Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Xabier Mendiguren Elizegi: "Poligamo baten aitorpena"

Xabier Mendiguren Elizegi: "Poligamo baten aitorpena"

EibarOrg 2010/05/18 09:00
Xabier Mendiguren idazleak ondorengo artikulua idatzi zuen Diario de Noticias de Alava egunkariaren "Ortzadar" gehigarrian. Sarean aurkitzeko modurik ez dagoenez, Xabierrek berak Eibartarrak zerrendan argitaratu zuen, eta guk handik hona ekarri.
Xabier Mendiguren Elizegi: "Poligamo baten aitorpena"

Xabier Mendiguren Elizegi

Poligamo baten aitorpena

Azkenaldian poligamo hutsa bihurtuta nagoela aitortu behar. Ez harreman sexualei dagokienez, hor betiko moduan jarraitzen baitut, liburuei dagokienez baizik. Azalduko dut zer esan nahi dudan.

Irakurzaleak ez gara izaten liburu bakarreko pertsonak, alde horretatik nekez aurkituko da monogamo pururik gure artean; liburuz aldatzea gustatzen zaigu, baina obra baten irakurketak irauten duen bitartean hari leial irauten saiatu ohi gara. Nobela, saiakera edo poesia-liburu bat asko-asko gustatzen zaigunean, harekin saiatzen
gara egoten tarte libre bat eduki orduko, eta ez dugu begirik izaten beste inorentzat. Gero, egia da, liburu hori amaitzen dugunean, pena handiz bada ere, apalean gorde, edo lagun bati oparitu, eta alde batera uzten dugula. Guztiz ahazten ez badugu ere, beste batek okupatzen duela haren tokia gure bihotzean. Horrenbestez, esan liteke irakurle on bat monogamo kontsekutiboa izaten dela, ezkontidea aldiro aldatu arren, batekin dagoen bitartean harekin eta harentzat bakarrik bizi ohi dena.

Horrelakoa nintzen ni ere garai batean. Gero, ez dakit zer gertatu zitzaidan: bizioa?, adin ertainaren krisia?, aukeren gehiegia?, beren orrialde birjinetatik keinu egiten zidaten liburu gaxteen azal liluragarriak?, kontrazaletako aupamen sujerikorrak?, azal biguneko edizioen prezio merkea? Kontuak kontu, liburu-dendan sartzen nintzen aldiko ezin tentazioari eutsi, eta urte batzuetatik hona beti izaten dut esku artean irakurri ditzakedanak baino liburu gehiago.

Oroitzen naiz, orain dela hogeita zenbait urte, hogeita gutxiko gaxtea nintzela, idazle zaildu batek nola esan zidan behin gaiztakeria bat bere lagun bati buruz: “Horrek, liburuak erosi bai baina gero ez ditu irakurtzen”. Niri, ordura arte liburutegi publikoen bezero izandako irakurle dirugabeari, ulertezina egiten zitzaidan liburuak erosi eta ez irakurtze hori. Eta horra, urteen buruan, ni ere gaitz berean erortzeko arriskuan.

Hori ez da berez txarra: liburuak eroste hutsarekin idazleari laguntzen zaio, argitaletxeari, liburu-dendari, herri  kultuago eta atseginagoa egitearren geure aletxoa eransten dugula esan liteke; horrez gainera, dotore ematen dute liburuek errenkadan ipinita, apalak betez, eta nork daki, zuk irakurtzen ez dituzunak zure iloba
batek irakurriko ditu agian egunen batean, edo etxea garbitzen dizun errumaniarraren alabak.

Horrekin kontsolatuko nintzateke liburuen bildumazale hutsa banintz, haiek ikusmiran edukitzeaz eta hatz mamiekin ukitze hutsaz atsegin hartuko banu, bibliofilo fetitxistek egiten duten legez; baina ez:
nik ikusi eta ukitu eta usaindu ez ezik irakurri egin nahi izaten ditut, denak ez bada gehientsuenak, kalean ikusten dituen neska eder guztiak besoetan hartu eta maitatu nahi lituzkeen obseso sexualaren
moduan. Orduan, kalean miretsitako gorputz ederrak ez bezala liburuak neure eskueran ditudanez, poligamiara jotzen dudala esan dezaket.

Alegia: liburu bat hartzen dut, eta irakurtzen hasten naiz. Konbentzitzen ez banau, azkar asko uzten dut bazter batean, beharbada betiko edo, zortea badu, aldarte hobez harrapatuko nauen egunaren zain; beste bat hartu eta puska batean aritzen naiz harekin; gustura nago, kili-kili egiten dit; baina aldamenean beste bat ikusten dut, nire eskuen eta begien zain, so eztiak zuzentzen dizkidala, eta horri ere nire laztanak opa nahi dizkiot, aurrekoari aginduz, halere, laster itzuliko naizela beregana, ez dudala alde batera utzi nahi.

Batzuetan esaten diot neure buruari gizarte kapitalistarena dela errua, ordu gehiegi ematen ditudala lanean eta ez dudala nahikoa asti esku artean ditudan liburuak amaitzeko; baina hurrena liburu-denda batean sartu eta beste bi erosiko ditut, nire Haren zabala areagotzeko, denak asetzeko 20 bizitza eta 40 begi beharko baditut ere.

etiketak: ,
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: