Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan
Hona hemen beraien blogean publikatutakoa:
Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan
Arrateko dantzekin abiatutako bidean sakonduz, egutegiaren beste
muturrean gure herriko dantza tradizioak osatzen jarraitzeko asmoa
dugu. Udako dantza tradizioek beren kide simetrikoa izan ohi dute
neguan, eta Arrateko dantzen neguko ordaina aratusteetan egingo ditugun
koko-dantzak izango dira.
Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren
26an, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka
dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko
bisitatuko ditu. Goizean goiz abiatuta baserri bakoitzaren aurrean
dantza emanaldia egin, koko-eskea egin eta modu horretara hainbat
baserri bisitatuko ditu konpartsak egun osoz. Arratsaldean Eibarko
kaleetara iritsiko da koko-dantzari eta koko-marruen konpartsa, eta
bertan ibiliko da aratusteek ohikoa duten jai giroan musika eta
dantzarekin.
Aratuste tradizionala eta bere pertsonaia
arketipikoetan oinarrituta ari gara koko-dantzak prestatzen. Eibarren
plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira,
bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren
izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru
horretan bete-betean txertatzen direnak. Eibarko aratusteen inguruan
erabili izan diren zenbait ohituretatik jaso ditugu su berria pizteko
erabiliko ditugun txinpartak.
Aupa, data oker dago, urtarrilaren 26an izango da. Eskerrikasko!!