Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan

Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan

Gari Araolaza 2007/12/19 01:52
Kezka dantza taldeak ekimen interesgarria dakar aratusteetarako: koko jantzi eta baserriz-baserri emanaldia ematea. Aukeratu den eguna urtarrilak 26a da.
Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan

Baserriz-baserri erabiliko den koko-jantzia

Hona hemen beraien blogean publikatutakoa:

Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko aratusteetan

Arrateko dantzekin abiatutako bidean sakonduz, egutegiaren beste muturrean gure herriko dantza tradizioak osatzen jarraitzeko asmoa dugu. Udako dantza tradizioek beren kide simetrikoa izan ohi dute neguan, eta Arrateko dantzen neguko ordaina aratusteetan egingo ditugun koko-dantzak izango dira.

Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren 26an, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko ditu. Goizean goiz abiatuta baserri bakoitzaren aurrean dantza emanaldia egin, koko-eskea egin eta modu horretara hainbat baserri bisitatuko ditu konpartsak egun osoz. Arratsaldean Eibarko kaleetara iritsiko da koko-dantzari eta koko-marruen konpartsa, eta bertan ibiliko da aratusteek ohikoa duten jai giroan musika eta dantzarekin.

Aratuste tradizionala eta bere pertsonaia arketipikoetan oinarrituta ari gara koko-dantzak prestatzen. Eibarren plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira, bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru horretan bete-betean txertatzen direnak. Eibarko aratusteen inguruan erabili izan diren zenbait ohituretatik jaso ditugu su berria pizteko erabiliko ditugun txinpartak.