Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2008 Iraila

Artxiboa Iraila 2008

Espermatozoide ezezaguna

Ugaltzeko orduan orain arte ezinbestez loturik zetozkigun hainbat egitate, gaur egun teknobiologiari esker bereiz ditzakegu. Espazioari dagokionez, obozitoak eibartar batek Eibarren jar ditzake, eramaileak haurdunaldia Kalifornian igaro eta legezko ama, umea zainduko duena, Parisen bizi. Naturak bildurik zekarrena gizakiak askatu egin du.

Baita denborari dagokionez ere. Orain isuritako semena, edo obulua, edo oraintxe sorturiko enbrioia, izoztu daiteke, gurasoak gazte direlarik, eta berrehun urte barru, gurasoak aspaldi hilik direla, ekarri daiteke bizira. Horrek, aukeraren berritasunak eta ezusteak eraginiko harriduraz gain, arazo ontologiko eta juridikoak sortzen ditu, ez baita garbi ikusten izaki horren estatusa, ez dago definiturik.

Bestalde, semen emailearen anonimotasuna orain arte zorrozki gorde izan da. Ordea, badira intseminazioz sorturiko umeak behin heldu izatera iritsi eta anonimotasun hori hausteko borrokan dabiltzanak.

Arthur Kermalvezen-ek liburu bat argitaratu berri du, autobiografikoa,  “Espermatozoide ezezagun batetik jaioa”. Hazia jarri zuena ezagutzeko eskubidea aldarrikatzen du. Gurasoengan maitasuna eta araua aurkitu ditu, gurasotasuna. Ordea, bere jatorri osoa ezagutu nahi luke, sekretismoak semen emaileari berez behar ez lukeen mamuzko garrantzia eransten baitio, absentziak gehiegizko distiraz apaintzen omen du. 

Esperientziak dio anonimotasuna desagertuz gero hazi emaileak nabarmen gutxituko liratekeela. Ez baita harritzekoa. Pentsa, duela hogei urte ospitalean fusila garbitu zenuen, diru apur bat lortu eta San Mamesera joan ahal izateko. Ahaztua zenuen. Baina orain hor datorkizu friki bat “aitatxo, aitatxo, maite zaitut!” xuxurlatuz. Gainera, bien bitartean negozioak ondo joan zaizkizu eta susmoa duzu zure masturbazioaren ondorioa ez ote datorren herentzia usainak erakarrita, anaiarreba arruntekin lehiatzera.

Markos Zapiain 2008/09/25

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak