Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Max, mon amour

Max, mon amour

mzap 2007/07/09 10:58

Nagisa Oshimaren filman (1986), Peter, goi mailako diplomatiko ingeles bat, Parisen bizi da, emazte Margaretekin (Charlotte Rampling) eta semearekin.

Azken aldian ordutegi arraroa darabil Margaretek. Senarrak gezurretan harrapatu du.

Amoranteen logelan sartu eta txinpantze batekin kausituko du ohean emaztea.

Peterrek Max etxera ekartzea onartuko du, etxabere gisa, zibilizatuaren itxurak eginez. Baina Maxek ezin du bere amodioa gorde. Ezta Margaretek ere. Bisitak eta gizartea aztoratuko dituzte.

(Max elebiduna den arren -soilik pasiboa-, eta Margareten etxeko hizkuntza ingelesa, frantsesez egingo dio txinpantzeari, Victoria Abril neskameari bezala, beti ere begirunez eta goxo. Baina hegoaldekoari hegoalderaz behar zaio mintzatu. Eta anitz ingelesentzat da txinpantzea neskame espainola bezain hegoaldeko.)

Peterrek, gero eta jelostuago, emaztea galderez josiko du: nola maitemindu zineten?

(Zooan izan zen, bat-bateko bihotz zaztada, luzaro gelditu ginen elkarri begira. Orduz geroztik egunero itzultzen nintzen, Max berriz bakartu egin zen, ez zuen nahi nirekin baizik, Max malderra... Merke erosi nuen.)

Larrua jotzen duzue? Eta?

(Erantzuteko gogo handirik ez Margaretek.)

Prostituta bati ordainduko dio diplomatikoak txinpantzearekin larrua jo dezan, bere emazteak nola egingo ote duen eta zer sentituko jakiteko asmoz, baina prostituta ez izaki Maxen estilokoa. Emakume bakarreko txinpantzea duzu Max, leiala eta fidela.

Biziki maite du Margaret.

Pentsa liteke beharbada senarraren burukontrol ingeles gibela konpentsatzeko aukeratu duela Margaretek txinpantzea. Ordea, Margaretek berak zehaztuko duenez, “Maxek ere ni aukeratu ninduen.”

Maxen maitasunak gozoro asebeteko du Margaret, King Kongen ezina azkenik ekinez mamituz itxuraz.

Halako batean Margaretek ama zaintzera joan beharko du eta Max hunkigarriki goibel geldituko da maitea gabe: ez jan, apenas mugitu, harik eta Margaretek telefonoz beren abesti kuttuna kantatuko dion arte, txinpantzea osatuz.

Ezin bereizirik bizi. Senarrak Margareti Maxek etxetik derrigorrez alde egin beharko duela agintzen diolarik, emazteak “orduan ni ere joango naiz” ihardetsiko dio.

Zenbait egunez Peter urduri lehiatuko da Maxen aurka, Margaret bereganatzekotan amodioa inoiz baino ederkiago egiten ahaleginduz eta abar.

Baina gero, emaztea eta maitalea azkenik txortan ikusi ondoren (Margareten baimenaz, belauniko, ateko sarrailetik begira) Peter desorekatu eta zimino bilakatze biolento batek harrapatuko du, ingelesaren patxada topikoa zeharo gainezkatuko duena.

Edonola ere, pasadizo xelebre batzuen ostean badirudienean azkenik Margaretek Max bere sendian, senarra barne, ongi integratu duela, filma Margareten imajinazio batez amaituko da: Max hil egingo du.

Zentzu honetan, eta ziminoarekiko harremanari dagokionez, Margaretek Arantxa Iturberen antz handiagoa du Elsa Scheelenena baino. Margareten zein Iturberen mugimendua honelakoa baita: lehenbizi hurbilketa liluratua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina ondoren bereiztea, ukoa, hilketa.

Eli Laztanguren
Eli Laztanguren dio:
2008/02/16 23:23


dore2


Polydore Marasquin tximinoen uharteko zirkuan, uztaiaren-jauzia egiteko prest. Gustave Doré.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik 1957. urtean idatzitako Orangutanen Uhartea ipuina nabarmendu du Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburuan.  Tximinoen eta gizakien arteko hibridoak populaturiko uhartea irudikatu zuen Txillardegik, Tximinoen Planeta eleberria eta filma zabaldu baino urte batzuk lehenago. Halere, Orangutanen Uhartea narrazioaren aurrekaririk nabarmenenak XVIII. eta XIX. mendeko literaturan daude.


Gizakia tximinoen lurraldean egoera hori baino askoz zaharragoa da, edonola ere. H. W. Jansonen kontatzen du horren jatorria, blog honetan lehen ere aipatu dudan Apes and apes Lore in the Middle Ages and the Renaissance (1952) klasikoan. Erdi aroko Romuloren Alegiak deiturikoetan badago bat bidaiari bikote baten inguruan. Horietako bat gizon zintzoa zen, bestea, berriz, zuri hutsa. Tximinoen herrialdean daudela, tximuen erregearen aurrera eramaten dituzte. Ikusten dutena deskribatzeko eskatzen die erregeak. Zuriak diotso monarka indartsu bat eta haren kortea ikusten duela. Zintzoak, berriz, tximino koadrila penagarri bat besterik ez duela ikusten esaten du eta gogor jipoitu egiten dute.

Vulcano jainkoa Lemnos tximinoen uhartean nola babestu eta elikatu zuten kontatu zuen Bocacciok De Genealogia Deorum-en (urtea).

XVIII. mendean eta hurrengoetan sarri erabili da eskema, batez ere, garaian garaiko gizartearen egitura eta ohituren satira egiteko. Jonathan Swiftek Yahoo deituriko izakien berri ematen du Gulliverren Bidaiak liburuan. Iletsu eta higuingarritzat jotzen ditu Gulliverrek yahotarrak, nazkagarriak, batez ere, gizakiaren antza izugarria dutelako.

Gulliverren bidaietaz eginiko parodia batek gehiago sakontzen du gaian. Ludvig Baron Holbergek danimarkarrak, uharte batean barik, Lurrazpiko erresuma batean jartzen du ziminoen gizartea, Nicolai Climii Iter Subterraneum narrazioan. Martiniako erresumako tximino pinpirin eta argiak deskribatzen ditu (Frantziako Louis XV. kortearen satira, Jansonen aburuz).

Nils Klim bidaiariaren abentura hauek arrakasta handia izan zuten garaian eta antzeko lanak inspiratu zituzten.

Dore1
Marasquin harrapatu eta preso daramate, tximinoek osaturiko zubi batetik. Gustave Doré.
Horietako nabarmenena Leon Gozlan judu-frantziarrak argitaratu zuen 1856. urtean: Les émotions de Polydore Marasquin. Itsasontzia hondoratu ondoren, tximinoek populaturiko uharte batera heltzen da Marasquin merkataria. Ziminoen buruzagi izatera heltzen da, konspirazio politikoaren bitartez. Gozlan kazetaria izan zen eta bere idazkien bitartez parte hartze zuzena izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gustave Doré grabatugileak ilustrazio zoragarriak egin zituen liburuarentzat (mezu honetan jarri ditudan adibideak ez dira kalitate onekoak, baina ezin izan dut besterik aurkitu).

Gero etorri ziren Tarzan, Planet of the apes eta bestelakoak...

Non dago, orduan, Txillardegiren originaltasuna?

Gizartearen satiraz landa, gizabanakoaren egoera ontologikoa bera jartzen du Txillardegik tximinoen ispiluan. Hibridazioa da hor giltzarria. Txilardegirenean ez dago dagoeneko funtsezko diferentziarik, muga ontologikorik, gizakia eta tximinoaren artean. Horregatik Txillardegik ez ditu jainkoak, merkatariak edo bidaiariak bidaltzen tximinoen uhartera, baizik eta zientzialariak. Hauen arrazionaltasuna hausten du tximuekiko indefinizioak eta eromenera eramaten ditu horietako asko. Txillardegiren istorioa tximinoen uharte zaharra da, Kafka irakurri duen esistentzialista posmodernoak revisited.

Eli Laztanguren
Eli Laztanguren dio:
2007/10/23 14:02

babuino

Txinpantze bat maitaletzat hartu zuen emakumearen istorioa uste baino askoz zaharragoa da. Max, mon amour filman kontatu zuen hori Nagisha Oshima zuzendari japoniarrak. Marco Ferreriren Ciao Maschio filma ere aipatu izan dut nik blog honetan. Kontatzen duten istorioa ezberdina izan arren, bi filmek gai beretsua jorratzen dute: gizarte burgesaren sexu rol banaketa eta honen krisia.

Bietan, tximinoak irudikatzen du gizontasuna eta arrari loturiko sexualitatea. Ez da harrigarria, tximinoak horrekin identifikatu izan direlako antzinako Egiptotik. Babuinoen sexualitate oparoak egiptoarrengan sortu izan duen mirespena aipatu dut lehen ere.

Thot tximu-jainkoa mendebaldeko paisaia intelektualera pasa zen, Hermes Trismegistos eta Merkurio gisa (Jesu Kristo horien agerpen bat litzateke), baina ez arren sexualitatearen irudi gisa, baizik eta interpretazioaren eta erlijio misterikoen mezulari gisa.

Ekialde Hurbilean, berriz, ondo gorde zuten tximinoa eta sexu grinaren arteko lotura, H. W. Jansonek nabarmentzen duenez. Izan ere, Mila eta bat gau bildumako ipuin baten gaia hori izan zen. Errege baten alaba ninfomanoaren eta tximino baten arteko harremana kontatzen du ipuinak (356-357. gauak).

Mila eta bat gau bildumaren lehen bertsioak Kristo Ondorengo 800-900 urteen artean sortu zirela uste dute adituek. Edonola ere, horretan bilduriko ipuinetako asko hori baino askoz zaharragoak direla uste dute. Izan ere, Egipto, India zein Persiako kontakizunak biltzen ditu testuak.

Jansonen arabera, Erregearen alaba eta tximinoaren istorioaren bertsio bat XI. mendean agertu zen Europan, Peter Damianen bestiario batean. Istorio hau da Ferreriren eta Oshimaren kontakizunen ama. Mendez mende igaro da eta aro bakoitzak ukitu ezberdina eman dio, uneko kezkak islatzeko.

Europan zabaldu diren itzulpen gehienetan zentsuraturik argitaratu izan dute Mila eta bat gau. Izan ere, ipuinetako askok lotsarik gabe eta naturaltasun osoz jorratzen dituzte gai erotikoak. Horren adibide aski gordina da Erregearen alaba eta tximinoa hau.

Esaterako, (eta zuzendu nazala norbaitek, mesedez, oker banabil) ez dut istorio honen euskarazko bertsiorik aurkitu Mila eta bat gaurko itzulpenetan. Izan ere, euskaraz ez da bertsio osorik argitaratu, baizik eta ipuin aukeraketak. Aukeratzaileek bazterrean utzi dute Erregearen alaba eta tximinoa, beharbada, umeentzako ipuin bilduma gisa aurkeztu izan dutelako Mila eta bat gaua. Richard Francis Burtonek argitaratu zuen Europan zentsuratu gabeko lehen bertsioa, 1885. urtean, ingelesez. Hortik hartu dut nik testua ingelesetik halamoduz eta azkarregi, agian, euskaratzeko.

Zoofiliaz harantzago doan istorioa da, kasu honetan gizakia baita piztia.

Erregearen alaba eta tximinoa

Bazen behin Sultan baten alaba, esklabo beltz batekin maiteminduta zegoena. Esklaboak erabat txolindu zuen eta neskak sekulako grina hartu zion larru-jotzeari. Ezin zuen ordu bakar bat ere igaro horri ekin gabe eta hala esan zion bere neskameetako bati. Honek adierazi zionez, ez dago ezer babuinoa baino grinatsuagorik larrua jotzeko orduan.

Orduan, egun batean, suertatu zen bada tximino-zain bat igaro zela, tximino handi batekin, erregearen alabaren leiho saredunaren azpitik. Aurpegiko beloa altxatu zuen neskak eta tximinoari begira, keinu bat egin zion begiekin. Tximinoak sokak eta katea hautsi zituen eta printzesarengana igo zen. Ezkutatuta izan zuen honek, txoko batean, eta han bizi izan zen gau eta egun, jaten, edaten eta larrua jotzen. Printzesaren aitak izan zuen horren berri eta alaba hiltzea erabaki zuen. Orduan Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamaseigarren gaua zenean...

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, Sultanak entzun zuenean printzesa eta tximinoarena, alaba hiltzea erabaki zuela, baina emakumeak izkin egin zion. Mamelukoz jantzita, zaldi gainera igo zen, mando bat zamatu ondoren urrezko barrekin eta bestelako hamaika gauza preziaturekin. Tximinoa aldamenean hartu eta Kairora egin zuen ihes.

Hiriaren kanpoaldeko, Suezko basamortuaren ertzeko, etxeetako batean jarri zen bizitzen. Egunero haragia erosten zion gizon gazte bati, harakina bera. Baina ez zen harengana heltzen eguerdira arte eta horren aurpegi zurbil eta nahasia zuen, non harakinak bere buruari esan zion, "misterioren bat dago esklabo honen inguruan". Harakinak honela kontatu zuen ondoren gertaturikoa: "Niregana ohi bezala etorri zen batean, ezkutuan atera nintzen haren atzetik, eta lekutik lekura jarraitu nintzaion, gelditu gabe, ez baininduen ikusi. Azkenean, bere etxera heldu zen, basamortuaren ertzean, eta sartu egin zen. Zirrikitu batetik begiratu nuen, eta ikusi nuen, etxean sartu orduko, sua piztu eta haragia prestatu zuela. Zati bat jan zuen berak eta gainekoa aldamenean zuen babuino bati eman zion.

Orduan, esklabo jantziak alde batera utzi eta emakumeen apaingarririk aberatsenak jantzi zituen. Horrela jakin nuen dama bat zela. Ondoren, ardoa atera zuen eta tximinoari eman zion edateko. Gau erdiz larrua jo zion honek, hamaika aldiz, gelditu gabe, emakumeak konortea galdu arte. Orduan, tximinoak zilar harizko estalki bat bota zion gainetik eta bere txokora itzuli zen.

Orduan, babuinoak ikusi egin ninduen eta txikituko ninduen, labana azkar asko atera izan ez banu. Sabela ireki nion eta hesteak kanpora erori zitzaizkion. Zaratak dama gaztea iratzarri zuen eta izuturik eta dardarez altxatu zen. Tximinoa egoera horretan ikusi zuenean, garrasi egin zuen. Arima gorputzetik atera izan balitzaio bezalako garrasia bota zuen. Orduan, erori egin zen zorabiaturik eta bere onera itzuli zenean zera esan zidan: "Zergatik egin duzu hori? Alaren izenean, bidali nazazu haren atzetik!". Baina zintzo egin nion hitz eta larrua jotzeko orduan tximinoaren lekua hartuko nuela agindu nion, haren ezinegona uxatu nuen arte. Emaztetzat hartu nuen, baina agindutakoa betetzeko orduan huts egin nuen, motz geratu nintzen eta ez nintzen gauza izan halako langintza gogorrari aurre egiteko.

Nire egoeraren berri eman nion atso bati, arazoa konponduko zuela esan baitzidan, eta emaztearen demaseko eskaera aipatu nion. "Lapiko bat ekarri behar dizazu, ozpin birjinez beterikoa eta pellitory (?) deritzon belarren kilo-erdia", esan zidan atsoak.

Behar zuena eraman nion eta belarra lapikoan jarri zuen ozpinarekin eta dena sutan jarri zuen, ondo egosi arte. Orduan neskari larrua jotzeko eskatu zidan, eta larrua jo nion konortea galdu zuen arte. Atsoak altxatu egin zuen printzesa eta haren hankatartea lapikoaren ahoan jarri zuen. Lapikoaren lurrina aluan sartu zen eta handik zer edo zer erori zen: bi zizare ziren, bat beltza eta bestea horia. Atsoak esan zidan: "Iluna esklabo beltzaren larru-jotzearen ondorioa da, horia babuinoarena".

Bere onera itzuli zenean, nirekin bizi izan zen pozik eta alai eta ez zuen lehen bezala larrua jotzeko eskatu, Alak demaseko grina hura kendu baitzion".

Eta Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamazazpigarren gaua zenean...

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, honela jarraitu zuen harakin gazteak: "Benetan kendu zion Alak demaseko grina eta hori mirestuta, gertatu zenaren berri eman nion printzesari. Ondoren, harekin bizi izan nintzen eta hark atsoa amatzat hartu zuen". Eta istorioa kontatu zidanak esan zidanez, atsoa, gizon gaztea eta emaztea pozez eta alai bizi izan ziren, plazer ororen suntsitzailea eta gizarte guztien deuseztatzailea haiengana heldu zen arte. Aintza Betirako-bizi Denari, hiltzen ez denari eta mundu ikusgarria zein ikusezina menpean duenari! Eta horrela amaitu da beste istorio bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.