Euriak aukera berriak dakartza
Euriak bide bazterrak garbitzen ditu. Urak berarekin darama zaharra eta berria sortzeko aukera dakar. Halaxe uste du Markos Untzetak, eta "zerotik hasita eraikitzen hasteko" Zenbat euri (Hirusta Records) izenburua jarri dio bere bigarren diskoari.
"Zenbat euri bota behar du bidea garbitzeko, zenbat haize hiri zaharrak lurpean geratzeko; finean, zenbat denbora pasa behar du, berriro eraikitzen hasteko". Galdera hori erreferente modura hartuta konposatu ditu Untzetak Zenbat euri diskoaren hamahiru kantuak. Musikariaren bigarren lana Sweet Saul music estudioan grabatu zuten 2004an eta 2005ean, Saul Santolariaren ardurapean, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Egileak berak azaldu zuenez, "indarrez hasten da diskoa, animo handiz", baina gero iraganaren oroimina agertzen da. Azkenean, iragana atzean utzi eta "indarberriturik" animoz bukatzen da.
Informazio gehiago eta kantu batzuk jaisteko aukera, disketxearen webgunean, Hirusta Records