Felix Arroitajauregi ekintzaile eibartarra hil da
Eibarko bizitza ekonomiko eta kulturalean nabarmendu zen Felix. Eibarko Txiriokalean jaio zen 1940. urtean, eta 14 urterekin hasi zen lanean BH lantegian; eta gero Alfa josteko makinen lantegira joan zen; han, orduko sindikatu bertikaleko bitartekaria izan zen. TEFISO (Teologia, filosofia eta soziologia) taldean sartu zen gaztetan.
Eibarko Juan XXIII kooperatibaren sortzaile izan zen, eta Eroskiren ernamuinetako bat izan zen hura. Eroski behin osaturik, kooperatiba honetako zuzendaritza kontseilukoa izan zen 1971 eta 1996 urteen artean.
Eibarko Arrate Kultur Elkarteko zineforumaren arduraduna ere izan zen eta Eibarko Klub Deportibokoa ere bai.
Badihardugu euskara taldeak eta Eibarko Ego-Ibarra ondare ekimenak elkarrizketa sorta interesgarria egin zioten, eta Ahotsak atarian daude grabaketak.
Arrate Aranbururekin ezkondua, artisten guraso ere bazen: Jone, Ander (luthierra) eta Maite (Mursego musikaria) haien seme-alabak dira.