Eibar.org-ek saria jaso du "euskal komunikazioaren mugarri" izateagatik
Eibar.org-eko bazkideak sariarekin: Iban Arantzabal, Josu Mendicute, Elena Laka, Luistxo Fernandez eta Leire Narbaiza
Andoainen izan zen, urriaren 26an, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurtengo edizioaren sari emanaldia. Eibar.org izanik mugarri sarituetako bat, gure elkarteko zenbait kide joan ziren ekitaldira, eta hauen artean Luistxo Fernandezek jaso zuen saria.
Gainerako bederatzi mugarriak ez dira nolanahikoak. Kronologikoki, Anaitasuna aldizkaria, Zeruko Argiatik Argiara aldaketa egin zuen prozesua, Ttipi-Ttapa tokiko aldizkari nafarra, EHUko Kazetaritza ikasketak, EITB, Elhuyar aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria (eta honen jarraitzailea, Berria), Euskal Irratiak sarea, Eibar.org elkartea, eta Goiena Debagoieneko komunikazio taldea.
Epaimahaia hauek osatu zuten: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia. Merezimenduen zerrenda bat ere eman zuen epaimahaiak, eta honela azaldu zen mugarri bakoitzak zergatik jaso zuen saria:
- Anaitasuna aldizkaria: 1953. urtean atera zen argitara Anaitasuna aldizkaria, eta 1982an atera zuen azken zenbakia. Begoña Arregik eman du saria eta Angel Zelaietak jaso du. Bi arrazoirengatik eman dio epaimahaiak saria. Batetik, newsmagazine eredua euskarazko prentsara ekartzeagatik (formatu modernoa, eduki modernoak, kazetaritza modernoa), elizaren babespetik atera eta eztabaida politikoa pizteagatik eta kale-kazetaritza sustatzeagatik 70-80ko urteetan. Eta bestetik, euskara batuari egindako ekarpenagatik. "Eztabaida sutsuen artean, hiru urratsetan planteatu zuen euskara batuaren aldeko apustu irmoa: bat, abiapuntu gisa, bizkaiera batua sortzea eta sustatzea; bi, ereduzko euskara batua apur-apurka sartzea orrialdeetan; eta hiru, euskara batu betea erabiltzea oso-osoan bere produkzioan".
- Zeruko Argia eta Argia: “Rikardo Arregiren itzalpean, iraultza eta modernotasuna ekarri dutelako; ideia laborategi izan delako; beste hedabideetarako harrobi izan delako. Laburbilduz, euskal kazetaritzaren DNAa ezin hobeto islatzen duelako, Zeruko Argia/k ARGIA-ra da mugarri hau”. Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak jaso zuen saria, aldaketa hartako protagonista batzuk ere igo zirelarik oholtzara: Iñaki Uria, Pello Zubiria, Joxe Mari Ostolaza, Josu Landa eta azken honek oratutako kartel batean presente, Joxemi Zumalabe zena.
- Ttipi-Ttapa: "Inon bada-eta, toki hedabideetan garatu da, 1969/k hona, euskarazko komunikazioa. Jadanik sendoturik ematen duen errealitate horrek bere aitzindaria izan zuen: T(pi-Ttapa aldizkaria. Beran sortu zen, 1982an. Euskal Herriko zoko guz/etan sortu diren bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea izan da urte hauetan guz/etan". Aitor Arotzena zuzendariak jaso zuen saria.
- Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea: “Euskal kazetari profesionalik gabe ez legoke euskarazko kazetaritza modernorik. Euskarazko kazetaritza unibertsitatean sartu zuen, eta geroz/k globalizazioaren erronkei eta euskal gizartearen komunikazio beharrei erantzuteko gai diren profesionalak prestatzen jarraitu du”. Nekane Balluerka EHUko errektoreak jaso zuen saria.
- Euskal Irrati-Telebista, EITB. “Euskarazko kazetaritzaren aitzindariak aitzindari, lehen uzta oso eta betea 1982an hasi ginen jasotzen. EITBko kazetariek, kazetari-hizkera betea osatu dute urtez urte kiroletan, poli/kan eta beste hamaika esparrutan. Hizkuntzari dagokionez, herritarrak euskaraz informatu eta entretenitzerakoan, bultzagile izan dira medio honetako kazetariak. Hizkuntza eta gizartea, biak aberastu ditu mugarri honek”. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak jaso zuen saria.
- Elhuyar aldizkaria: "Euskarak zientziara begira jarri eta zientziaren berri euskaraz ematea ahalbidetu duen hedabidea da. Halley kometa, osasun eta medikuntza gaiak, teknologia mekanikoa eta digitala, biologia... gai horiek eta beste asko euskaraz jorratu eta zabaldu ditu". Aitziber Agirre aldizkariko zuzendariak jaso du saria.
- Euskaldunon Egunkaria / Berria: "Funtsezkoa da hedabide honek euskararen biziberritzeari eta informazioa euskaraz jasotzeko eskubideari egindako ekarpena. Eta erabakigarria, orobat, euskarari prentsa idatzian eta Interneten egindako lekua. 2003an bidegabeki itxi zuten arren, gaur egun Berrian bizirik dirauen mugarria da Euskaldunon Egunkaria". Martxelo Otamendi bateko zein besteko zuzendariak jaso zuen saria.
- Euskal Irratiak sarea. "Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian euskal irratien sorreraren lekuko izan gara: Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Antxeta Irratia. Gerora Euskal Irratiak deitu taldea osatu zen. 1980ko hamarkadako aitzindari haien proiektua sendotu, eta erronka berriei ekiteko gai izan den talde sendoa osatu dute". Maritxu Lopepe Euskal Irratiak federazioaren lehendakariak jaso zuen saria.
- Eibar.org. “1998an 'Eibartarrak' posta-zerrenda sortu zuten eta Interneten euskarazko edukiak behar zirela ohartuta, gauza izan dira punta-puntako teknologia eta aurrerabideak jartzeko euskararen zerbitzura. Euskarazko komunikazioa aro birtualera egokitu eta bide berriak zabaltzea zor diogun plataforma digitala da".
- Goiena: “Tokiko hedabideek berebiziko garrantzia dute, itzela, euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren aurrerabidean. Orain urte batzuk, Debagoienako euskarazko aldizkari guz/ek Goienkaria izeneko komunikazio ekimenean bat egin zuten. Gerora, mul/media egitasmo osoa sortu dute, euskarazko komunikazioaren punta-puntako eredu bihurtuz". Iban Arantzabal Goiena komunikazio taldearen zuzendari nagusiak jaso zuen saria.
Mugarria beren erakundeen izenean jasotako beste lagunek bezala, Luistxo Fernandezek ere eskertzako hitz batzuk egin zituen. Beheko bideoan dituzue.
Hala eskertu zuen Fernandezek saria: "Ohore handia da elkarte txiki baten izenean sari hau jasotzea, batez ere hemen izendatutako beste mugarriak, elkarte baino gehiago, erakunde direlako euskarazko kultura eta komunikazioan. Mugarri horietako asko, gu bezala, behetik gora hazitako proiektuak dira; kaletik, herritik, herritarrek sortutakoak, baina haiek gora iritsi diren bezala, gu xumeago geratu gara, eta elkarte antolatu edo desantolatu bat gara orain ere, sortu eta 20 urtera, ze herenegun goizekoak ere ez gara".
"Hala ere, uste dut baduela balioa gure zioak, gure izateko arrazoiak. Gaur egunean, Internet ikusten dugu korporazio erraldoi batzuen eremua bailitzan, iritzi-jario kontrolatuaren esparru bat bezala. Nik gezurtatu nahi dut hori. Uste dut herritarren, jende arruntaren, ahotsa izan daitekeela Internet, eta horretarako nahikoa dela teknologia apur bat, eta gauzak esan eta egiteko gogoa. Gaur egungo terminologia hori erabiliz, Martxelo Otamendik lehen irakur-gogo hitza asmatu du... Niri okurritu zait akaso idazpetralak izan nahi dugula batzuek Interneten, eta batzuk izan garen bezala, edozeinen esku dagoela aukera hori. Eskerrik asko."
Ekitaldia ETB1ek zuzenean eman zuen, eta hemen duzue emanaldiaren bideo osoa.