Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Hau ta hori ta bestia, joik buruakin postia / Euskararen klonazioak ez ote dauka etenik?

Euskararen klonazioak ez ote dauka etenik?

Fernando 2006/01/14 04:02

Berben klonazioaren ideia hori Ibon Sarasolari jaso diot Orotariko Hiztegiaren aurkezpenaren inguruan eta, egia esan, arras interesgarria begittandu zait kontzeptua. Izan ere, arrain handiaren erreferentziara, espainerara, lasterregi, erreparo barik eta gure tradizioa eta sortzaile gaitasuna alde batera lagata. Hiizkuntz komisarioa izan nahi barik, ez orduan ez orain, duela urtebete inguru, Argia astekarian egin nuen artikuluan nire kexua azaldu nuen euskara maila konpetente samarra dugun euskaldunok, muntaia poliziala, putxerazua, lintxamendua eta gisa horretako berbak, errazkeriaz, txertatzen ditugu eta, gure jardueran. Badira, hala ere beste batzuk azken bolada honetan nagusitzen dihardutenak. Hala nola, planteatu, prekarietatea, desalojoa, atentzioa deitu, esate baterako.Erabilera desegoki horrek, neurri batean, alferkeria eta, sarritan, euskaraz gero eta gutxiago pentsatzen dugula adierazten duelakoan nago. Eta, horrez gain, sentsibilitate falta eta arestian aipatutako aldagai eragileak kontuan ez hartzea. Gainera, asko errepikatzen direnez zabalkundea samure eta abiadan egiten da, zuzenketa eta berbideratzea ezinezkoa egiten delarik. Insumisio hitzarekin gertatuak jakitera ematen digunez. Horrek guztiak, demaseko eragina dauka hizkuntzaren kalitatean, menpekotasun horrek espekulazioetan jarduteko eukera ematen baitiete, maiz, kritika erreaktibo zaleei. Beste alde batetik, Sarasola berari entzuna diot, modu horretan jarduten dugun neurrian euskalki nagisi bi dihardugula sortzen Hego aldekoa eta Iparraldeko. Horren harira, gogoratzen dut Itxaro Bordak, bere ezaugarrietakoa den ironia fina erabiliz, hitzaldi batean zelan esan zuen, “planteatu” berba ez zela ulertzen Iparraldean eta bere esanahiaz jabetu arte “plan” hitzarekin lotua zegolea uste zuela. Beraz, argi dago, hizkuntzak dituen funts hitzak, lexikoa, klonatzen dihardugula eta baita ere funtzio hitzak; esaterako “si berak esan dit ez etortzeko” esaldiaren antzekak takian potian entzuten baititugu. Nahiz eta hauek beste era bateko hiztunekin egon lotuta. Sarrionaindiak hitzenondo ezaren gainean hainbat gauza esan ditu eta, duela gutxi Egañari irakurri diot, euskara okerrena egiten ez dena dela. Hala da zalantza barik, baina euskaldun “konpetenteok” erreferente garen edo bihurtzen garenez, erreparo gehiago izan beharko genuke. Bestela egin dezagun aproba ea zenbat denbora garen gai berbetan jarduteko, gaiak planteatu eta atentzioa deitu gabe. Esandako guztiaz gain, bada beste era bateko klonazioa. Behi eroen kasua gertatu arte txuleta txuletoia bihurtu zaigu eta litrona boteiloia, gauza berdinak ez diren arren. Horrek arrain handiaren eta bere komunikabideen eragina adierazten du.

etiketak: Gogoetak
Serafin
Serafin dio:
2006/01/24 01:48

Aupa hi! Gogor diharduk, idatzi eta idatzi. Ez nok blog irakorle amorratu horretarikua, baina gaur sartu nok eta hik idatzittako mordo bat irakorri juat gustora. Oso ondo Fernando. Euskerian gaiñian zer esan? Etsitta nagok. Euskalñol triste bat egitten amaittuko juagu martxa honetan. Euskaldunok joko zaliak garala? Baitta zera be! Oiñ pelotan jokatu barik "jolastu" esaten juek, foballian be jolastu, eta politikan be, uste juat, zoritxarrez, jolasian diharduela, jokuan jardun buharrian. "Hobe"kin, oiñ artian sekula entzun bakuak entzuten jittuagu, "hobe jokatu", "hobe ikusi", "hobe esan"... Ez dok ba gatxa honek akatsok saihestia! Baiña...

Segi Fernando, hire "derive, déclinaison et dévenir"okin.

Besarkada bat.

leire
leire dio:
2006/01/16 14:36

Aupa, Fernando!

Zurekin bat nator, gero eta gehixago entzutzen eta idazten dira holako gauzak. Guk geuk be erabiltzen dittugu. Koldo Zuazori entzun netsan behin gaur egun gertatzen jakona euskeriari oin bi milla urte erromanizaziñuakin gertau jakona zala. Une erabakigarrixa. Sasoi hartan euskeriak urten zeban, eraberrittuta, baiña bizirik. Oingua, baiña zer? Gaztelanian pidgin-a bihurtuta? Ez neuke nahi, ba!

Ondo segi

Patxi
Patxi dio:
2006/01/16 04:21

Oso ados nago zurekin.

Neuk, perezaz askotan, zalantzen aurrean ez det denborarik hartzen Mokoroa begiratzen. Batzuetan baino ez.

Zure mezu honek arreta gehiagorekin ibiltzen lagunduko dit.

Askotan ere, zalantzak sortzen zaizkit. Hau erderakada ote? Hau ondo ote dago?

Zuzentzaileak behar ditugu, baina, jendeak nahikoa lan mezuei erantzuten, zuzentzea ezin eskatuko diegu!

Estimatuko genieke baina. Nik bai behintzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: