"Napoka Iria" taldearen kontzertua
Miren Narbaiza eibartarrak (gitarra eta ahotsak) eta Ander Mujika elgoibartarrak (gitarra) osatzen duten Napoka Iriak kontzertua eskainiko digu Coliseoan. Urtarrilaren 25ean izango da, barikua, arratsaldeko 20.30etan.
Taldea 2005. urtean sortu zuten, eta harrezkero gero eta ezagunagoak dira euskal musikazaleen artean.
Urtarrileko kulturgidan elkarrizketa egin diete eta hona ekarri dugu:
Zein izan da Napoka Iriaren ibilbidea hastapenetatik hona?
2005ean osatu genuen bikote musikala, eta hasieratik kontzertu pila bat eman genituen, betidanik bereiztu izan gaituzte zuzeneko emanaldiek. Loess taldean ezagutu genuen elkar, orduan Legarreko lokaletan egiten genituen entseguak, eta bion artean sortu zen sintonia onari jarraiki azkenean gure kabuz jotzeari ekin genion. 2007an argitaratu genuen gure lehenengo maketa, 2008an beste bat grabatu genuen eta urte horretan bertan Japonen ere izan ginen kontzertua eskaintzen. Azken lana 2011an kaleratu dugu, “Lehertarazi edifizioak” izenburupean, Bergarako Zabalotegi Antzokian eskainitako kontzertu baten zuzeneko grabaketan oinarritutako diskoa da.
Proiektu ezberdinak izan dituzue esku artean…
Napoka Band taldean murgilduta egon gara azkenaldian, gauza berriak probatzeko abian jarritako egitasmoa izan da. Andoni Mujika, Felix Buff eta Rafa Rodrigorekin batera aritu gara, gure kantak moldatu ditugu eta euren formatuarekin fusionatu ditugu. Hamar kontzertu inguru eskaini ditugu martxotik hona, eta primerako harrera eduki du ekimenak. Esperientzia oso polita izan da, baina aldi baterako proiektu puntuala da soilik.
Nola definituko zenuke zuen musika estiloa?
Esan behar dut ez zaigula batere gustatzen gure musikari etiketa bat jartzea, ez dugu atsegin estilo jakin bati lotzea. Ingurukoen hitzak erabiliko ditut galdera honi erantzuteko, jendeak dio gure estiloa folk-rock akustikoa dela. Ez dakit, ni ez nahiz definizio kontuetan sartuko, sinpleki bi gitarra eta ahotsa dira musika egiteko dugun bidea.
Zein momentu bizi duzue orain?
Disko berria prestatzen dihardugu, 2013rako kaleratzea aurreikusten dugu. Bien bitartean kontzertuak ematen jarraituko dugu han eta hemen, Madril eta Bartzelonan baditugu batzuk hitzarturik eta atzerrira joateko ere ateak zabalik ditugu eta ia poliki-poliki hauek ere ixten ditugun. Era berean, Joseba B. Lenoir musikariak bere “Itzali argiak” proiektuan parte hartzeko aukera luzatu digu, Blues-eko zenbait kanta klasikoren bertsioa egin eta euskaratzea da xedea.
Musika mundua ez da eremu erraza, baina zuek lortu duzue leku bat egitea.
Asko jo izan dugu beti, pausoz pauso eta momentuan momentukoa biziz egin dugu aurrera. Presarik gabe, gure erritmora, egiten dugunarekin gozatuz. Horrela, denboraren poderioz, gauzak irteten joan dira eta aukerak sortzen, bilakaera naturala izan da. Gakoa? Jo eta jo aritzea. Oso pozik gaude sortu dugunarekin, eta gure tokia egiten ari gara mundu zail honetan.