Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / EibarOrg elkarteak hitzarmena Indianokua Gaztelekua ordenagailuz hornitzeko

EibarOrg elkarteak hitzarmena Indianokua Gaztelekua ordenagailuz hornitzeko

EibarOrg 2011/02/17 09:55
Atzo goizean gauzatu zen Eibar.Org elkartearen, Eibarko Udalaren eta La Caixa erakundearen arteko hitzarmena. Helburua da, Indianokua Gazteleku berrian 20 ordenagailu berri jartzea, euskaraz eta software librearekin.

Atzo goizean izan zen sinadura ekitaldia Portalea kultura-etxean. Ekitaldian izan ziren, hiru erakundeetako ordezkariak: Eibar.Org elkarteko Gari Araolaza, Eibarko udaleko zinegotzi Mari Jose Telleria, eta Eibarko La Caixako ordezkari Esti Areitio.

Atzo izenpetutako hitzarmen horri  esker, La Caixak 8.000 euroko dirulaguntza emango dio Eibar.org elkarteari eta Eibar.org elkarteak diru horrekin udal gaztelekurako ordenagailuak erosiko eta hornituko ditu.

Eibar.org elkarteak zehaztu ditu ordenagailu horiek izango dituzten zenbait ezaugarri:

  • Arranke duala. Linux eta Windows erabiltzeko aukera izango da, biak egongo baitira instalatuta.
  • Sistema eragile eta oinarrizko aplikazio guztiak euskaraz ezarriko dira.
  • Instalatzen den softwarea, software librea izango da: OpenOffice.org, Firefox, Gimp eta abar.
  • Eibarko denda batean egingo da ordenagailu erosketa.


La Caixak ezarri duen baldintza izan da, bestalde, nabigatzaileen HOME edo lehenengo orria Caixak aukeratutakoa izango dela.

Hitzarmen horri esker, datozen asteotan irekiko den Indianokua Udal Gaztelekuaren ordenagailu-gela hornitzeko aukera izango da.

Indianokua Gaztelekua

Lanak ondo bidean, apirilean irekiko du udalak gazteleku berria. Muzategin egongo da, orain gutxi eraikitako etxe berrietan.

Egoitzak 450 metro koadro izango ditu eta eremu desberdinak izango ditu: ordenagailu-gela bat, ikasketa-eremua (azterketa garaian-eta erabiltzeko), eszenatoki bat kontzertuak eta antzerkia antolatzeko, eta abar.

Gazteleku berria egunero irekiko da, martitzenetik domekara. Astegunetan ordutegi murritzagoarekin eta asteburuetan zabalagoarekin.

Udalaren eta Gaztelekuaren helburua da, herriko beste elkarte, erakunde eta taldeei ateak irekitzea egoitza eta instalazio berriak erabil ditzaten.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: