Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Hondakinen gaikako bilketa

Hondakinen gaikako bilketa

Garden 2015/04/20 09:08
Hondakinen gaikako bilketa zer norabide hartzen ari den ikusita, datozen Udal Hauteskundeetarako eztabaidagai politikoa bihurtu baita, GARDENekook garbi utzi nahi dugu zer pentsatzen dugun.

Jakina denez, 2013ko martxoko udalbatzarrean, AHO BATEZ onartu zen (alegia, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten) GARDENek aurkeztutako mozio bat. Mozio horretan, Eibarren hondakinak gaika biltzeko sistema 5. edukiontzikoa deritzona izatea eskatu zitzaion udalari.

Nahiz eta jakin sistema horrek beharbada gabezia batzuk dituela, haren alde egiten dugu beste aukeren aurretik, zenbait ezaugarri kontuan izanda (Eibarko orografia, zenbait tokitako biztanle-dentsitatea, kostuak, erosotasuna, eta abar) eta sinetsita arduraz eta profesionaltasunez jokatuz gero haren emaitzak beste edozein sistemaren parekoak izan daitezkeela.

Sistema hori bultzatzeko, Udalarekin elkarlanean jarduteko zeregina jarri genion geure buruari. Zenbait bilera egin ostean, Eibarko Hondakinen Mahaia izenekoa jarri zen martxan, eta bertan parte hartzen dugu. Ahalik eta hondakin gehien gaika biltzea beste helbururik ez daukagu, eta ahalik eta azkarrena biltzea, jakina. Guretzat, ez da nahikoa Europar Batasunak jarritako epeak betetzen joatea: zenbat eta gehiago aurreratu, horrek are bizi-kalitate hobea ekarriko du eta kostuak nabarmen jaitsiko dira, eta aurrezpen hori beste esparru batzuetan erabil daiteke.

Eibarko Hondakinen Mahaian, ekarpenak egiten ditugu, gure ustez oraintxe azaldutako helburuak betetzen laguntzen dutenak (edukiontzi berdeari txipa jartzea, informatzea eta sentsibilizatzea, dinamizatzaile bat kontratatzea, kronograma zorrotzagoa izatea, zer hondakin eta non utz daitezkeen azaltzen duten eskuorriak banatzea, eta abar). Beti ez dugu lortzen gure proposamenek harrera ona izatea. Hala ere, astiro-astiro, emaitzak hobetzea lortu da, nahiz eta lehenbailehen gainditu beharreko geldiune bat gertatu den azken hilabeteetan. Azpimarratu nahi dugu azkarrago aurrera egingo genukeela eta askoz emaitza hobeak lortuko genituzkeela parte-hartze handiagoa izango bagenu, Mahaian bertan esan izan dugun bezala.

Azalpen honen ondoren, eta aukera politiko guztietatik aparte dihardugula argi eta garbi utzita –gure iritzirako, gai tekniko bat baita-, politikariei eskatzen dieguna hauxe baino ez da: ez dezatela segi gai hau politika-eztabaidetako gaitzat erabiltzen datorren udal hauteskundeetan eta etorkizunekoetan; ez dezatela gai hau erabili ezta lortutako emaitzaren ondoreneko harrokeriaz ere; arma jaurtigaitzat ere ez; ezta sistema honen babesletzat ere.

Eibar garbiago eta Hondakinen Gaikako Bilketan laguntzaileago baten alde. Denok batera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: