:27 kenduta.

Baina gaurko testua Digne-Briançon etapa mitikoko xehetasun bitan zentratu nahi dut. Detailetxo bi, txikikeriak ziklismoaren historiarako.

Izoard mendian gora, Bartali bakarrik geratu zen aurrean. Inork ezin zion segitu. Kronikek diotenez, bazirudien aspertzen ari zela, hain bakarrik zihoan. Holako batean, mendateko amildegietatik behera begiratu, eta han, behe-behean, Vicini eta Clemens ikusi zituen, etapan hurbilen zituen ziklistak. Urrun zetozen, oso urrun. Eta Bartali, "aspaldiko partez" adiskideak ikusi barik, agur egiten hasi zitzaien, bizikletatik. Behekoak flipatuta geratuko ziren, mendiaren goialdean Bartali zoro hura besoa astintzen ikusi zutenean, pedalei eragiten utzi barik, eurak tripak bota beharrean zeuden bitartean Izoard itzelean gora.

Baina, batez ere, Izoardeko anekdota hori albo batean utzita (egun horretan beste mendate bi pasatu zituzten Izoard baino lehenago: Allos eta Vars, eta bietan Bartali joan zen aurretik), Toskanako txirrindulariak esaldi bat bota zuen Tour hura amaitzean, eta hori jaso nahi dut hemen.

Esan zuen, etapa handi hura hizpide hartuta:

"Girardengok (zuzendariak) esan zidan maillota neurea zela. Bitxia da: horrek ez zidan inongo pozik eman. Esan izan balidate Tourra irabazteko zorian nengoela, Izoarden behera urduri jarriko nintzatekeen. Nik gauza bakarra nahi nuen: Villari (Bartaliren laguntzailea) eskatu nion katilukada bete esne, beti prestatzen zidana eta egongelan zain izango nuena. Horretan ari nintzen pentsatzen, nire bizitzako ametsa gauzatzen ari nintzen unean".

Handik hamar urtera, 1948ko Tourrean, Bartalik historia egin zuen Izoarden eta hurrengo etapetan. Historia, ez ziklismoaren historia bakarrik: Historia, entziklopedietakoa. Baina hori hurrengo astean kontatuko dut.

etiketak: Ziklismoa
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.