"Euskara. Gogoetak" - Trunboi
I
Barandiaranek, bere txikian,
bazuen jakinduria
Paleolitos arotik, zion,
dator hizkuntza guria,
milaka urtez iraun du, beraz,
nahiz izotza zein euria,
jende askogan, zaharra delako,
sortu du jakinguria;
gero norbaitek botako zuen
zela txatar, iruria
eskasa baina, tinta ugari
bazterretan isuria
pixkanaka du berreskuratu
izen ona, irudia.
II
Erromatarrek ekarri zuten
euren hizkuntza, kultura,
golde berria, galtzada, zubi
miliarri, eskultura,
jaso zituzten opidum-ak ta
harresi sendoz ingura,
kosta miatuz batel lirainak
abaroetan aingura;
ingeniaritzan aurreratuak
teknika onak eskura
akueduktoz hurbiltzen zuten
iturrietatik ura,
euskarak dirau eta latina
mugatua liburura.
III
Erromak egin hildoan ziren
ereingo kristau haziak
moda bitxia hedatu zuten
Egiptok, Kapadoziak,
seigarren mende bueltan hor ziren
haitzak zulatzen hasiak
bakardadean nahi bait zituzten
jaso Kristoren graziak;
Trebiñon dira aterpe hoiek
geuk ditugu ikusiak
denon arreta merezi dute
hain xumeak, bereziak
euskara al zen zerabiltena
harpe hoietan biziak?
IV
"Ora et Labora" hasierako
Benitoren aldarria,
solteak batuz eraiki zuen
monakal era barria,
lehenengotik ezarri zien
klausuraren uztarria,
pobreza eta kastitatea
beharrezko oinarria;
Euskal Herrira iritsi eta
zabalkunde deigarria,
euskara urri idatziz, behintzat,
orri ertz baten jarria
"Izioqui dugu ajutu ez dugu"
perpaus gogoangarria.
V
Erdiaroko ilunbe hitsak
bide zabal argiari
Berpizkundea deritzo orain
mende biko garaiari,
literatura, itzulpengintza,
miresmena grekerari,
jakiminaren ezten zorrotzak
aurrerapenak ugari;
hemen batzuek gogoz, sutsuki
ekin zioten lanari,
"gure mintzairan idatz daiteke"
Etxeparek munduari
euskaraz lehen inprimatua
eman zigun hark opari.
VI
Estatuetan oinarritu da
hizkuntzaren ahalmena
kolonizatu ondoren, baina,
gurearen ukapena,
ezdeusa, zatar, txiro, trauskila
MARIANAren txostena,
teoriari bide emanez
ezabatzeko baimena;
"El Imposible Vencido" bera
galtzailearen auhena
frogatu nahirik euskara zela
mintzaira zahar, gardena
arrazoiaren bermea zuen
etsaiak indarrarena.
VII
Kulturak bere piztualdia
urtu zenean izotza
andre zein gizon suhar, argiak
jaso zutenak ahotsa
bazter utzitik ohiko izu
gutxiespen eta lotsa
erein behar zen haziarentzat
ireki zuten lorrotza;
Españak zuen ezarri, baina,
lege estua, zorrotza
gaztelenia ozen goratuz
euskarari kenduz hotsa,
hainbeste urte iraun duena
bere etxean arrotza.
VIII
"Ekarri dugun mintzairan duzu
benetan askatasuna
jakinduria unibertsala
bizitzari erantzuna"
berba jario, azpijokoa,
erdainua, behazuna,
mehatsu, irain, eraso, zigor,
lotsarien eraztuna;
hara zer duten ekarri hauek
debekua ta isuna,
orain pareko, ofiziala
sinatuz gero ituna,
itunak itun argi, nabarmen
menpeko euskal hiztuna.
IX
Duela mende erdi bat edo
egonezina zen latza
egin beharra zegoen zerbait
erne zekigun baratza,
geure hizkuntzan analfabeto
alfabetatzen urratsa,
Euskaltzaindiak, bere aldetik,
batuaren lehen ardatza;
ikastola ta gaueskolena
ekinbide aberatsa,
itolarrian zegoen hari
itzuli zioten hatsa
gero goizargi bihurtu zaigu
beltza genuen arratsa.
X
Irakaskuntza dugu geroa
dezagun,bada,eratu
jantzi,aberats,zabal,euskaldun
ez dadin azken geratu,
lehenik dugun eginkizuna
erdal katetik askatu
lamia kantu oro baztertu
ta nortasuna garatu;
biko sistema kaltegarria
hezkuntzatik ezabatu,
euskara landu, kultura jorra
etorkizuna finkatu,
gero geuk dugu erabakiko
zein erdara aukeratu.