"Kontalaria" ekimena Eibarren
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Kontalaria izeneko kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea da. Baina, horretaz gain, beste helburu batzuk ere baditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.
Kontalaria Euskal Autonomia Erkidegoko hogei herritan burutuko den espazio ludiko bat da. Espazio horretan, pantaila bat eta bideo-kamera bat egongo dira, eta herritarrek aukera izango dute kontu kontari aritzeko, denen artean ipuin kolektibo bat osatuz.
Egitasmoa aurrera eramateko kamioi bat ibiliko da herri batetik bestera astebururo. Kamioi hori ipuina kontatzeko espazio ludikoa izango da. Barnealdean, kontu kontari jarduteko pantaila eta bideo kamera izango ditu, eta espazio horretan gauzatuko da ipuin kolektiboa. Kanpoko animazioaren bitartez, parte-hartzea bultzatuko da eta erregidoreak funtzionamenduaren mekanika argituko du. Aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio partaideari aurrekoaren kontakizunarekin jarrai dezan. Haur nahiz gazte, heldu nahiz adineko, guztiek har dezakete parte.
Webgunean bertan informazio gehiago, egutegia, eta aurreko herrietan egindako ipuinen bideoak.