Larunbatean jokatuko da Eibarko Hiria xake txapelketa
Eibarko Klub Deportiboko xake-joko batzordeak antolatuta 18 talde eta 75 bat jokalari bilduko dira Untzaga plazan arratsaldeko 16:00tan hasita 24. Eibarko Hiria partida azkarren txapelketa jokatzeko.
- Partida guztiak batera, kaleak ematen duen isiltasuna lagun dutela eta inguruan zer gertatzen den ia enteratu ere egin gabe, horrela jokatzen dira partida azkarrak.
Udaberrian hasi eta udazkena bitartean Euskal Herri guztian zehar xake klubek herrietako jaietan antolatzen dituzte honen antzeko txapelketak. "Laguntasunaren Zirkuitua" izenekoaren barruan, 5 minutuko partidak jokatzen dira txapelketotan.
Eibarko Klub Deportiboko xakelariak txapelketa horiek jokatzen aritzen dira udaberritik udazkenera arte, orain arte jokatutako txapelketen zerrenda webgunean argitaratuta duteeta momentuz 8 txapelketatan aritu dira, baina beste asko falta dira oraindik.
Herriko txapelketaz gain, Azkoitian izango dute zita igande goizean eta uztailean zehar Zornotzan, Errenterian eta Añorgan jokatuko dute gure herriko xakelariek.
Askok eta askok xakea ordu askoko kirol aspergarri gisa ulertzen dutenez, ez dute imaginatu ere egiten nolakoa izan daitekeen 5 minutuko partida bat. Gezurtxo bat ere esan dut, ez baitira 5 minutu, jokalari bakoitzak izaten ditu 5 minutu, hau da, partida jokatzeko 10 minutu egoten dira.
Jendea gehien harritzen duena, denbora labur horretan partida bat nola jokatu daitekeen alde batera utzita, jokalariek denbora gutxirekin partida hain azkar jokatzeko duten ahalmena ikustea da. Hona hemen erakustaldi gisa, partida azkar batzuen bideo batzuk. Lehenengoa, Deporreko xakelari batek jokatutako partida batena.