Max, mon amour
Nagisa Oshimaren filman (1986), Peter, goi mailako diplomatiko ingeles bat, Parisen bizi da, emazte Margaretekin (Charlotte Rampling) eta semearekin.
Azken aldian ordutegi arraroa darabil Margaretek. Senarrak gezurretan harrapatu du.
Amoranteen logelan sartu eta txinpantze batekin kausituko du ohean emaztea.
Peterrek Max etxera ekartzea onartuko du, etxabere gisa, zibilizatuaren itxurak eginez. Baina Maxek ezin du bere amodioa gorde. Ezta Margaretek ere. Bisitak eta gizartea aztoratuko dituzte.
(Max elebiduna den arren -soilik pasiboa-, eta Margareten etxeko hizkuntza ingelesa, frantsesez egingo dio txinpantzeari, Victoria Abril neskameari bezala, beti ere begirunez eta goxo. Baina hegoaldekoari hegoalderaz behar zaio mintzatu. Eta anitz ingelesentzat da txinpantzea neskame espainola bezain hegoaldeko.)
Peterrek, gero eta jelostuago, emaztea galderez josiko du: nola maitemindu zineten?
(Zooan izan zen, bat-bateko bihotz zaztada, luzaro gelditu ginen elkarri begira. Orduz geroztik egunero itzultzen nintzen, Max berriz bakartu egin zen, ez zuen nahi nirekin baizik, Max malderra... Merke erosi nuen.)
Larrua jotzen duzue? Eta?
(Erantzuteko gogo handirik ez Margaretek.)
Prostituta bati ordainduko dio diplomatikoak txinpantzearekin larrua jo dezan, bere emazteak nola egingo ote duen eta zer sentituko jakiteko asmoz, baina prostituta ez izaki Maxen estilokoa. Emakume bakarreko txinpantzea duzu Max, leiala eta fidela.
Biziki maite du Margaret.
Pentsa liteke beharbada senarraren burukontrol ingeles gibela konpentsatzeko aukeratu duela Margaretek txinpantzea. Ordea, Margaretek berak zehaztuko duenez, “Maxek ere ni aukeratu ninduen.”
Maxen maitasunak gozoro asebeteko du Margaret, King Kongen ezina azkenik ekinez mamituz itxuraz.
Halako batean Margaretek ama zaintzera joan beharko du eta Max hunkigarriki goibel geldituko da maitea gabe: ez jan, apenas mugitu, harik eta Margaretek telefonoz beren abesti kuttuna kantatuko dion arte, txinpantzea osatuz.
Ezin bereizirik bizi. Senarrak Margareti Maxek etxetik derrigorrez alde egin beharko duela agintzen diolarik, emazteak “orduan ni ere joango naiz” ihardetsiko dio.
Zenbait egunez Peter urduri lehiatuko da Maxen aurka, Margaret bereganatzekotan amodioa inoiz baino ederkiago egiten ahaleginduz eta abar.
Baina gero, emaztea eta maitalea azkenik txortan ikusi ondoren (Margareten baimenaz, belauniko, ateko sarrailetik begira) Peter desorekatu eta zimino bilakatze biolento batek harrapatuko du, ingelesaren patxada topikoa zeharo gainezkatuko duena.
Edonola ere, pasadizo xelebre batzuen ostean badirudienean azkenik Margaretek Max bere sendian, senarra barne, ongi integratu duela, filma Margareten imajinazio batez amaituko da: Max hil egingo du.
Zentzu honetan, eta ziminoarekiko harremanari dagokionez, Margaretek Arantxa Iturberen antz handiagoa du Elsa Scheelenena baino. Margareten zein Iturberen mugimendua honelakoa baita: lehenbizi hurbilketa liluratua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina ondoren bereiztea, ukoa, hilketa.
Polydore Marasquin tximinoen uharteko zirkuan, uztaiaren-jauzia egiteko prest. Gustave Doré.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik 1957. urtean idatzitako Orangutanen Uhartea ipuina nabarmendu du Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburuan. Tximinoen eta gizakien arteko hibridoak populaturiko uhartea irudikatu zuen Txillardegik, Tximinoen Planeta eleberria eta filma zabaldu baino urte batzuk lehenago. Halere, Orangutanen Uhartea narrazioaren aurrekaririk nabarmenenak XVIII. eta XIX. mendeko literaturan daude.
Gizakia tximinoen lurraldean
egoera hori baino askoz zaharragoa da, edonola ere. H. W. Jansonen kontatzen du horren jatorria, blog honetan lehen ere aipatu dudan Apes and apes Lore in the Middle Ages and the Renaissance (1952) klasikoan. Erdi aroko Romuloren Alegiak deiturikoetan badago bat bidaiari bikote baten inguruan. Horietako bat gizon zintzoa zen, bestea, berriz, zuri hutsa. Tximinoen herrialdean daudela, tximuen erregearen aurrera eramaten dituzte. Ikusten dutena deskribatzeko eskatzen die erregeak. Zuriak diotso monarka indartsu bat eta haren kortea ikusten duela. Zintzoak, berriz, tximino koadrila penagarri bat besterik ez duela ikusten esaten du eta gogor jipoitu egiten dute.Vulcano jainkoa Lemnos tximinoen uhartean nola babestu eta elikatu zuten kontatu zuen Bocacciok De Genealogia Deorum-en (urtea).
XVIII. mendean eta hurrengoetan sarri erabili da eskema, batez ere, garaian garaiko gizartearen egitura eta ohituren satira egiteko. Jonathan Swiftek Yahoo deituriko izakien berri ematen du Gulliverren Bidaiak liburuan. Iletsu eta higuingarritzat jotzen ditu Gulliverrek yahotarrak, nazkagarriak, batez ere, gizakiaren antza izugarria dutelako.
Gulliverren bidaietaz eginiko parodia batek gehiago sakontzen du gaian. Ludvig Baron Holbergek danimarkarrak, uharte batean barik, Lurrazpiko erresuma batean jartzen du ziminoen gizartea, Nicolai Climii Iter Subterraneum narrazioan. Martiniako erresumako tximino pinpirin eta argiak deskribatzen ditu (Frantziako Louis XV. kortearen satira, Jansonen aburuz).
Nils Klim bidaiariaren abentura hauek arrakasta handia izan zuten garaian eta antzeko lanak inspiratu zituzten.
Marasquin harrapatu eta preso daramate, tximinoek osaturiko zubi batetik. Gustave Doré.
Horietako nabarmenena Leon Gozlan judu-frantziarrak argitaratu zuen 1856. urtean: Les émotions de Polydore Marasquin. Itsasontzia hondoratu ondoren, tximinoek populaturiko uharte batera heltzen da Marasquin merkataria. Ziminoen buruzagi izatera heltzen da, konspirazio politikoaren bitartez. Gozlan kazetaria izan zen eta bere idazkien bitartez parte hartze zuzena izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gustave Doré grabatugileak ilustrazio zoragarriak egin zituen liburuarentzat (mezu honetan jarri ditudan adibideak ez dira kalitate onekoak, baina ezin izan dut besterik aurkitu).Gero etorri ziren Tarzan, Planet of the apes eta bestelakoak...
Non dago, orduan, Txillardegiren originaltasuna?
Gizartearen satiraz landa, gizabanakoaren egoera ontologikoa bera jartzen du Txillardegik tximinoen ispiluan. Hibridazioa da hor giltzarria. Txilardegirenean ez dago dagoeneko funtsezko diferentziarik, muga ontologikorik, gizakia eta tximinoaren artean. Horregatik Txillardegik ez ditu jainkoak, merkatariak edo bidaiariak bidaltzen tximinoen uhartera, baizik eta zientzialariak. Hauen arrazionaltasuna hausten du tximuekiko indefinizioak eta eromenera eramaten ditu horietako asko. Txillardegiren istorioa tximinoen uharte zaharra da, Kafka irakurri duen esistentzialista posmodernoak revisited.