Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Roberto Perez Jauregiren hilketaren 40. urteurrenean

Roberto Perez Jauregiren hilketaren 40. urteurrenean

Eibarko Ekimen Herritarra 2010/11/27 17:26
Datorren abenduaren 4an, 40 urte beteko dira Roberto Perez hil zutela Eibarren, frankismoaren aurka egindako manifestazio batean balazko zauriak hartu ondoren. Besteak beste Ion Etxabe , Enrique Gesalaga eta Mario Onaindia eibartarrak auzipetuta zeuden Burgosko epaiketa militarra salatzeko egin zen manifestazioan.
Roberto Perez Jauregiren hilketaren 40. urteurrenean

Argazkia: L. Lamas (El Correo)

1970eko abenduaren 4a zen. Bezperan hasi zen epaiketa Burgosen. Manifestazioak eta protestak estatu osoan piztu ziren, eta diktadoreak salbuespen egoera ezarri zuen.

Eibarren manifestazio jendetsu batekin erantzun zitzaion, polizia indarrek erreprimitu nahi izan zuten, baina gelditzeko gai ez zirela ikusita, suzko armak erabiltzen hasi ziren, eta beste zauritutakoen artean, Urkizu parkearen inguruan  eta Iparragirre kalearen  parean, balaz zauritu zuten Roberto Perez Jauregi, 21 urteko gaztea. Donostiara eraman zuten eta lau egunetara hil zen. Manifestazio baketsurako eskubidea, urraezina beharko lukeen eskubidea erabiltzeagatik  hil zen.

40 urte pasa dira, eta familiak, lagunek eta Eibarko herritarrek, inpunitatea eta ixiltasuna irentsi behar izan dituzte. Bere ama Alicia hil zen, zigorrik gabeko krimen horren mina baretu ezinik. Bere aita Casimiro bizi da, eta baita Jorge anaia eta bere familia eta lagunak ere. Robertoren heriotz zentzugabe eta oroimenarekin  bizitzera kondenatuak denak. Eibarko gizarte zibiliak ere bizirik dirau, eta zain dago, ea errejimen frankistaren oinordeko legala den demokrazio honek noiz egingo duen justizia diktadorearen krimenetan, eta noiz garbituko dituen ardurak, hildako batzuk eta besteak  bereiztu gabe,  biolentzia nork erabili duen araberan.

Estatuaren bortxakeria gaitzesgarriena dela sinesten dugu, boterearen egiturek eskaintzen duten babesarekin egiten baita. Demokrazia mailan aurrera egitea aldarrikatzen dugu, bermatu dadila hiritar guztion berdintasuna Justiziaren aurrean, legeetan eta giza eskubideetan

Robertoren heriotzaren 40. urteurrenean, Eibarko herritarrok jakinarazi nahi dugu ez dugula bere heriotza ahaztu, eta ezta hilketa honi Justiziaren ixiltasunak eta estatuaren eskaintzen dioten babesarekin.

Beste aldetikan, une ezin hobea  da diktadura hura bizi ez zituzteneri, ze egoera gogorrak paireatu behar izan zuten herritarrak  eta oindiokan zer nolako zorrak geratzen diran ordaitzeke. Gure saminaren, eta Robertoren sendiarekiko elkartasunaren erakusgarri, Eibarko herritarrak deitzen ditugu, salatutako egoerarekin gure desadostasuna agertzera, datorren 2010eko abenduaren 4an, larunbatean, 12:00etan, Udaletxe aurrean egingo dugun Agerraldira.

Alderdi politiko eta elkarte kulturalak gonbidatzen ditugu erreibindikazio hau berea egitera eta beren parte hartzearekin Agerraldia babestera.

Justizia Robertorentzat.

Elkartasuna Robertoren familiarekin.

etiketak: Historia, Politika
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: