Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Euskara antzinatetik hona 12 bertsotan

Euskara antzinatetik hona 12 bertsotan

EibarOrg 2010/12/29 11:46
Hamen dozue Trunboin 12 bertso antziñatetik hona euskerian ibilbidia, orainguan euskera batuan, eta betiko moduan euskera ederrian.

I
UR izeneko hiria bazen
Asian antzinatean
horrela, behintzat, ageri zaigu
Bibliako pasartean
Abram-ek omen jaioterria
Kaldeako lurraldean
gurutzegrama osatzeko da
baliagarri tartean
Urgell, Urbion, Urbel ibaia
penintsulako partean
Uralak ere mendi galantak
Euro-Asia artean
dena euskara dela dirudi
nahiz hemendik apartean.

II
Barandiaranek bere txikian
bazuen jakinduria
Paleolito arotik, zion,
dator hizkuntza guria
milaka urtez iraun du, beraz,
nahiz izotza zein euria
jakintsu askogan, zaharra delako
sortu du jakinguria
gero norbaitek botako zuen
zela txatar, iduria
eskasa baina tinta ugari
bazterretan isuria
ahalmena badu eta jo baietz
Osloko ate zuria.

III
Erromatarrek ekarri zuten
euren latina, kultura
golde berria, galtzada, zubi
miliario, eskultura
jaso zituzten opidum-ak ta
harresi sendoz ingura
kosta miatuz batel lirainak
abaroetan aingura
ingeniaritzan aurreratuak
teknika onak eskura
akueduktoz hurbiltzen zuten
iturrietatik ura
euskara hor da eta latina
mugatua liburura.

IV
Erromak egin ildoan ziren
ereingo kristau haziak
moda bitxia bidali zuten
Egiptok, Kapadoziak
seigarren mende bueltan hor ziren
haitzak zulatzen hasiak
bakardadean nahiko zituzten
jaso Kristoren graziak
Trebiñon dira aterpe hoiek
guk geuk ditugu ikusiak
denon arreta merezi dute
hain xumeak, bereziak
euskara al zen zerabiltena
harpe hoietan biziak?

V
"Ora et Labora" hasierako
Benitoren aldarria
solteak batuz, eraiki zuen
monakal era barria
lehendabiziko ezarri zien
klausuraren uztarria
pobreza eta kastitatea
beharrezko oinarria
Euskal Herrira iritsi eta
zabalkunde deigarria
euskara urri idatzietan
bazterren baten jarria
"Izioqui dugu ajutu ez dugu"
perpaus gogoangarria.

VI
Erdi aroan hasiko zuen
erromesak hiztegia
bitxikeria hori izan da
agian ahaztuegia
Aimery Picaud bere izena
pertsona harroegia
jauntxoa zenez, berdintasuna
ez zen, nonbait, zilegia
nafarrok anker, lizun, lapurrak
ez gendun maite legia
gorrotoz hasi zuen langintzan
nahigabe, harek, egia:
mendebalean bizi zirenak
nafar hutsak, alegia.

VII
Erdiaroko ilunbe hitsak
bide eman argiari
berpizkundea deritzo orain
mende biko garaiari
literatura, itzulpengintza
miresmena grekerari
jakinminaren ezten zorrotzak
aurrerapenak ugari
hemen batzuek gogoz, sutsuki
ekin zioten lanari
"euskaraz berdin idatz daiteke"
Etxeparek munduari
imprimatu zen lehen liburua
eman zigun hark emari.

VIII
Estatuetan oinarritu da
hizkuntzaren ahalmena
kolonizatu eta ondoren
gurearen ukapena
ezdeusa, zatar, txiro, trauskila
Marianaren txostena
teoriari amain emanez,
ezabatzeko baimena
"El imposible vencido" bera
galtzailearen auhena
frogatu nahirik euskara zela
mintzaira zahar, gardena
arrazoiaren bermea zuen
etsaiak indarrarena.

IX
"Ekarri dugun mintzairan duzu
benetan askatasuna
jakinduria unibertsala
bizitzari erantzuna"
lamia kantu, azpijokoa
gorrotoa behazuna
mehatxu, irain, eraso, zigor
lotsarien eraztuna
hara zer duten ekarri hauek
debekua ta isuna
orain pareko ofiziala
sinatua da ituna
itunak itun argi nabarmen
bigarrena euskalduna.

X
Kulturak bere biztualdia
urtu zenean izotza
andre zein gizon suhar, argiak
jaso zutenak ahotsa
bazter utzirik ohiko izu
gutxiespen eta lotsa
erein behar zen haziarentzat
ireki zuten lorrotza
Españak zuen ezarri, baina,
konstituzio zorrotza
bere hizkuntza ozen goratuz
euskarari kenduz hotsa
eskoletxetan ezagun samar
kalean, aldiz, arrotza.

XI
Duela mende erdi bat edo
egonezina zen latza
egin beharra zegoen zerbait
erna zekigun baratza
geure hizkuntzan analfabeto
alfabetatzen urratsa
Euskaltzaindiak, bere aldetik,
batuaren lehen ardatza
ikastola ta gaueskolena
ekinbide aberatsa
itolarrian zegoen hari
itzuli zioten hatsa
geroztik hor da zabal munduan
bazter genuen laratza

XII 
Irakaskuntza dugu geroa
dezagun, bada, eratu
jantzi, aberats, zabal, euskaldun
ez dedin azken geratu
lehenik dugun eginkizuna
geure buruak askatu
buru-nahaste eroak uxa
ta oroimena garatu
biko sistema kaltegarria
hezkuntzatik ezabatu
euskara landu kultura jaso
etorkizuna finkatu
gero geuk dugu erabakiko
zein erdaratan mintzatu.

etiketak: euskara, bertsoak, kultura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: