Trenean non jarri
Egunero bezala, atzo ere trenean etxera.
Bat-batean, zarata itzela. Segundo bat duzu pentsatzeko, eta nik pentsatu nuen deskarrilatzen ari ginela, halako zarata izan zen. Jendeak oihu egin zuen, eta niri beroa sartu zitzaidan tripatik gora, bularrera. Belarrian ere min sentitu nuen, zaratagatik ziurrenik.
Ez ginen deskarrilatzen ari: kristal bat apurtu zen, ez besterik. Trenak aurrera jarraitu zuen, eta denok elkarri begira geratu ginen, zer gertatu zen apurka-apurka ulertuz.
Segundo gutxiren buruan harria aurkitu genuen kristalaren azpian. Harri itzela, esku batean kabitzen ez zena. Kilo erdi pisatuko zuen.
Kasualitatez, harriak apurtu zuen kristalaren ondoko aulkietan ez zihoan inor, bai aulki bat aurrerago eta bai pasilloaren beste aldean ere. Hasierako sustoa gaindituta, irribarreak irten ziren, ikustean ez zela ezer gertatu (neska bati ilea kristalez bete zitzaion, baina kito). Nik ere irribarre egin nuen apur batez. Gero pentsatu nuen zergatik sartu zen harri hura kristal hartatik, eta zergatik ez kristal bat aurreragotik. Zergatik ez zen ezer gertatu pentsatzen hasi nintzenean, joan zitzaidan irribarrea.
Pentsatu nuenean zergatik bota behar izan zuen norbaitek harritzarra jende ugari zeraman trenaren kontra, urduri jarri nintzen. Pentsatu nuenean harriak metro bateko aldeagatik ez ziola agure bati buruan jo. Pentsatu nuenean gaur edo bihar ere berdin gerta daitekeela, eta edonor egon daitekeela hor jarrita. Pentsatu nuenean laneguna amaitu nuela eta pozik nindoala etxera, apur bat idazteko esperantzarekin. Pentsatu nuenean beste norbaiten asperduragatik pikutara joan zitekeela trenean zihoan errugabearen patxada. Ez zait "erru" hitza gustatzen, baina horixe sentitu nuen: errugabeak ze erru ote duen buruan kilo erdiko harria hartzeko. Eta "errugabe" hitza etorri zitzaidan, treneko jendeari begiratuta.
Eta oraindik ezin ulertuta nabil. Zergatik? Ze poz bilatuta? Ze emozioren bila? Harria bota zuena akaso gehiago poztuko zen harriarekin norbaiti jota? Frakasoa izan ote zen kristala bakarrik apurtzea? Zenbat gabezia, zenbat asperdura, zenbat ezintasun, zenbat amorru kabitzen da horrelako pertsona baten barruan? Jakin nahi nuke, apur bat gehiago ulertzeko jendearen izaeraz.
Geltokian jaitsi eta, etxera bidean, kristalaren zarata ezin nuen kendu eskumako belarritik. Molestiak nituen. Atzamarrarekin ukitu eta konturatu nintzen odoletan neukala belarria. Ez zen ezer, beste belarritako bat jartzeko moduko zulotxo bat besterik ez, baina berriz ere pentsatu nuen inork ez dizula sekula ziurtatzen norantz eramango zaituen bizitzak: etxerantz, nire kasuan bezala; edo ospitalerantz beharbada. Aulki bat harago edo aulki bat honantzago jesartzen bazara, bizitzak bide bat edo bestea emango dizu. Eta inoiz ez dakizu non jarri, batez ere trena hutsik doanean eta aulki guztiak dituzunean aukeran.
Azkeneko elurteetan sekulako errieta egin nion 16 urteko umemoko talde bati. kalea baino gorago geratzen zan toki batetik elur-bolak botatzen ziharduten, mugitzen zan edozein gauzari. Eta autobusari. Pasatzen zan bakoitzean sekulako bola jasa sufritzen zuen autobusak. Bola gogor gogorrak kristalaren kontra.
Sutan jarri nintzen. Ezin det koldarkeria eraman. Halaxe deitu nien, koldarrak.
Batek esan zidan:
Eta nik erantzun nion: Arrazoi dezu, normala da hamasei urteko umemoko batek halakorik egitea, baina buru pixkat daukan heldu batek etorri beharko du umetxo koldar horri zer dagoen ondo eta zer ez esatera.
Plazerra sentitu behar dute umemoko hauek. Boterearen plazerra. Arrazoi Julen, gabezia eta ezintasun askoren oihartzuna da harri jaurtitze hori.
Eserleku egokiaren bila aritzea berriz... Ni ere ibiltzen naiz trenetan, nun eseri pentsatzen, nun izango ote dan seguruago. Aurrekaldean iruditzen zait askoz arriskutsuagoa dala, eta izango da, baina ez dakit nik oso kabala dan halakorik pentsatzen ibiltzea.
Hegazkinez ibiltzeari bildur galanta dion batek dio hau. Hor behintzat, berdin xamar aurrean edo atzean eseri.