Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Txema Garcia-Viana. Altxor barreiatua.

mzap 2005/11/19 11:54

Txema Garcia-Viana “Kartxi”ren hiru nobelak daude historiako garai zehatz batean kokaturik: “Triangelu Hautsia” Bilintxen karlistadan, lehenbizi Gipuzkoan eta mamia Venezuelan; “Balatza. Tximistaren Alaba” berriz frankoen aurkako Orreagako erasoa baino lehen; eta “Sei Lore” azkenik joan den mende bukaerako Bilbo eta Afganistan hitsetan.

Baina nobela bakoitzaren kolorea desberdina da: “Triangelu Hautsia” abenturazko kontakizun errealista samarra duzu, hegoamerikako mitoek zipriztintzen duten arren; “Balatza” ostera fantastikoa da funtsean (amaieran euskaldunak adiskidetuta erakusten ditu); eta “Sei Lore”n nobela beltzen errealismo gordina dabil batik bat.

Nobela horietan altxorra bilatzen da beti: “Triangelu hautsia”n Maria Mistel umezurtzak Martin Agirreberri medikua erabiliko du Basque pirataren altxorra aurkitu guran; Balatzak Aitorren makila du helburu; eta Julia Montilla Markos Gorriti detektibe mozkorraren bidez ahaleginduko da begien eritasunak sendatzeko erabil litekeen formula eskuratzen.

Ohikoa dirudi, protagonistaren zeregin nagusia altxorra bilatzea izateak.

Ordea, baditu Garcia-Vianak ezaugarri bere-bereak:

Aurrena, altxorra ez da bat eta bakarra, baizik sakabanatua. Halatan, altxorra aurkitzea lehenbiziko urratsa izango da soilik; gero zailena etorriko da, hots, barreiatua elkartzea: Maria Mistelek tximinoek harat-honat darabilten altxorra batu beharko du; Balatza Tximistaren Alabak aldiz Aitorren makilaren bidez eta Anabas zatitzaile maltzurraren aurka euskal leinuak beharko ditu bildu; eta azkenekoz Juliak begiak sendatzeko formula bildu nahiko du, sei loretan baitago zatitua, eta loreetako batzuk lagun traidoreek dauzkate bereganatuta.

Hurrena, altxor barreiatua batzeko oinarrizko bultzada emakume batek emango du beti, Maria Mistel, Balatza eta Julia Montillak, eta ahalegin horri alaba diren aldetik ekingo diote gainera, aitarenganako fideltasunak bultzaturik, aita hilarenganako fideltasunak Mistelek eta Montillak eta biziarenganakoak Balatzak. Balatzarengan nahastu egiten dira dena den aitarenganako fideltasuna eta bere herriarenganakoa.

Azkenki, Balatzak euskal leinu sakabanatuak bere aginte-makilapean biltzea erdiesten baldin badu, uste dut Garcia-Vianaren berezkoa “Triangelu Hautsia”k eta “Sei Lore”k dakartela: altxorrak abenturen ostean guztizko garrantzi obsesibo hura galduko du eta erdibiturik geldituko da (“Triangelu Hautsia”), edo bere dirdira liluratzailea itzali ostean baztertua eta ahantzia (“Sei Lore”), bien bitartean eta altxor bilatzearen kariaz protagonistek bestelako altxor bat aurkitu baitute, beroa, kontu korrentea gizentzen ez duen arren baduena bere xarma: amodioak bilduko ditu batetik Maria Mistel eta Martin Agerreberri, basoan zein itsasontzian Pariserat, eta bestetik Markos Gorriti eta Xaho-Xaho, ekialdeko neska irribarre zoragarrikoa, Bilboko putetxe batean.

Deleuze, hamar urte. Filosofia txoria.

mzap 2005/11/03 13:17

Ondokoak "Dialogues" liburuko testuak dira, "L'oiseau philosophie" antologian jasoak.

1-Irakurtzeko era egokia, gaur egun, liburua irakurtzea duzu disko bat entzuten den bezala, film bat edo telebistako programa bat ikusi, abesti bat jaso: liburuarenganako begirune bereziren bat eskatuko lukeen edozein jarrerak, bestelako arreta bat, igarotako garai bati dagokio, eta liburua zeharo kondenatzen du.

2-Pentsatzeak ez du eragiten indiferentzia orokorra baino. Hala ere, pentsatzea ariketa arriskutsua dela ez da gezurra.

3-Pentsatzea, beti da sorgin lerro bati jarraitzea.

4-Pentsalaria ez da azefaloa, afasikoa edo analfabetoa, baina hori dena bilakatu egiten da. Indiar bilakatzen da, ez du inoiz bukatzen indiar bilakatzen, indiar den indiarra beste zerbait bilaka dadin agian eta bere agonia erauz dezan.

5-Filosofiari jasangaitza zaio eztabaida. Badu beti beste egitekoren bat.

6-Filosofiaren historia potretaren artearekin aldera liteke. Kontua ez da antzekotasuna “lortzea”, hots, filosofoak esanikoa errepikatzea, baizik antzekotasuna “sortzea”, bereiziz eta zehaztuz aldi berean filosofoak ezarririko inmanentzia planoa eta asmatu dituen kontzeptu berriak.

7-Epaitzea, jende askoren ariketa da, eta ez da ariketa on bat, baina orobat duzu jende askok idazkeraz egiten duen erabilera. Hobe totel izatea epaile baino.

8-Ez da jakintsu izan behar, halako jakintzagai zehatza goitik behera ezagutu, baizik hau eta hura ikasi arlo oso desberdinetan.

9-Abiatzea, eskapatzea, lerro bat trazatzea da. Ihes egitea, lerro bat trazatzea da, anitz lerro, kartografia oso bat. Ez dira munduak aurkitzen ez bada ihesaldi luze hautsi baten bidez.

10-Bide batean balio duena, lerro batean balio duena, erdialdea da beti, ez hasiera ez amaiera. Beti gaude bide baten erdian, zerbaiten erdian.

11-Zalantzarik gabe, zuhaitzak aldatzen dizkigute buruan: biziaren zuhaitza, jakintzaren zuhaitza, eta abar. Jende guztiak eskatzen ditu sustraiak.

12-Gauzez pentsatzea, gauzen artean, hain zuzen errizoma egitea da, eta ez sustraia, lerroa egitea eta ez puntua.

13-Kontzeptuak soinuak bezalakoxeak dira, koloreak edo irudiak bezalakoxeak, intentsitateak dira, komeni zaizkizunak ala ez, igarotzen zaizkizunak ala ez.

14-Bada bizitzan trakeskeria bat, osasun hauskorra, osaera ahula, bizi toteltasun bat, jendearen xarmaren iturri.

15-Bilakatzea ez da inoiz imitatzea, edo eredu bati egokitzea, izan dadin zuzentasunarena edo egiarena. Ez dago abiapunturik ez helmugarik, iritsi beharreko punturik.

16-Sor ditzagun hitz apartak, baldintza batekin: erarik arruntenean erabil ditzagun, eta aipagai duten izakia existiaraz dezagun gauzarik arruntena bailitzan.

17-Xarma bizi iturria da, estiloa idazkera iturri bezalaxe.

18-Estilo bat, norberaren hizkuntzan totelka aritzera heltzea da. Ez zure hitzetan totel, baizik hizkuntzaren beraren totel.

19-Ez zara munduan, baizik munduarekin bilakatzen zara, mundua kontenplatuz bilakatzen zara. Guztia da begitazio, bilakatze. Unibertso bilakatzen zara. Animalia bilakatze, landare, molekula, zero.

20-Artea animaliarekin hasi zen apika, eremu bat hesitu eta etxe bat egin zuen animaliarekin.

21-Pentsatu eta idatzi, animalientzat egiten duzu. Animalia bilakatzen zara animalia ere beste zerbait bilaka dadin. Arratoi baten agoniak edo zekor baten hiltzeak pentsamenduan presente diraute, ez errukiagatik, baizik gizakiaren eta animaliaren arteko truke eremu bezala, non animaliarengandik zerbait igarotzen baita gizakiarengana, eta alderantziz.

22-Belarra dugu buruan, ez zuhaitz bat.

23-Filosofia bilakatzea da, ez historia; planoen bizikidetasuna da, ez sistemen segida.

24-Trazatu, asmatu, sortu, horra hirutasun filosofikoa.

25-Lan egitean, ezinbestez zaude erabat bakarrik. Ordea, arras populaturiko bakardadea da. Ez ametsez, mamuz edo proiektuz populatua, baizik topaketez.

26-Topatzea aurkitzea da, harrapatzea, lapurtzea, baina ez dago metodorik aurkitzeko, soilik prestaketa luze bat.

27-Filosofoen aurpegiek eta gorputzek gordetzen dituzte pertsonaia batzuk sarritan eite arrotz bat ematen dietenak, batik bat begiradan, besteren batek begiratuko balu bezala filosofoen begien bitartez. Gu filosofook, geure pertsonaien bidez bilakatzen gara beti beste zerbait, eta lorategi publiko edo zoo gisa berpizten gara.

28-Ez dugu gure burua gure garaiaz kanpo sentitzen, alderantziz, ez diogu uzten gure garaiarekin konpromezu lotsagarriak onartzeari.

Lotsa sentimendu horixe da filosofiaren motiborik indartsuenetarikoa. Gu ez gara biktimen erantzule, baina bai biktimen aurrean erantzule.

29-Giza eskubideek ez dute ezer esaten eskubideak dauzkan gizakiaren bizimodu inmanenteari buruz.

30-Ihesa ez da zehatz-mehatz bidaia edo mugimendua. Ihesa bertan egin daiteke, bidaia mugiezinean.

31-Ihesa eldarnio gisako bat da. Eldarniatzea ildotik irtetea da zehazki.

32-Gertakari oro da tanta laino bat.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50
Kaixo Markos, Oso sarrera interesgarria. ... Party S.A., 2026/01/05 22:35
Mila esker erantzunagatik, Joxin! Ahaztuak nitian ... Markos Zapiain, 2025/04/10 10:48
Eskertzen diat, Markos, nire aipamena, baina, ... Joxin Iturriotz, 2025/04/08 17:59