Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Ausazko xakea igandean udaletxean

Ausazko xakea igandean udaletxean

Mikel Larreategi 2011/11/22 08:56
Eibarko Klub Deportiboaren eskutik, piezak ausaz kokaturik jokatzen den xake txapelketa izango da igandean egun guztian zehar udaletxeko patioan Manuel Lopezen omenez.
Ausazko xakea igandean udaletxean

Partida jokatzeko erabili daitekeen hasierako piezen kokapen bat

Uztailean utzi gintuen Manuel Lopez urte askoan zehar Deporreko xake taldeko kide izandakok autobus istripu baten ondorioz eta Eibarko Klub Deportiboko xake batzordeak bere omenezko txapelketa bat antolatzea erabaki du.

Hori horrela eta Eibarko Udalaren eta Euskadiko eta Gipuzkoako Xake Federakuntzaren laguntzarekin, Manuel Lopezen omenezko txapelketa jokatuko da igandean, goizeko 10:30tan hasita eta egun guztian zehar Eibarko Udaletxeko patioan. Txapelketan 15 minutuko partida azkarrak jokatuko dira eta egindako jokaldi bakoitzeko 15 segundu jasoko dituzte jokalariek. Gainera, eta txapelketa guztiok gogoratzekoa izateko "Fischerren Ausazko Sistema" erabiliko da partidak jokatzeko.

Sistema hau Robert "Bobby" Fischer maisu handi estatubatuarrak asmatu zuen (Sobiet Batasuneko xakelariei Munduko Txapelketan irabazi zien lehenengo estatu-batuarra, 1972an izan zen Reykjaviken), xakearen inguruan zegoen jakintza guztia gehiegizkoa zela-eta, xakea bere iturburuetara, hau da, jokalariek sortutako artea izatera buelta zedin.

Horretarako jokalari bakoitzaren lehenengo errenkadako piezen ordena ausaz erabakitzen da zozketa baten
bidez, eta piezak ez dira egoten ohi bezala kokatuta. Horrela 960 posizio posible daude partida hasteko. Lehenengo aldia da Euskal Herrian horrelako taldekako txapelketa bat antolatzen dela, eta gutxi dira Fischerrek asmatutako modalitate honetan jokatu izan diren txapelketak. Txapelketara Euskal Herri osoko taldeak etorriko dira, eta jada 14 taldek konfirmatu dute beren partehartzea.

Txapelketa goizez eta arratsaldez jokatuko da bazkaltzeko etenaldia eginez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: