"Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936" liburuaren aurkezpena
Atzo, urtarrilak 19, Antxon Narbaizaren Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936 liburua aurkeztu zuen Badihardugu Euskara Elkarteak Eibarko udaletxean. Aurkezpenean Antxon Narbaizarekin batera izan ziren Ainitze Oruesagasti Badihardugu Elkarteko ordezkaria eta Jone Telleria Eibarko Udaleko Euskara Normalizazio batzordeko batzordeburua.
Lan honetan Antxon Narbaizak XX. mendearen lehen hereneko giro politiko-ideologikoa aztertu ondoren, Eibarren, udalean batez ere, lanpostu publiko bat eskuratzeko zeuden hizkuntz eskakizunak ikertu ditu. Narbaizak lan ugari argitaratu ditu, eta, oraingo honetan, artxibo lan handia duen liburua utzi digu.
Liburua 2010eko Durangoko Azokarako atera zuen Badihardugu elkarteak, eta elkartearen stand-ean egon zen salgai. Hemendik aurrera, Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936 Eibarko liburu-dendetan egongo da salgai 10 euroren truke.
Izenburua: Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian 1900-1936
Orrialdeak: 72
Egilea: Antxon Narbaiza (Eibar, 1948)
Argitaratzailea: Badihardugu Euskara Elkartea
Salneurria: 10 euro
Badihardugu Euskara Elkartea
Badira urteak Badihardugu euskara elkarteak lanari ekin ziola. Debagoiena eta Debabarreneko hizkerak jaso eta zaintzea da bere helburua eta horretarako eskualde osoko 17 herrietako lagunak biltzen ditu bere baitan: irakasleak, idazleak, itzultzaileak, filologoak, teknikariak... Azkenaldian Euskal Herriko Ahotsak da bere proiekturik ezagunena, baina beste hainbat lan eta proiektu ere bideratzen ditu, betiere herri hizkeren eta euskalkien inguruan. Besteak beste, urtero urtero argitalpenen bat kaleratzen du. Antxon Narbaizaren liburua da bilduma horretako 7. alea. Aurretik, dialektologiak, euskalkiak, ahozko jardunak edota kalean hitz egiteko erak aztertu dira. Gainera, Deba ibarreko aditza ere batu du beste bilduma batean elkarteak. Gatzagatik hasi eta Mutrikuraino, herririk herri erabiltzen diren adizkiak eta aditz-taulak jaso eta argitaratu nahi ditu elkarteak. Dagoeneko 8 ale kaleratu ditu (Eibar, Elgoibar, Bergara, Elgeta, Mallabia, Oñati, Antzuola, eta Leintz bailarakoa).