Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Fernado Muniozguren Bidegileak bilduman

Fernado Muniozguren Bidegileak bilduman

Elena Laka 2008/12/05 13:56
Atzo arratsaldean zerrendakide ere izandako Fernando Muniozgureni eskainitako "Bidegileak" liburuska aurkeztu zen Portalean. Elena Lakak kronika egin du Eibartarrak posta-zerrendan eta hona ekarri dugu.

Portaleako aretoa jendez beteta zegoen, ez bakarrik eibartarrak, kanpotik etorritakoak ere bazeuden, gehienak, iruditu zitzaidan, euskara elkarteen mugimenduarekin lotura daukan jendea, eta Fernando eta haren ekarpena gertutik ezagutu zuena. Arrasatetik, Debatik, Beasainetik, Bergaratik... Gehienak (edo guztiak) ginen berrogei urtetik gorakoak.

Mari Jose Telleria kontzejalak eta Juanito Barahona ...eta kitto!ko presidenteak egin zeben berba,  Fernandoren lana azalduz batez be elkartearen eta aldizkariaren inguruan.

Ondoren Iñaki Arrutik, liburuaren egileak, liburua aurkeztu zuen. Fernandoren bizitzari buruzko laburpena egin zuen eta liburuko hainbat argazki erakutsi zituen, txikitatik hasita. Fernandok lan egiteko eta aldi berean pentsatzeko eta hausnartzeko zeukan kapazidade itzelak aipatu zituen, besteak beste. Jendearen akuilu izateko gaitasuna, pragmatismoa eta lanerako grina azpimarratu zituen baita ere. Hunkigarria bereziki bukaeran "Xoxo beltza" kantuaren hitzak ipini zituenean, Fernandoren hiletan kantatu zuten bere gustoko kantuarenak.

Ondoren Patxi Baztarrikak egin zeban berba, orain politiko, baina duela hogeitapiku urte Fernandoren homonimo Andoaingo udaletxean. Fernandoren aipamenak, baina batez ere, bere karguari dagokion diskurtsoa bota zituen. Arrutik bezala, omenduak esandakoa, "euskararik efektiboena, afektiboa" erabili zuen diskurtsoa uztartzeko.

...eta kitto!ren oroigarri bat Fernandoren familiari, alabak jaso eta eskertu zuena.

Eta bukatzeko ...eta kitto! aldizkariaren hogeigarren urtehurrena era badenez, ondoren bideo bat ipini zuten aldizkariaren nondik norakoa esplikatzeko, hogei urte hauetan egindako bidea azaltzeko, hasieratik, Fernandok udaletxean martxan ipini zebanetik, gaur egun arte. Makinatxo bat argazki ikusi genituen, denok hogei urte gutxiago geneuzkala.

Eta gero piskolabisa eta berriketia, aspaldi egon barikoen artean.

Ekitaldi txikia, polita izan zen.

etakittoren webgunean, liburuxkaren inguruko informazio gehiago.

etiketak: euskara, kultura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: