Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Barrenkale Barrena (II)

Barrenkale Barrena (II)

gabiria 2005/06/01 09:39

Eskuratzen duzu Mp3 entzungailu bat, eta hiria aldatu egiten da. Ilusioa izango da, baina ematen du mugimenduak zure soinuaren aginduetara daudela, obrako gizonak Horace Silverren pianoaren tempoari jarraituz altxatu duelako porlanez betetako zakua, Horace Silver existitzen dela ere ez dakien arren, eta, gutxiago oraindik, beragandik hain hurbil Blues for Monique jotzen ari dela ez dakien arren, ondotik pasatzen ari zaion betaurrekodun haren belarrietan.

Eta zebrabidea zeharkatzen ari den jendeak gospela dauka ariman sartua, goizean, etxetik irtetean, aitaren egin beharrean erritmo txute bat hartu izan balute legez. Baina ez: kontu zikinegia da txute hitza Bilborentzat. Hori San Frantzisko auzorako uzten da, bizimodu zuritik urrun, Bilbo berriaren alfonbrapean. Ilusio optiko edo sonoroa izango da, beraz, jendearen gospelarena. Ilusioa da pentsatzea Bilbok soinu banda duenik ere. Lekutan dago 1980an Ruperrek Atxagaren poemak kantatzen zituenekoa, zubiak, kale-garbitzaileak, sukalde proletarioak. Urrunago MCD, Eskorbuto, Zarama edo Parabellum, ez urtetan baina bai jarreran. Hurbilago, baina ez gaurkoa moduko egun eguzkitsu baterako, Doctor Deseo.

Indautxutik irten eta ez naiz heldu Barrenkale Barrenara, Abandoko geltokiaren parean etxera zetorren autobusa topatu dut eta. Baina bidean, ikusi ditut Indautxuko komisariako poliziak, fusilak eskuetan, galdutako turista birekin berbetan; Alondegiaren aurrean, ikusi dut itxura ez hain txarreko emakume bat mozkortuta, zapatak kentzen; aitak zaplazteko bat eman dio seme txikiari, eta umeak ez du negar egin; Fernández del Campo kaleko telebista-dendaren aurrean, agure bat arrastietako talk-showa ikusten; lau brasildar berbetan, bati qué horror ulertu diot; begetarianotik bikote bat irten da eskutik helduta eta, kalea zapaldu bezain laster, askatu egin dituzte eskuak: gizona zaharra zen, neska gazte-gaztea; Blas de Oteroren jaiotetxea ikusi dut Hurtado Ametzagan, gizon bati begiak joan zaizkio zebrabideko ijitoaren eskotera. Gero autobusa hartu dut, eta leihoaren atzetik jarraitu dut jendearen gospela, ilusio sonoro hori.

etiketak: Bertan Bilbo
gospelaire
gospelaire dio:
2005/06/01 16:47

Julen, egin dozu nonoz aproba "Les mecaniciens" en -desioren zapatak-entzuten, aurrean daroazunaren zapatei begira joatea? kontauko deustazu!

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/05 15:36

Halaxe da geure Botxoa, edo halaxe ikusten dabe behintzat inguruko beste herri eta uri batzuetatik: Kosmopolita. Eta nahikoa da Indautxutik Abandora osteratxoa egitea, esate baterako, kosmopolitanismo hori nabaritzeko.

Baina... Bilbo "kosmopolita" honetan orain dala hilabete batzuk zabaldu zituzten Estatu espainarreko beste uri (benetan) kosmopolita batzuetan ezagunak diran Renoir kateko zinema aretoak, Deustuan hain zuzen be. Hasikeran, beste uri kosmopolita haietan legez, pelikulak jatorrrizko bertsinoan emoten ebezan. Ze ondo, bazan garaia! Multi-etatik at badago saltsa azkenean!

Baina... ilusinoak gitxi iraun dau. Laster gelditu gara jatorrizko bertsinokorik gabe, Multi-etako lantzean behinekoak izan ezik. Buelta gaztelera hutsera, danak formatzera... "a ber, ardi horiek, ez egin ihes eta itzuli artaldera!" Amaitu dira koloreak, zuri-baltzera barriro. Eta, azkenik, leihatileko neskak berediktoa konfirmau egin eustan: "ikuslerik ez egoanez..."

Baina... egunkarian zinema karteldegia begiratuz, hara non topatzen ditudan astez aste Baiona eta Biarritzeko zinema aretoetan pelikula mordoa bikoiztu barik emoten dituztela. Hara! Eta baita Truebetan be, Donostiyan!

Batzuetan ondo dago apaltzeko eta betiko dikotomia faltsuak (bilbotarrak/giputxiak, e.b.) birrintzeko errealitate dosi batzuk hartzea. Kosmopolitanismoa ez dala asunto estetiko soila eta barruko esfortzua be eskatzen dauala: gehiago irakurtzea, hiztegiak erabiltzea, ingurura adi egotea edo "El Correo Español"etik burua altxatzea, adibidez, lantzean-lantzean.

PD Julen: irakurri dozu gaurko "berria"n Erletxeko profesionalei buruzko gutuna?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.