Urkulu eta Eibarko Aixola urtegiak lotzeko lanak 2006an hasiko dituzte
Gipuzkoako Diputazioak hasi ditu trazatuaren proiektua onartzeko tramiteak. Proiektuak 16.000 metro koadro lursail desjabetzea dakar. Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren eta Diputazioaren aurreikuspenen arabera, Urkuluko urtegiak Eibar hornituko du bi urte barru.
Aspalditik zetorren ideia da, baina orain hasi dituzte ura Eibarrera eramateko behar diren lanak egiteko tramiteak.
Ekainaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen proiektua onesteko jende aurreko erakusketaren iragarkia eta lanak egiteko kaltetuak izango diren lursailen zerrenda. Guztira 16.000 metro koadro inguru desjabetuko dituzte, Eibar, Elgoibar eta Soraluzen.
2006an hasi nahi dituzte lanak eta 2007rako amaitu nahi dituzte. Proiektuak 8,5 milioi euroko aurrekontua du.
Orain, Eibarko uraren %70a Aixolako urtegikoa da eta %30a Soraluzeko Sagar Errekakoa, Urkulutik datorrena.
(GoienaNet webgunean irakurrita)